Emakumearen Nazioarteko Eguna -

Berdintasun egoeran burua jarri, horra iristeko bidean Hauspoa aurkitzeko. Hura irudikatu, zer galtzen ari garen eta irabazteko zer dugun jakiteko. Ekonomia, kirola, hezkuntza eta politika arloak ezagUtzen dituzten emakumeengana jo dugu eta parekidetasunak horietako bakoitza nola irauliko lukeen galdetu DIEGU. Elkarrekin, batak bestearekin egin beharreko bidea irudikatu dute, pausuka pausuka abian dena, baina oraindik orain, batutako adituen esanetara, imajinatzea ere zail egiten denaAin

Maider Eizmendi, Maider Iantzi, Xole Aramendi

2010ko Martxoaren 05a

 
Ainhoa Azurmendi (kirola): «Emakumeek, oro har kirol gehiago egingo dute eta kirol kudeaketan parte hartze handiagoa izango dute»
 
Eskubaloian jokatzen du orain, baina bizitza guztia darama kirolari lotuta. Lehen eskutik ezagutu du kirol arloan emakumeek pairatzen duten diskriminazioa eta hori aztertzen eta arazoari aurre egiten egiten du lan Avento aholkularitza enpresan.
Asko dago egiteko oraindik parekidetasuna lortzeko, baina horretan jartzeko eskatu eta uste baino gutxiago kostatu zaio; irudikapen lan hori egina du, nonbait. Buruan hartu duen eredu berri horretan osotasunaz mintzo da: «Kirola gizarteko beste arlo bat da eta gizartean dauden desberdintasunak hor islatzen dira». Beraz, kirola berdintasunean ulertzeko gizartea ere hala ulertu behar dela argitu du lehenik.
Oro har, emakumeek kirol arloan duten egoera ez dela asko landu eta aztertu onartu du: «Alde batetik, feministen aldetik kirola alienazio modu gisa ikusi delako; bestetik, kirola gizonek gizonentzat sortu duten arloa izan delako, eta, beraiek kudeatu duten neurrian, beraientzat egin dute; ez dute galdetu zergatik ez dauden emakumeak bertan».

Kirolaren kudeaketa da, bere esanetan, irudikatu nahi dugun egoera berrian aldatuko litzatekeen alorretako bat: «Gizartearen erdia gara eta ez gaude proportzio berean ordezkatuta kudeaketa postuetan». Irudikatutako agertoki berrian, kirola sustatzeko politika publikoetan pertsonen, gizon eta emakumeen, beharrizanak hartuko lirateke kontuan». Gaur egun, emakumeei ez zaie ez egoteko esaten, baina, kirolaren izaera androzentrikoa medio, ez daude eta inork ez du ezer egiten egon daitezen.
Berdintasun egoera batean, kiroldegiak emakumez beteta ikustearekin ez ginatekeela konformatuko dio: «Zenbatetan entzun dugu ‘emakumeek kirola egiten dute; kiroldegiak emakumez beteta daude’». Azurmendiren esanetan, kirola egiteko modu horren atzean ezkutatzen diren ideietan ere erreparatu behar da: «Maiz helburu estetikoa du eta ez du inolako erantzukizunik suposatzen; hau da, nik kuota ordaintzen dut, baina ez banoa kiroldegira ez da ezer gertatzen».

Kirol esperientziaren bestelako balioak aipatzen ditu: «Kirola esperientzia bezala ulertu behar da, nork bere gorputza eta bere bizipena ezagutu eta landu eta ongizatea aurkitzeko modu bat bezala». Areago doa: «Kirolak ematen du nork bere gorputzarekin duen harremana garatzeko aukera eta autoestimua lantzeko modua ere bai».

Tradizioz gizonenak izan diren kiroletan emakumeen parte hartzea handiagoa izango dela uste du. Honen harira, talde kirolaren ekarpenak ere ahotan ditu: «Berdintasun egoeran emakumeek talde kirolean parte hartze handiagoa izango lukete eta horrek bizitzako beste alorretan balia daitezken esperientziak eta aberastasuna emango liekete; izan ere, talde bateko partaide sentitzea, helburu komun bat lortzeko beste pertsonekin elkarlanean aritzea, errespetua lantzea... aberasgarriak dira».
Guztientzat punta-puntako material, jantzi eta kirol instalazioak lortzerik ezean, modu orekatuan banatuko lirateke, txandaka eta ez mutil edo neska izatearen arabera. «Onartezina litzateke eredu berri horretan mutilei zaharkitutako arropak neskei ematea, horiekin joka dezaten edota mutilen partida orduaren arabera neskena zehaztea. Hau da, beti batzuei ordutegirik onenak eta besteei okerrenak ezartzea».
 
