Hondamendi naturalak -

Arkaitz Zubiaga

2010ko Martxoaren 05a

Hasi berri dugun 2010. urte hau zoritxarrekoa suertatu da hondamen naturalei dagokionean. Hasteko, urtarrilaren 22an Richter eskalan zazpi graduko lurrikara bortitz batek astindu zuen Haiti, Ameriketako herrialderik txiroena. Bertako gobernuak berak azkenez adierazi duenez, 200.000 pertsonatik gora hil dira, eta, horrez gain, 300.000 zauritu inguru izan dira. Bestalde, pasa berri den otsailaren 27an Txileko Concepcion hiritik gertu izan zen 8,8 graduko lurrikarak 700 hildakotik gora utzi ditu. Horrelakoetan, kalteak ahal bezain beste murriztu ahal izateko eta ahal den neurrian normaltasunera lehenbailehen itzuli ahal izateko, laguntza handia behar izaten da, are gehiago baliabideak urriak diren zonaldeetan.

Laguntza hau berehalakoa eta eraginkorra izatera bidean, ordea, erabilgarritasun handia erakutsi dute tresna teknologikoek eta, bereziki, sare sozialek. 2010. urtearen hasieran jasandako lurrikara hauen aurrean zeresan handia eman dute gainera, jarraian aipatuko ditudan adibideen bitartez, besteak beste.

Informazio igorleak

Sare sozialek informazioa berehala hedatzeko duten gaitasuna harritzekoa da. Izan ere, lehenagoko artikulu batean aipatu nuen legez, gertakizuna ematen den lekutik bertatik informazioa zabaldu ahal izateko erraztasuna eskaintzen dute, kasu askotan profesionalen komunikabideei ere aurre hartuz. Haitiko lurrikararen zein Txilekoaren kasuan, informazio, argazki zein bideoen zabalkundea berehalakoa izan zen, Twitter sarearen bitartez, besteak beste. CNNk urtarrilaren 13an webgunearen bitartez argitu zuenez, Haitira bidaiatzeak suposatzen zuen segurtasun ezaren eta zonalde batzuetara iristeko zailtasunen ondorioz, Twitter eta beste sare sozial batzuen bidez iristen zitzaien informazioari esker ari ziren jarraipen zehatza egiten. Ondorioz, barkamena ere eskatzen zuten informazioaren egiazkotasuna %100ean frogatzeko bermerik ez zutelako. Eta bertan zeudenen iruzkinak ere batu zituzten: «Gorpuak errepidean uzten ari dira, lagunak zein senitartekoak identifikatzera etor daitezen», «euria datorkigu gainera, laguntza behar dugu!», «telefonia tarteka ari da funtzionatzen hemen; ezin izan dut familiaren berri izan, ordea»... Horiek eta gehiago daude ikusgai honako helbide honetan: www.cnn.com/2010/TECH/01/13/haiti.social.media/index.html.

Informazioa zabaltzeaz gainera, donazioak egin ahal izateko aukera ugari ere ireki ziren. Alde batetik, Facebook-eko taldeak, laguntzeko asmoa duen jendea batzeko, ideiak eta laguntza bide posibleak elkartrukatzeko, eta laguntza martxan jartzeko. Eta, bestalde, gobernuz kanpoko erakundeek dirua jasotzeko irekitako kontuak zabaltzen ere aritu zen asko eta asko. AEBetan, esaterako, 10 dolarreko laguntza emateko mezu laburra bidaltzeko eskatu zuen Gurutze Gorriak. Mezu hori gairik aipatuenen artean agertu zuen Twitterrek epe luze batez. Mezuaren zabalkundeari esker, 5 milioi dolar baino gehiago batu ahal izan ziren.

Eta beste askok ere Internet eta sare sozialak baliatu zituen laguntza eskatzeko. Bill Clinton, AEBetako presidente ohiak, bideo-mezua igo zuen Facebook-era, laguntzeko modu ezberdinak azalduz, erraztu asmoz. Eta gobernuz kanpoko erakunde askok Youtube-ra bideoak igo zituen, beraien webguneetan sare sozialetako informazio eguneratua txertatu zuten, eta beraien mezua lau haizetara erraz asko zabaldu zuten.

