infraganti -

Musikarik gabeko egunik ezin du imaginatu. Betidanik abestu du. Etxean lehenik eta abesbatzan ondoren. Honez gain, hamabost urterako, ari zen zuzendaria izateko prestatzen. Eta konposatzaile eta editorea ere bada. Azken urteotan, interpretazioaren harra barruraino sartu zaio. On Kixoteren larruan sartuta dator orain Agerre Teatroren «Doltza» lanean.

Xole Aramendi

2010ko Martxoaren 05a

Agerre Teatroko zuzendariak, Maite Agirrek, On Kixote gorpuzteko proposamena luzatu zionean ez zen beldurtu. Horretarako ez du ia astirik izan. «Hiru aste besterik ez ditugu eduki euskarazko eta erdarazko bertsioak, biak, prestatzeko. Bertsioak ez dira, gainera, erabat berdinak, hizkuntzarekin jolasten dugu-eta. Eromena izan da, baina eromen puntu hori oso ondo datorkio pertsonaiari», azaldu du David Azurzak.

Tolosako Zerkausian aurkitu dugu, Oria ibaiari begira. «Goiko terraza hau oso polita geratu da berrikuntzen ondoren», esan du. Goiz eguzkitsuaz gozatzeko ez da toki txarra. Azkenaldian ez du tarte handirik izan herrian -Altzon bizi bada ere- paseoan ibiltzeko.

«Doltza» otsailaren 6-7an estreinatu zen. Erronka da berarentzat. Nagusia, aktore lana egitea. «Esperientziak laguntzen dizu oholtza gainean egoten baina gogorra izan da exijentzia maila ere altua delako. Noski, hala izan behar du -dio-. Opera batean, ikusleak zein kritikariak aktore moduan ondo moldatzen den kantaria ikustera doaz. Baina `Doltza' bezalako antzezlanean ikuspuntua desberdina da, eta exijentzia ere bai. Kantaria izanik, zenbait unetan abestu egiten dut, baina nire aktore lana neurtuko dute».

Ez da On Kixoteren larruan sartzen den lehen aldia. «Madrilgo Teatro Realen ganberako opera egin nuen, umeentzat», kontatu du. Pertsonaiarenganako lehen hurbilketa izan zen hura. «On Kixoteri estimua hartu diot -aitortu du-. Oso erakargarria da».

Agertoki gaineko protagonismoa ez zaio arrotza. «Segismundo'' lanean ere egin zuen. Maite Agirre ere aspalditik ezagutzen du. «El Borracho burlado» operan bakarlari aritu zen. 1993a zen. «Abesbatzetan kantari bezala ari nintzen, baina hura izan zen nire lehenengo esperientzia antzerkian. Oso gustura aritu nintzen -gogoratu du-. Deskubrimendu bat izan zen niretzat. Ordutik, gero eta gusturago sentitu izan naiz. Musikaletan, operatan, azken antzezlan honetan...», kontatu du tolosarrak.

Adrenalina

Oholtza gainera igotzeak dakarren adrenalinak «gero eta gehiago» engantxatzen duela esan du Azurzak. «Inoiz ez dut antzerkirik egin, ezta eskolan ere», aitortzearekin batera.

Asko gozatzen du lan berri honetan. «Dibertigarria da, ez da On Kixote klasikoa. Maiteren proposamena freskoa da, grazia handia dauka... Bere eromen puntua ahots kantatuaren bidez lortu nahi izan dut. Hizketan ari naiz eta bat-batean kantari hasten naiz», azaldu du.

Ikusleekin harremana estutu nahian antzokiko eserleku artera jaisten dira konpainiako aktoreak zenbait unetan. «Galdera batzuk egiten dizkiegu, adibidez», kontatu du.

«Pertsonaia baten azalean egoteak erraztu egiten dizu. Osoagoa da. Gorputz osoarekin aritzeko aukera ematen dizu: keinuak egin ditzakezu, batetik bestera mugi zaitezke... eta errazagoa da transmititzeko garaian. Beste zailtasun batzuk baditu, baina ahotsa hobeto transmititzen da. Eta publikoak eskertu egiten du. Ez da teknikoa bakarrik, nota jakin batera iristea».

Ingurukoak harrituta daude interpretazioarekiko duen zaletasunarekin. Askori beraz duen irudia aldatu zaio. «Unibertsitatean ikastaro bat emateagatik ezagutzen nautenei, adibidez. Edo konposatzaile edo abesbatza zuzendari moduan ikusi nautenei. Bat-batean mozorrotuta ikusten naute», dio David Azurzak.

Telebistak, onerako zein txarrerako, duen indarra gertutik ezagutzeko aukera izan du azkenaldian. Hodei Truk abesbatzarekin ETBko «Oh Happy Day» lehiaketan parte hartzen du.

«Hogei urte daramatzat abesbatzak zuzentzen eta asko orain konturatu dira horrek berekin dakarren lanaz. Telebista erakusleihoa da. Kaletik noa eta pertsona asko inguratzen zaizkit animoak emanez. Ezagun guztiak. Eta ezezagunak ere etorri zaizkit gasolindegi batean. Nik telebistarik ez dut ikusten, saio hauxe bakarrik, ikusi behar dudalako. Eta indar handia du. Estatu osoan ematen ditut ikastaroak eta askotan kanpoan baloratuagoa zara etxean baino. Orain hedabideetatik ere deika hasi zaizkit».

Beraren esanetan, lan egiteko orduan «formatua desberdina da, ez da agertokia, eta kamera artean zaude, baina jarrera bertsuarekin joan behar duzu. Kontua ez da lotsa galtzea bakarrik, disfrutatzea da gakoa. Ikasi egiten duzu».