Kirola uztea
Emakumezkoek kirola uztea ere ez da hain ohikoa izango, bere ustetan: batetik, emakumeak egiten duen kirolari garrantzia emango zaiolako  –«orain emakumeen kasuan ikasketei ematen zaie lehentasuna»– eta, bestetik, neskek ere kirolaz bizi daitezkeela ikusiko dutelako. Bai, kirolari emakumezko profesionalek kirolaz bizitzeko aukera izango dute «soldata eta lan baldintza» duinekin eta «amatasuna bera araututa».

 Eredu premia horretan komunikabideen zeresana handia da: «Parekidetasun egoeran ez genuke informazioa sexuaren arabera bereiziko, kirol lorpenak izango dira albisteen garrantzia eta ordena zehaztuko dutenak». Albisteak jorratzeko modua ere desberdina izango litzateke: «Emakumeak ez lirateke inoiz objektu sexual gisa irudikatuko eta albisteen titularrak beren kirol jarduerekin lotuta egongo lirateke beti eta ez xelebrekeriekin, liskarrekin edota emozioekin», azaldu du.
 
Nekane Jurado (ekonomia): «Berdin banatuko genituzke lanak eta aberastasunak, baita ardurak ere, publikoak zein pribatuak»
 
Euskal Herriko gizarte eskubideen aldeko mugimenduko kide da, baita Herria Abian plataformakoa ere. Eskarmentu handia du herri mugimenduan eta analisi ekonomiko eta sozialak egiten ditu.

Azaldu duenez, benetako berdintasuna lortuko bagenu, ez genuke bereizketarik egingo klaseen artean, eta berdin banatuko genituzke lanak eta aberastasunak gizon eta emakumeen artean, baita ardurak ere, publikoak zein pribatuak.
Genero eta klase borrokaren bidez, eredu ideologiko patriarkalaren muina aldatuko genuke, eta familiaren inguruko teoria soziologikoak. Bizitza publikoan bezala, pribatuan ere esku hartuko genuke. Haurrak edo adineko pertsonak zaintzea ez litzateke emakumeen ardura izango, eta ikasten jarraitzeko, lanean gora egiteko eta politikan parte hartzeko aukera izango lukete.

Emakumeak ez lirateke zapalduta egongo. Ez lirateke behartuta egongo aitaren, bikotearen edo nagusien aginduak, apetak eta iradokizunak betetzera eta onartzera. Oraingo lanaldi bikoitzak ere bukatu egingo lirateke. Gaur egun, etxeko lanez gain ordaindutako lan bat egiten duten emakume asko zapaldu egiten ditu bikoteak (onurak lortzen dituelako) eta ustiatu egiten ditu bai nagusiak (lanean gainbalioa lortzen duelako) bai etxeko lanen gainbalioa irensten duen gizarteko egiturak. Ekonomia berri honetan ez litzateke mendekotasunik egongo. Ideologia, kultura, erlijio eta hezkuntza sistemek ez lukete alienatuko eta jasandakoa normala dela pentsaraziko.

Gizarte guztietan dago bizirauteko egin behar den lan bat eta horren zatirik handiena etxeko lanek osatzen dute. Gizartearentzat beharrezkoa den baina merkatuan balio ekonomikorik ez duen zeregin hori emakumeei eman diete, eta gehienek ezin diete ihes egin (elite batek soilik, funtzioak beste emakume batzuei emanez). Eta, merkatuaren interesengatik, gizarte lanaren zati bat merkatuan sartzen denean (hezkuntza, osasuna, zerbitzuak...), ez zaio merezi duen balioa ematen eta, beraz, beharrezkoa da merkatuak ordaindu baino lan gehiago egiteko prest dagoen lan esku bat. Hori ere emakumeentzat uzten da. Hala bereizten da lana gizonen eta emakumeen artean, etxean eta kanpoan, balio ekonomiko handitik txikira.