Komunikaziorako tresna

Kanpotik jarraipena egiten ari ginenontzako teknologia oso baliagarria suertatu bazen ere, bertan zeudenentzako ere lagungarria izan liteke, komunikazioa erraztuz. Horrelako hondamen baten ondoren, onik atera direnek kezka nagusi bat izaten dute lehen unetik bertatik: lagun eta senideak ondo dauden jakitea. Horretarako, aukera duenak behintzat, sare sozialen bitartez bere kontaktuei jakinarazten die ondo dagoela, lagunak lasaituz. Egia da askok eta askok ez duela horretarako aukera izango, ez duelako gainean sakelako telefono zein ordenagailurik izango, baina CNNren adibidean ikus daitekeenez, baziren informazioa zabaldu zein komunikatzeko saiakerak egiten ari zirenak ere. Eta, batez ere, kanpotik laguntzera doazenek, tresna hauek eraman beharko lituzkete informazioa hedatu ahal izateko.

Estandar proposamenak

Sare sozialen bitartez egiten diren eskaera hauek indartu, eta sistema automatikoen bidezko tratamendua ahalbidetzeko, badira estandarrak erabiltzeko proposamenak ere.

Haitiko lurrikararen kasuan, adibidez, Coloradoko Unibertsitateak landutako EPIC proiektuaren bitartez, larrialdietan dagoen jendea informazioaren hedapenaren bitartez laguntzeko egitasmoa jarri zuten abian (http://epic.cs.colorado.edu/helping_haiti_tweak_the_twe.html). Egitasmo honen helburua Twitter bidez zabaltzen den laguntza-eskaera orok sintaxi jakin bat izatea da. Ondorioz, formatu jakin bat duen mezu hori makinen bidez tratatu ahal izango da, eta nahi bezala prozesatu.

Honakoa erakusten dute ohiko adibide gisa: «Altagrace Pierre needs help at Delmas 14 House no. 14». Hau da: «Altagrace Pierrek laguntza behar du Delmas kaleko 14. zenbakidun etxean».

Proposatutako estandarra errespetatuz, mezuak honako itxura hau izango luke, ordea: «#haiti #name Altagrace Pierre #need help #loc Delmas 14 House no. 14». Hau da: «#haiti #izena Altagrace Pierre #behar laguntza #non Delmas 14 House no. 14».

Azken mezu hori aplikazio batek automatikoki irakurri ahal izango luke, eta ondorioz, beste gune batzuetan hedatu, behar den pertsonari zuzendu, edo sistema lagungarriak sortu. Demagun beste pertsona batek, mezu baten bitartez, Delmas kaleko beste punturen batean laguntzeko moduan dagoela adierazten duela. Sistema automatiko baten bitartez Altagrace Pierren mezua iritsiko litzaioke, eta berehala gerturatu ahal izango litzateke laguntzera. Horrez gain, laguntza eskean zein eskaintzen ari den ororen datuak batuz, mapa erabilgarria sor liteke, pertsona ezberdinen kokapenen eta beharren xehetasunak azalduz.

Egia esan, zaila iruditzen zait teknologia ezagutza handirik ez duenari, eta dagoen egoeran, mezua formatu jakin batean idatz dezala eskatzea, baina, ez al lukete prozesu hori guztia erraztuko lukeen tresna sortu beharko? Formulario baten bitartez, izena, kokapena eta duen laguntza beharra adierazi, besteei jakinarazteko.

Txileko lurrikararen ondoren Googlek tresna bat ipini du martxan; Google Person Finder (http://chilepersonfinder.appspot.com/). Bi atal nabarmentzen dira bertan: «Norbaiten bila ari naiz» eta «Norbaiten inguruko informazioa daukat». Deskribapenek argi eta garbi azaltzen dutenez, kaltetutako pertsonen egoeraren berri eman, eta beraien inguruko informazioa jaso daiteke. Espero dezagun beraientzako baliagarri izatea.

Argi dagoena da teknologiaren eta sare sozialen erabilpenaren bitartez, aurrerapen handiak lor daitezkeela kaltetutako pertsonen mesedetan. Hala eta guztiz ere, horrelakoetarako tresna estandar bat sortzeak laguntza areagotuko lukeela uste dut. Iritsiko ote? Teknologia beti alboan izateak badu abantaila, batzuetan behintzat.