Isidro Esnaola
2010ko Martxoaren 12a
Automobil elektrikoa martxan jarri zela adierazi zuten Europako Industriako ministroek, Donostian. Bertara hamabi bat prototipoak ekarri zituzten eta ezjakinoi erakutsi zizkiguten, poz-pozik, euren ahalmen teknologikoa argi gera zedin. Etorkizuna dela, klima aldaketaren aurka borrokatzeko tresna dela eta antzeko laudoriak bota zituzten.
Erakutsi zituzten prototipoen ezaugarriak ikusita, ondorio batzuk atera daitezke. Lehenengoa eta positiboena da horiekin errepideetan jarrita dituzten radarrak laster alferrik egongo direla, hartzen dituzten abiadurak ez baitira beldurgarriak. Baina, hortik aurrera, zalantzak nagusi. Demagun Nafarroara perretxiko bila joatea gustatzen zaidala. Leku aukeraketa ez da kapritxoa; izan ere, Gipuzkoan pinudiak besterik ez ditugu eta, bertan, perretxikorik batere ez. Nafarroa aldera joan behar, Ultzamara adibidez, Hernanitik 68 km-ra. 100 bat kilometro inguruko autonomia duen automobil horrekin iristeko adina bai. Bertara iritsita, mendiko bazter batean bateria kargatzeko tresnaren bat jarri beharko dute, bestela, bueltatzeko zailtasunak. Agian, inguruko herri batean utzi beharko dut kotxea, bateria kargatu ahal izateko eta mendira oinez abiatu. Ez hori bakarrik, zortzi bat ordu behar dira bateria berriz kargatzeko. Tarte horretan, mendia goitik behera mia dezaket, azken perretxiko alea bildu arte. Norbait lehenago ibili baldin bada mendi horretan, jai daukat, ezinezkoa izango dut lekuz aldatzea, bateria kargatu arte. Zain egon behar, bateria kargatu arte eta, gero, etxera bueltatu, esku-hutsik. Plan ezin hobea. Zer esanik ez eskiatzea joatea gustatzen bazaigu, gutxienez bi egun behar nonbaitera iristeko!
Jarduera ludikoetarako balio eskasa du automobil horrek. Ez gara inozoak izango; beharbada, lanera joateko pentsatu dute. Etxetik hurbil baldin badugu lantokia, arazorik ez. Baina bidea pixka bat luzatzen bada, orduan komeriak; edota goiz eta arratsaldez lan egiten badugu, lantokian gelditu behar, bateria bete arte. Eta auto-ilara batean trabatuta geratzen bagara, edo alde batetik bestera ibili behar badugu... Arazoak besterik ez. Esaten dute langileriak mugikortasun txikia duela, bada, horrelako automobilekin are eta txikiagoa. Lanpostuaren kokapena soldata eta gainontzeko baldintzak bezain garrantzitsua bihurtuko da.
Hori bai, gero etorriko dira automobil arrunten gaineko zergak, horiek kutsatu egiten dutelako. Baina gure errua al da gaur egungo hirien diseinua? Norbaitek erabaki zuen lurra espezializatzea eta, horrela, tokiak hurbildu beharrean, urruntzea. Gaur egun, edozein gauzarako, ehunka kilometro egin behar dira, diseinatzaile azkar horiei esker. Garraio publiko eskas eta gaizki koordinatuak automobila ia ezinbesteko bihurtu du gure gizartean, multinazionalen mesederako. Eta, orain, automobilak elektrikoak, ekologikoak. Bada, inork ez dit sinestaraziko 80 kiloko pertsona bat mugitzeko 900 kiloko tramankulua mugitzea ekologikoa denik. Elektrikoa izango da, baina ez ekologikoa.
Zarata horren guztiaren atzean, beste zerbait badago. Donostiako erakusketaren bueltan, Red Eléctrica Españolako enpresaburuak, Luis Atienzak, sei milioi automobilen bateriak kargatzeko ahalmena dutela esan zuen. Industriako ministroa, Miguel Sebastian, ez zen atzera gelditu eta beste milioi bat gehitu zuen, ez ziren sei, zazpi baizik. Azkenean, gauzak bere lekuan jartzeko, Iberdrolako buruak, Ignacio Sanchez Galanek, hamar milioira igo zuen kopurua. Gogotsu ikusten zaie! Alemaniako Ekonomiako ministroak Desertek proiektua bultzatuko du. Funtsean, Maroko eta Aljeriako desertuan eguzki-plakak eta haize errotak jarriz, 2050. urtean, Europak behar duen energiaren %15a lortu nahi dute. Proiektu horretan, nola ez, Deutsche Bank, Siemens, E.ON eta RWE multinazionalak daude. Zenbaki horiek guztiak ikusita, egitasmo horien atzean ez dakit ekologia egongo den, baina negozio itzela dagoela ez dago zalantzarik.