Juradoren iritziz, batzuek eta besteek ekonomian duten paper ezberdinaz gain, emakumea behartu egiten dute gizonaren azpian eta mendean egotera.
Berdintasunean, ez litzateke halakorik gertatuko. Ibilbide profesionalean buru-belarri sartzea erabakitzen duten emakumeak ez lirateke berekoi edo ama edo alaba txar sentituko, ez lukete bikote harremana arriskuan jarriko. Eta botere egituretan aktiboki parte hartu eta buru izango lirateke: elkarteetan, politikan, kulturan, sindikatuetan, enpresetan... Egoera horretara iristeko, klase eta genero harremanak uztartu behar direla deritzo, lanaren kontzeptua zabaldu eta ordaindutakoaz gain beste lan batzuk ere badirela onartu, ekonomia merkatu ekoizpena baino sistema konplexuagoa dela ulertu, produkzioa eta erreprodukzioa garapen ekonomikoan estu lotzeko.

«Zergatik ezin dute etxean lan egiten duten emakumeek Gizarte Segurantza berezi bat, prestazio berezi batzuk eskatu, aberastasuna sortzen ari badira? Zeinek pilatzen du aberastasun hori?», galdetzen du. «Sistema kapitalistarentzat, ordaindu gabeko lana oinarrizkoa da, eta ez gobernuek ez zergak ordaintzen dituztenek ez sindikatuek ez dute egoera aldatu nahi». Agertu duenez, Venezuela da etxeko langileen balioa eta eskubideak onartzeko bidea ireki duena. «Estatuak etxeko lana balio erantsia, aberastasuna eta gizartearen ongizatea sortzen duen ekintza ekonomikoa dela aitortuko du», dio Konstituzioak.

Klase gizarteari eta esplotazioari bukaera emateko, ekonomialari honen ustez ezin ditugu gure borrokatik kanpo utzi prostituzioan aritzen diren emakume, trabesti eta gizonak. Emakume etorkinak ere kontuan izan beharko genituzke. «Askotan, eurei pasatzen diete etxeko lanen ardura, ez diete ondo ordaintzen eta Gizarte Segurantzan alta eman gabe aritzen dira».

«Norbere etxean edo besterenean, nekazaritzan edo ezkutuko ekonomian, askotan emakumeen lana ez da aitortzen, eta baldintza kaskarretan aritzen dira».
Gizarteak espazio eta paper ezberdinak ematen dizkie emakume eta gizonei, eta horiek eragina dute euren aukeretan eta bizitzen dituzten esperientzietan, eta, beraz, baita osasunean ere. «Emakumeak gizonak baino gehiago bizi gara, baina ez hobeto. Euskal Herrian osasun txarragoa dute emakumeek edozein adinetan, bizi kalitate txarragoa eta arazo kroniko gehiago. Jakina, berdintasun egoeran arazo hauek guztiak ez lirateke egongo», argitu du Nekanek.

Bere ustez, emakumeak gero eta gehiago konturatzen gara gure protagonismoaz eta gero eta argiago dugu benetako boterea errealitatea ongi ezagutu eta aldatzea dela.
 
Ane Labiano eta Haizea Ramos (hezkuntza): «Bizipen prozesua izango da, nork bere ahalmenak garatuko ditu, izan neska ala mutil»
 
Hezkuntza sistema aldatu, gizartea aldatzeko eta gizartea aldatu hezkuntza aldatzeko. Ezin bata bestea gabe. Zail, ia ezinezko, egiten zaie Urtxitxa Eskolako berdintasun arloan aritzen diren Ane Labianori eta Haizea Ramosi hezkuntza parekidetasuna egoera batean irudikatzea, baina horretan jarrita, zehaztapen bat egin dute: «Irudikatzen dugun hezkuntza sistema berri hau gizarte eredu berri batean sostengatuta dago. Sistema ekonomiko eta sozialak dakartzan rol eta estereotipoak jada bestelakoak dira», azaldu dute. Egungo hezkuntza sistemari helduta, diote «sistema kapitalistan eta patriarkatuan» oinarrituta dagoela: «Botere harremanetan sustengatzen da eta bideratu egiten ditu jendartearen pausuak. Jaiotzen garenetik bideratzen gaituzte mutil edo neska izatera eta egungo hezkuntza sistemak horretan laguntzen du, horretan hezten gaitu».

Hezkuntza, eskola antolaketa... Guztiak irauli dituzte irudikapenen horretan: «Gaur egun hezkuntza sisteman ditugun ikastetxe eta eraikinak ez lirateke egongo, gelak ez lirateke hain beteta egongo, ezta haurrak egun esertzen ditugun moduan eserita egongo».