David Azurzaren estilo «minimalista» nabaria da tolosarren ikuskizunetan. «Saiatzen naiz taldekideok keinuak eta mugimenduak lan ditzagun. Gutxieneko elementu batzuekin lor dezakezu bilatzen duzuna, mekanismoa ezagutzen baduzu. Zer transmititu nahi duzun baldin badakizu eta zerk funtzionatzen duen ere bai, era sinplean egiteko gai zara».

Abesbatzen Federazioan badute kezkarik saioa dela-eta. «Errepertorioa zabaltzea, eta dantza edota antzerkia egitea ez da inoren kalterako, kaltegarria izan daitekeena da lan txarra egin eta ikusleei hori abesbatza ona dela sinestaraztea. Arrisku hori dago -azaldu du-. Moldaketak ondo egitea, ahots teknika egoki lantzea (kohesioa, enpastea), finean, lana txukuna izatea beharrezkoa da abesbatzan».

Herritarrak, adituak

Gipuzkoako eta Euskal Herriko Federazioetako zuzendaritza taldeetan ari da lanean. Gertutik ezagutzen du euskal abesbatzen egoera. «Asko berritzen ari da, gazte ugari gerturatu direlako». Bereziki Gipuzkoan dagoen maila nabarmentzen du. «Altuagoa da umeena, gazteena eta helduena orokorrean kontuan hartuta», dio.

Tolosako Abesbatzen Lehiaketa gertutik ezagutzen du eta duda izpirik gabe dio «Europa mailan oso gutxi direla maila berekoak. Bai musika arloari dagokionez, bai antolakuntzari begiratzen badiogu ere. Kantariak desiratzen etortzen dira eta zaleak ere badira urtero-urtero estatu osotik datozenak. Garrantzitsua da non zauden jakitea. Tolosako lehiaketa munduan edo Europan abesbatzek duten mailaren isla da».

Beti esan ohi da tolosarrak oso adituak direla abesbatzen kontuetan. Egia ote? «Bai, halaxe da. Oso ona delakoan abesbatza bat ekarri eta gertatu izan da musika arloan ari ez direnek ere `hau baino hobeak entzun ditugu' esatea. Hori orain gutxi gertatu da, Frantziako Los Chicos del Cororekin», esan du.

Azurzak gaztetxoa zenetik bizi izan du abesbatzako giroa. Hamalau urte zituela hasi zen Hodeiertz abesbatzan kantuan, Enrique anaiarekin batera. «Proiektu berria zen, eta berrogei lagun inguru elkartu ginen, guztiok, zuzendaria barne, adin berekoak».

Oso urte onak izan ziren. «Lan asko egiten genuen, baina gozatu ere bai, batez ere bidaietan», azaldu du. Duela hiruzpalau urtera arte lotura estua izan du abesbatzarekin. Enrique anaia da zuzendaria azken urteotan.

Davidek ere probatu nahi izan zuen zuzendari izatearen esperientzia. «15. urtebetetzeko eguna zuzendaritza ikastaroa egiten ospatu nuen». 18 urte ingururekin hasi zen Hodeiertz Txiki abesbatza zuzentzen.

Ondoren, Donostian hasi zituen tenore ikasketak baina, ezinbestean, Madrilen jarraitu zituen. «Kontratenor ikasketak egiteko aukerarik ez zidaten eman garai hartan Musika Kontserbatorioko arduradunak zirenek. Oso gauza arraroa omen zen hori -gogoratu du-. Borrokan ez nuen denborarik galdu nahi izan eta Madrilera joan nintzen. Han ez nuen batere arazorik izan. Hemen, modu librean ikasi, eta azterketak egitera joaten nintzen».

KEA, Capilla Peñaflorida, Conductus Ensemble eta Antiphonarium talde profesionaletako partaide da gaur egun. «Proiektuen arabera funtzionatzen dugu. Programa jakin bat prestatzen dugu kontzertu sorta bat eskaintzeko. Era horretan, talde hauek guztiak, eta hauez gain abesbatza zuzendaritza, ikastaroak, konposatzaile eta musika editore lana uztartzeko aukera ematen dit», adierazi du.

Musika bizibide izatea lortu du. «Argi dago diruagatik ez zarela musikaren munduan sartzen. Lan asko hartu behar dituzu, askotan gutxi kobratuta. Agendan dauzkazun hutsuneak bata edo bestearekin betetzen dituzu».

Enrique anaiarekin egin du musika ibilbidearen zati handia. «Hodeiertz umeen abesbatzarekin hasi ginen eta urte hauetan guztietan elkarrekin aritu gara partiturak bilatu, bidaiak antolatu... KEA taldean ere biok gaude», kontatu du.

Urtebeteren aldea dute. David gazteagoa da. Zazpi anai-arreba dira, «bera laugarrena eta ni bosgarrena», dio.

Etxean musika asko entzun izan dute. «Gurasoak zaleak dira. Sentsibilitatea eta gustua ematen dizu, entzumena garatzen duzu. Nik etxean betidanik kantatu izan dut».

Lau semeren aita da David bera. «17 urte ditu zaharrenak, eta 6 txikienak. Musika gozatzeko da eta inoiz ez diet esan tresna hau edo bestea ikasteko. Behartuz ez duzu ezer lortuko. Musikari izan nahi badute, ondo, baina ez nau arduratzen. Ez ditut bultzatzen. Musikarekin ez bada beste zerbaitekin disfrutatuko dute», esan du.