-

Iratxe Esnaola

2010ko Martxoaren 05a

25 urte pasa dira Txileko herrialdearen erdiguneak lurrikara bat jasan zuen azken alditik. Richter eskalan 8koa izan zen hura; 177 hildako, ia 3.000 zauritu eta 143.000 etxebizitza deuseztatu zituen. Duela astebetekoak Richter eskalan 8,5 bat markatu zuen eta azken 50 urteetako hondamendirik larriena gisa aipatu dute. Zenbakitan: 795 hildako, Indar Armatuetako 11.850 kide lurrikararen lurretan, 4 zubi erori dira eta 65.500 pertsona bilatzen dira Googlen (www.latercera.com).

Lurrikara guztiak ezberdinak dira beraien artean. Bai astindutako lurraldearen arabera, bai bertako baliabideen arabera, baita kanpotik laguntza eman nahi dutenen interesen arabera ere. Era berean, lurrikararen ondorioak eta horien aurrean hartzen diren neurriak, noski, ezberdinak dira garaiaren arabera. Onerako eta txarrerako, baina ez da berdina 1985ean edo 2010ean gertatzea.

Txileko kasuan, ezberdintasun teknologiko bat egon da. Googlek, Haiti-ko lurrikaran egin zuen gisan, bere enpresa izaera erreala albo batera utzi eta, bide batez, gobernuz kanpoko erakunde (GKE) baten gisako bandera astinduz, Txileko pertsonen bilaketarako webgune bat prestatu du: www.chilepersonfinder.appspot.com. Ingelesez eta gaztelaniaz dago eta, bertan dioenaren arabera, biltzen diren datu guztiak publikoak izango dira, baina Googlek ez du jasotako informazioaren egiazkotasuna bermatzen (edozeinek sar dezake edozer).

Webgune horretan bi aukera ematen ditu: pertsona bat bilatzea edo pertsona baten gaineko informazioa eskaintzea. Pertsona bat bilatzeko, bere izen-abizenak edo horien zati bat idatzi behar da. Googlek antzekotasunik duen pertsona-izenik erregistratu badu, erregistro horren datuak erakusten ditu: izena, kokapena (herria) eta egoera (desagertua edo ez). Erakusten digun erregistroak guk bilatzen dugun pertsonarekin zerikusirik ez badu, erregistro berri bat sortzeko aukera ematen digu, pertsona baten gaineko informazioa emateko bide berera eramanez.

Pertsona baten gaineko informazioa ematerakoan, izena eta abizena, kalea, herria, deskribapen bat, argazkia eta berarentzat edo berau bilatzen dutenentzat mezu bat eskatzen dizkigu. Eta era berean, ea berarekin hitz egiteko aukerarik izan dugun galdetzen digu.

Sistema honekin, orotara, 65.500 erregistro inguru sortu ditu Googlek egun gutxian. Jende askoren esperantzaren jomuga bilakatu da ziur aski. Beste askoren aukera bakarra. Eta beste batzuentzat, ezagutu ez duten eta erabiltzeko aukerarik izan ez duten bilatzaile egokitu bat izango da. Googlek ez baitu biderik herritar guztiak maila berean jartzeko, baina bai zenbait tresna eskaintzeko.

Teknologiak lagungarri izan daitezke, horretan ez dago zalantzarik. Baina teknologiek, kasu batzuetan berdintasun egoeretara eramaten gaituzten arren, beste zenbait kasutan ezberdintasunak are nabarmenagoak bilakatzen dituzte.

Internetek informazioaren eta ezagutzaren zabalkundea demokratikoagoa bilakatzen du, noski, baina Interneterako konexioa izan eta eskuragarria den eremuetan soilik. Interneterako konexiorik ez dagoen herrialdeetan edo eskuragarria ez den inguruetan, Internetek ezberdintasunak azaleratzen ditu: batzuek gero eta informazio eta ezagutza gehiago duten neurrian, beste batzuk zabalkunde horretatik kanpo geratzen dira.

Googlen pertsona-bilatzaile hau, beraz, lurrikarak astindu duen herrialdearen arabera, tresna egokiagoa edota eraginkorragoa izan daiteke, bai zenbait pertsonen inguruko informazioa jaso, bai beste batzuena emateko. Era berean, Googlen GKE izaera indartzen du, bere Erantzukizun Sozial Korporatiboari helduz. Beste batzuek hori ere ez dute egiten.