Hezkuntza sistema bera beste begi eta helburuetatik begiratzen dute: «Ikastetxeak curriculum zehatz bat bete eta haurrak uzteko toki bat izateaz haratago, heziketak bizipen prozesua izan behar du. Prozesu horretan ikasleen eta irakaslearen arteko harreman ezberdina da; azken hauen lana bakoitzak dituen gaitasunak indartzea izango da, bakoitzak duena atera eta moldatzea». Ikasleek erakutsi, irakasleek erakusteko. Hezkuntza sisteman bertan lan egiten duten agenteen hartu-emana ere beste modu batera irudikatzen dute, «botere harreman eta hierarkia ezberdina izango delako guk imajinatzen dugun gizarte parekide horretan».
 
Jolas-orduak
Gaur egun, deigarria da, esaterako, jolas-orduetan haurrek dituzten jolasteko moduetan erreparatzea. Orokorrean jolastokiaren erdian kokatuta dago futbol zelaia eta bertan mutilak dira jaun eta jabe. Ramos eta Labianori gizarte parekideko jolastokiak imajinatzeko eskatu diogu: «Seguru gaude futbol zelaia ez litzatekeela erdi-erdian kokatua egongo, baina seguruenik gizarte horretan futbola bera ere ez zen mutilen bizitzaren zentroa izango». Bestelako jolasek indar gehiago dute eredu berri honetan: «Imajinazioa landuko da gehiago, gaur egun oso mugatua baitago arlo hori; jolas indibidualak baino taldekoak gailenduko dira eta horietan bestelako baloreak landuko dira. Ez da zertan irabazle eta garailerik izan behar, bakoitzak ahal duen neurritik parte hartzea bilatuko da, garrantzitsuena hori izan dadin heziko dira haurrak». Ezinbestean egiten dute egungo egoerara jauzi eta, egungo haurren jolasteko moduaz, honakoa diote: «Orduan eta tresna eta bitarteko gehiago izan, orduan eta gutxiago ikasten dute bere kasa eta imajinazioa landuz jolasten».
Mutilak baloiarekin, neskak panpinarekin. Zaharkituta dirudien sistemaren adibide direla uste da, baina oraindik orain, jostailu dendetan atzematen den joeraren isla dira. Imajinatzen ditugu haurrak, mutilak eta neskak, inolako erreparo eta bereizketarik gabe batekin edo bestearekin jolasten? «Nork bere barrura begiratzen erakutsiko digute eredu berri horretan eta barrura begiratze horrek lagunduko digu gauzak aukeratzen, inguruari jaramonik egin gabe. Gainera, inguruko mezuak ere desberdinak izango dira», diote. Jolasak beraz, «libreki eta unearen arabera aukeratuko lirateke».

Garrantzitsutzat jo ez diren baina eredu berrian oinarrizko diren arloak ere azpimarratu dituzte eta horien artean nabarmendu dute heziketa emozionala. «Jakin behar dugu gure emozioak bideratzen, jakin behar dugu zer sentitzen dugun. Emozioei ez zaie behar adina atentziorik jarri eta horregatik guztia gatazka bilakatzen da, ez dugulako beste modu batera egiten ikasi», azaldu dute.

Gurasoen parte hartzea
Gurasoek ikastetxetan duten parte hartzearen inguruan ere hausnartu dute. Buruan eraikitzen ari diren eredu berri horretan ezinbestean izan behar omen du hartu-eman horrek handiagoa: «Ezin dute kanpo agente bat izaten jarraitu. Gero eta gehiago inplikatzen dira,  baina duten tartea txikia da eta mugatua, guraso elkarteen bidez egiten dute ia soilik». Hezkuntzaren oinarrizko arautzat dute agente guztiak inplikatuta egotea, baita gurasoak ere. «Akaso, eskoletan zuzenean parte hartu beharko dute, ikasi eta irakatsi alegia».

Parte hartze horri ematen zaion garrantzia ere handiagoa irudikatzen dute: «Lan ordutegiak zehazterakoan kontuan hartuko da, eskola ordutegia eta lan ordutegia ez lirateke zehaztuko bakoitza bere aldetik, elkar eragingo ez balute bezala. Zergatik ez, akaso urtean egun batzuk hartzeko modua izango lukete gurasoek eskolan parte hartzeko». Herria eta eskolaren arteko harremanak ere estuagoa izan beharko lukeela uste dute: «Eskolak izan behar du herriaren parte, eta herriak eskolaren parte».
Hezkuntza ez formalak pisu handiagoa izan beharko luke Labiano eta Ramosen irudiko. «Hezkuntza ez formala, aisia, ez da baloratzen, ez soilik haurren kasuan baita helduenean ere», eta hezkuntzarako oinarrizkoa da hori ere.  Hezkuntza formala eta informalak eskutik helduta egin behar dute heziketa prozesua eta horretan ikasleek, irakasleek, gurasoek, herritarrek... guztiek hartu behar dute parte. «Hala irudikatzen dugu parekidetasuna lortu eta sustengatuko duen eta parekidetasunean elikatuko den hezkuntza hori».
 
Begoña Errazti (politika): «Normaltasun osoa eta lasaitasuna irudikatzen ditut berdintasun egoeran, orain ez bezala»
 
Emakumeen promoziorako fundazio batean dabil kudeatzaile, jada ez da politikan ari, baina jarraitu bai, egiten du. Bere ustez, norabidea hartuta dago, beraz, helduko da berdintasuna. Helburu horrekin ari behar dugu. Aurrerapausoak eman behar ditugu, ez bakarrik legeetan. Enpresetan familia eta lana bateratzeko erraztasunak eman behar ditugu. Edo proiektu ekonomikoak genero ikuspuntutik egin. Jakin badakigu zer egin behar den; kontua lortzea da.
Nola funtzionatuko luke politikak berdintasun egoeran? Begoñaren iritziz, normaltasun osoz, orain ez bezala. «Azken batean, zer da berdintasuna? Emakume zein gizonek ahalmen guztiak izatea, denon ongizaterako. Berdintasunean, dena desberdina izango litzateke: lan harremanak, familia harremanak, generoen arteko ardura banaketa... Politikan ere bai, ordutegietatik hasita dena aldatuko litzateke. Garrantzitsuena ardura berarekin gizarteari ekarpena egitea da. Oreka hori lortu behar da, eskaini eta jaso; IZAN, letra handiz».
Eta agenda, zertan aldatuko litzateke? «Oraingo agendan beharrezko eztabaida asko dago: genero ikuspuntua, legedia aldatzea, emakumeen kontrako indarkeria, emakumeen eskubideak eta ordezkaritza politikoa... Agenda politikoan badira zenbait lege, zenbait proposamen, zenbait pauso horren inguruan. Horiek desagertu egingo lirateke. Nik normaltasun osoa imajinatzen dut halako egoera batean, baita lasaitasuna ere».

Aske eta aberats
Utopian gaude. Batzuentzat kontzeptu ezkorra da, ezinezkoa adierazten du. Erraztirentzat, ordea, zentzu baikorra du, utopia ez dagoena lortzea da. «Asko falta da. Mundua ez da homogeneoa, baina edozein kasutan emakumeok behartuta gaude tira egitera. Gainera, lortu ditugun aurrerapausoak onak izan dira gizarte osoarentzat, gizonentzat ere bai. Askatasun gehiago dago emakumeok ere parte hartzen dugunean, eta aberastasun gehiago sortzen da».

Politikan hori gertatzen dela gauza jakina da Erraztirentzat. Urtetan emakumezko bozeramaile bakarra izan zen, edo kartel bakarra, edo lehenengo presidentea alderdi batean. «Nik uste gauzak aurrera doazela, baina arriskua da anekdota batean edo kasu batean gelditzea. Jendea ohitu egin da emakume bat presidente ikustera, eta egunero esaten didate kalean, gauza on bat bezala. Emakume askok eta askok gelditzen naute kalean, ezezagunek, eta esaten didate: ‘Faltan botatzen zaitugu’. Gizarte bezala emakumeek politikan normaltasunez parte hartzea behar dugu. Nik sentitu dut elkartasun edo indar hori, eta polita da», adierazi  du.

Iraultza kolektiboa eta pertsonala dela nabarmendu du, bai emakumeena bai gizonena. Eta gauza askotan aurrera egin dugula iruditzen zaio. Parlamentuan sartu zenean, oroitzen da lehenengo egunetan, eztabaida batean parlamentari batek «bailar con la más fea» erran zuela. Berak, segidan, gauzak ez zirela horrela argitu zion. Urteak pasata, parlamentari horrek onartu egin zuen: «Erraztik arrazoia zuen eta ez dut berriz esan».

Gaur egun, badira arlo batzuk emakumeekin lotzen direnak: hezkuntza, kultura, gizarte gaiak... «Hori ez litzateke horrela izango berdintasun egoeran. Pertsonez hitz egingo genuke».

«Pobreziak ez luke emakume aurpegia izango, emakumeen kontrako indarkeriarik ere ez litzateke egongo. Zenbat baliabide bideratzen dira horretara? Emakumeak independenteak izango lirateke ekonomikoki eta hori ona da emakumeok benetan duintasun osoarekin bizitzeko. Gauza txar asko ez litzateke egongo».
Seguru dago berak egoera hori ez duela ikusiko, baina gizakion historian aurrerapausoak eman behar direla pentsatzen du. Ez badira ematen, ez da helduko. Eta konformatzen da tokatzen zaion edo tokatu zaion eguneroko hori posible izanda.
«Feminista izatea eguneroko ardura da: bikotearekin, familiarekin, lanean... Txip hori piztuta izan behar da. Benetako aldaketak 24 orduz, egunero, egiten dira. Ohitura, jarrera, praktika aldatuta. Etikoa da hori. Pertsonen arteko berdintasuna balore etiko gisa hartu behar dugu».

Azaldu duenez, horren guztiaren ondorioz, politika egiteko era aldatuko litzateke, eta energiak beste gauza batzuetarako erabiliko genituzke: aurrera joateko, enplegua sustatzeko, aberastasun ekonomikoa, intelektuala eta kulturala indartzeko...
Politikan hasi zenetik aldaketa batzuk egon dira: «Berdintasunaren Legea, harremanetarako erraztasunak, kontzeptu legalak, osasun aldetik ere aurrerapenak izan dira...  Zentzu orokor batean aurrera egin dugu, baina kontuz ibili behar dugu berdintasuna lortua dela sinistu gabe. Ez naiz ezkorra, baina prozesu luzea eta benetan zaila dela pentsatzen dut. Batzuk eroso daude; gehiengoak, ordea, aldaketa nahi duela iruditzen zait. Egia da gaur egun gauzak arinago doazela. Mende bat baino gehiago eman dugu sufragioa lortzeko. Gauza bat dugu alde: ez da politikoki zuzena berdintasuna ukatzea. Baina erne eta aktibo egon behar dugu egunerokoan».
Emakume izateagatik ezberdin tratatu dutela nabaritu du. Zaila da frogatzen, xehetasunak dira batzuetan, sotilak, baina hor daude. «Eztabaida batean ideia bat botatzen duzu, gero antzeko zerbait aipatzen du gizonezko batek eta jendeak ‘kontxo!’ esaten du. Emakumeok gehiago frogatu edo azterketa gehiago pasatu behar ditugula sentitu dut».

Orain legediak alderdietan gutxieneko emakume kopuru bat egotea exijitzen du, baina lehenago ere saiatu zen Begoña horretan, apustu pertsonala izan zen, eta lortu egin zuen emakumeak sartzea. «Beste ikuspuntu batzuk zabaltzen dira, eta ona da ikuspuntu horiek egotea erabakitzeko gune horietan. Askotan gauzak inertziaz egiten ditugu eta gero konturatzen gara lana beste modu batera antolatu daitekeela. Ikuspuntu horiek antolaketa aldatzen dute, onerako».
 
Ana Landa (El Salvador): «Desberdintasuna etxean hasi eta beste eremu guztietara zabaltzen da»
 
Ana Landa gasteiztarra El Salvadorren bizi da azken urteotan.  Colectiva Feminista de Mujeres elkarteko kidea Gipuzkoan izan da Mercedes Oliverarekin batera Mugen Gainetik gobernuz kanpoko erakundeak gonbidatuta. Emakumeek han bizi duten egoeraren berri eman dio GAUR8ri.

«Dolarizatutako herrialdea gara eta AEBekiko menpekotasuna sekulakoa da. Migrazioa ikaragarria da 70eko hamarkadatik. Etorkinek etxera bidaltzen duten dirua herrialdeko BPGren %16 da. Oso testuinguru zaila da. Lehenik, asko eta gutxi dutenen arteko desberdintasunak nabariak dira. Eta krisiak larritu egin du txiroen egoera. Pobrezia tasa %8 igo da azken bi urteotan. Horrek erakusten du alferrikakoak izan direla orain arte abian jarri diren politikak», kontatu du Ana Landak.

Egunerokotasunean hango biztanleek sufritzen duten zailtasun handienetakoa indarkeriarena da. «Kriminaltasun antolatua oso txertatuta dago sare sozialean eta mara-k erabiltzen ditu krimenak egiteko tresna bezala. Hilketen %4 besterik ez da judizializatzen edota zigortzen. Oso erraza da hiltzea».

Honek guztiak oso modu zuzenean baldintzatzen du pertsonen autonomia maila, bereziki emakumeena. «Rolen banaketa tradizionala oso markatuta dago. Emakumeak dira seme-alaben zainketaren eta familiaren sostengu ekonomikoaren arduradunak. Horrela dira eta, gainera, gizarteak karga hori jartzen die bizkar gainean».

El Salvadorren, gaur egun, familien %40 emakumeen kargu daude. «Horietako asko pobreak dira eta eguneroko bizitza gogorra da, nola ez. Biztanleriaren erdia inguru egunean bi dolar baino gutxiagorekin –kopuru hori jartzen da pobreziaren mugatzat– bizi da eta beste %15 dolar bat baino gutxiagorekin».

Estatistikek erakusten dute  emakumeen diru-sarrerak bere osotasunean etxeko beharretara zuzentzen direla, baina ez da gauza bera gertatzen gizonezkoen kasuan.
El Salvadorreko emakumeen eguna goizean goiz hasten da. «04.00etan jaiki, gosaldu, etxeko lanak egin, haurrak eskolarako prestatu... Enpleguren bat duena –prekarioa, gehienetan– lanera, eta ez duena bila. Azkenaldian handituz doa nekazaritzan ari diren emakumeen kopurua eta hori bistarazteko ahalegina egiten ari gara», azaldu du.

Emakumearen egoera zaila da eta oso baztertzailea. «Hau ez da inoiz Estatuarentzat arazo izan. Gaur egun, oraindik ere, emakumeon balio handiena ugalketari lotutakoa da, baita ingurukoen zainketari lotutakoa ere. Gu  etxean hasten den baina beste eremu guztietara zabaltzen den  desberdintasun egoera ikusarazten saiatzen gara», dio. 

 Landak ikusten du aurrerapausorik. «Gero eta gehiago dira gutxieneko autonomia ekonomikoa eskuratu eta ‘nahikoa da!’ esaten duten emakumeak. Aldaketarako ezinbesteko faktorea da independentzia ekonomikoa». Herrialde industrializatuei begiratuz, honakoa dio: «Euskal Herrira natorrenean estralurtarra sentitzen naiz feminista moduan. Askok uste du lortutako berdintasun maila ezin dela hobetu. Eta ez dira konturatzen zenbat emakumeren borroka dagoen atzean. Hori bai, inbidia diot jarrera matxisten aurrean hemen lortu den zigor sozial mailari. Tamalez, hortik oso urrun gaude han», dio.
 
Mercedes Olivera (Chiapas): «Herrialde aberastuetan ere  emakumeon menpekotasuna ez da desagertu»
 
Mercedes Oliverak  gertutik ezagutzen du Mexikon emakumeek bizi duten errealitatea, batez ere Chiapas estatuan. Emakumeen Eskubideen Zentroaren koordinatzailea da bertan eta Emakumeen Mugimendu Independentean parte hartzen du.
Emakume indigenekin aritzen da, euren eskubideen babesean. «Nork bere eskubideak zeintzuk diren jakitea ez da nahikoa, horiek praktikara eraman behar dira –zehaztu du–. Alegia, ez dugu emakumeekin bakarrik lan egin behar, baita gizonezkoekin eta nola ez, agintariekin ere».

Chiapas oso gune baztertua da. Erronkak ugariak dira. Nagusienak, orain arte indarrean egon den nekazal eredu ekonomikoaren desagerpenari lotutakoak. «Nekazaritzako produktuen –artoa eta indaba, esaterako– prezioak asko jaitsi dira AEBetako produktuen inportazioa dela eta. NAFTA Ipar Amerikako Merkataritza Libreko Itunak ahalbidetu du prezioen liberalizazioa. Bertako artoak ezin du kanpotik datorrenarekin lehiatu. Horrek esan nahi du familien diru-sarrerek behera egin dutela».

Egoeraren ondorio zuzena ezinbesteko proletarizazioa da, Oliveraren esanetan. «Gizonezkoak zentro turistikoetara, Tabascoko petrolio gunera edota AEBetara doaz. Migrazioa ikaragarria da. Emakumeak dira orain familia buru. «Emakumeak ez dauka nork hornituko. Kontu egizu Chiapasen oso modu tradizionalean banatu izan direla bikotekideen rolak: senarra da janaria etxera dakarrena eta emaztea haurren zaintzara eta etxeko lanetara dedikatzen da. Emakumeek etxaldeko abereak zaindu badituzte edota barazkiak azokan saldu, aktibitate hori osagarri gisa hartu izan da. Eta orain, aurreko lan guztiaz gain, soroan aritu behar dute. Baina ez dira ekoizpen handia sortzeko gai eta pobrezia handituz doa. Lurrik ez dutenen emakumeen kasuan, hirira doaz etxeko lanak egitera».

Lanaren ordainetan jasotako dirua gizonezkoena baino askoz baxuagoa izanik, emakumeen baliabideak urriak dira. «Gizonezkoen soldata eguneko 50 pesokoa da; emakumeena, aldiz, 20 pesokoa. Hemengo 0,30 zentimo lirateke. Kontuan izan behar da arto-tortilla kiloak 10 eta 15 peso artean balio dituela».

Testuinguru horretan Gobernuak martxan jarri dituen neurri asko «matxinadei aurre egiteko, kontrolerako, pentsatuta daude», ohartarazi du antropologoak.
«Oportunidades programak, adibidez, diru laguntza ematen die jaiotzen den haur bakoitzeko. Bi hiletik behin eskuratzen duten diru kopurua soldata bat baino askoz handiagoa da, Chiapasen beste gune batzuetan baino ume gehiago dituzte-eta: bost haurrekoa da batez bestekoa, gainontzeko estatuetan bi umekoa denean. Gobernuak, bere aldetik, antikontzeptiboak hartzera behartzen ditu emakume indigenak. Gogoan dut emakume batek behin esan zidana: ‘Orain Gobernuaren prostituta naiz, seme-alabei jaten emateko eurek eskua sar diezadaten utzi behar diet’. Kultura indigenan oso bortitza da Gobernuaren eskakizun hori, gorputzaren gaineko edozein interbentzio erasotzat hartzen baita».
 
Eskubideentzat hitzik ez
Hizkuntza indigenek ez dute eskubide kontzeptua adierazteko inolako hitzik. «Hori Mendebaldeko gizarteak sortu du Frantziako Iraultzaz geroztik. Eta indigenen hizkuntzak prehispanikoak dira. Ondorioz, emakume indigenei oso zail zaie eskubide kontzeptua barneratzea. Aldiz, betebehar bezala ulertzen dute. Beraz, lan handia daukagu orain arteko arauak haustea bultzatzen, mendekotasuna euren kulturaren ardatz garrantzitsua baita. Oso prozesu mantsoa da», aitortu du. XXI. mendean egon arren, emaztegaia erosteko ohitura ez da desagertu eta eta etxalde batzutan oraindik indarrean da lehen gaueko eskubidea.

Abiapuntua, Oliveraren ustez, «euren bizitzan atsegin ez dituzten gauzak ikusi eta hori hitzez adieraztea da. Lehen pausu horren atzetik egoera aldatzeko aukera ikusi behar dute ondoren».

Chiapaseko biztanleen herena da indigena. Antropologoaren ustez, aldaketa bidean emakumeek duten potentzialtasuna handia da. «Estrategia egokia aurki dezaten da gakoa. Aldaketarako bidea irekiko duen estrategia, ez gatazka eragile izango dena, horrek ez baitu lagunduko senitartekoen harremanak eraldatzen. Horretarako garrantzitsua da senarrekin negoziatzen ikastea. Eta oso zaila da gizonezkoek ez baitute aldaketarik nahi –adierazi du–. Maila indibidualaz harago, Komunitateko Asanbladen bidez sekulako kontrola egiten dute emakumeengan».

Aberastutako herrialdeen egoeraz duen iritziaz galdetuta, honakoa dio: «Emakumeen menpekotasuna ez da desagertu, agian moduak ez dira hain bortitzak eta ez dira hain murriztaileak. Kulturen eta berdintasunerantz egindako bidearen araberakoa da egoera. AEBetan, adibidez, garapen ekonomikoa oso handia da, baina erlijio kontrola erabatekoa da eta emakumeei sexu eskubideak eragozten zaizkie».