Etorkinen seme-alaben eskolatzeak erronka berriak ekarri ditu hezkuntza mundura. Barquinek garbi dauka gakoa fenomenoari begiratzeko moduan dagoela; arazoa ikusi beharrean altxorra ikusten ikasi behar da
Amagoia Mujika
2010ko Martxoaren 05a
Urte gutxitan eskolan aldaketa garrantzitsuak izan dira. Horietako bat, etorkinen seme-alaben eskolatzea izan da. Horregatik, eskola ez delako lehengo berbera, lehengo lan egiteko moduak berpentsatu egin behar dira. Hausnarketa hau ez da atzo goizekoa hezkuntza komunitatearen baitan eta Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultatea (Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea) aitzindaria izan da Kultura Arteko Hezkuntza lantzen. Hartara, badira zazpi-zortzi urte Psikopedagogiako eta Irakasle Eskolako ikasleei ikasgai hori eskaintzen zaiela Eskoriatzako fakultatean. Izan ere, ezinbestekoa da etorkizuneko irakasleek kolore anitzeko ikasgelatan lan egiten jakin dezaten. Ondo garbi dauka hori Amelia Barquinek, HUHEZIko irakasleak. Fakultatetik kanpo eta Hik Hasiren eskutik “Etorkinen alaba-semeak eskolan” ikastaroa eman berri du Donostian.
Kultura Arteko Hezkuntza ezinbesteko ikasgaia da gaur egun, ezta?
Pentsa, duela hamar urte eskoletan etorkinen kopurua ez zen %1era heltzen. Eta denbora gutxian, bederatzi-hamar urtean, EAEn %7 izatera pasatu dira. Eta Nafarroan, %11 inguru izango dira. Epe laburrean asko garatu den fenomenoa izan da eta hemen dauden gazteek ikasketak amaitzerakoan aurkituko duten eskola ezagutzen zutenaren desberdina izango da, etorkinen seme-alaben kopurua esanguratsua izango delako. Noski, ez eskola guztietan, banaketa nahiko desorekatua delako. Baina fenomeno moduan, etorkizuneko irakasleek hori kudeatzen ikasi behar dute.
Zertan da berria egoera?
Etorkinen seme-alaben eskolatzearekin aniztasuna areagotu egin da. Eta ez bakarrik kulturala, beste aniztasun batzuk ere etorri dira. Zortzi urteko haur bat lehen aldiz eskolatzea; hamalau urteko bat euskaraz eta gaztelaniaz jakin gabe eskolatzea; eskola ohitura eta kultura desberdinak dituzten haurrak gure hezkuntza sisteman txertatzea... hori guztia berria da guretzat eta barne-aniztasuna areagotzea dakar. Eta eskolek eta irakasleek hori guztia kudeatu behar dute eta beharrezkoa da hausnarketa eta prestakuntza.
Baina guztia ezingo da ba irakasleen borondate onaren mendean utzi.
Garai hori pasatzen ari dela uste dut. Hasiera batean ikasle etorkina zegokion irakaslearena zenaren inpresioa zegoen. `Zuri egokitu zaizu eta kudeatu ahal duzun bezala, datorren urtean beste baten eskuetara pasatuko da-eta'. Zorionez, garai hori pasatu da eta konturatu gara paradigma eskola inklusiboarena dela. Ikasle guztiak denonak dira, eta eskola, ikasle guztiena. Horregatik, ikasle bakoitzari erantzun ahalik eta onenak emateko moduan antolatu behar dira gauzak. Harrera protokoloak ia eskola guztietan daude, badaude hainbat baliabide etorri berriei hizkuntza irakasteko...jakintza hori garatu da.
Lehen pausoak eman dira, beraz. Baina, aurrera begira izango da egitekorik.
Administrazioak erronka batzuk dauzka, eta ez dira txikiak. Horietako bat da etorkinen eskolatzean oreka topatzea. Duela gutxi argitaratu da Euskal Autonomia Erkidegoko Eskola Kontseiluaren azken txostena eta oso esanguratsua da. Erkidegoan etorkinen eskolatzea zein den aztertzen da bertan eta garbi ikusten da desoreka handia dagoela, bai ereduen artean, bai sareen artean. Badakigu etorkinen seme-alabak eskola batzuetan pilatzen direla eta beste batzuetan oso gutxi daudela. `Ghetto'ez eta `santutegi'ez hitz egiten da gizartean, eta ez dira hitz politak. Horrek ezin du horrela izan, eskola guztiek egin behar diote aurre gai honekin daukaten erantzukizunari. Esaten da haur guztiek mundu kulturaniztun batean bizitzeko gaitasuna garatu behar dutela eta horretarako elkarrekin bizi behar dute ikasgeletan. Administrazioak behingoz dagokion ardura hartu behar du desoreka handi horiek desagertzen joan daitezen.
«Ghettoak» eta etorkinik gabeko eskolak, biak dira txarrak, ezta?
Dudarik gabe. Etorkinik gabeko eskola batean hezitako haurrak nekez garatuko ditu gizarte kulturaniztun batean bizitzeko gaitasunak. Beste jatorri bateko lagun bat izateak berak hainbat estereotipo eta aurreiritzi ezabatzen laguntzen digu. Nire umeak Marokotik etorritako laguntxo bat badauka, nola pentsatuko du islama kaltegarria dela edo marokoarrak arriskutsuak direla? Esperientziak berak beste gauza bat esango dio. Gela partekatzea oso ona da denentzat, bai bertakoentzat, bai kanpotik etorritakoentzat. Etorkinen seme-alabak geletan batzea oso kaltegarria da eta moralki ere ez da oso defendagarria, ezta? Normalena da jokaera horiekin etorkinek pentsatzea bertakoek ez dutela beraiekin egon nahi eta horrek ondorioak dauzka. Betiko banaketak eta mesfidantzak eskolan erreproduzitzea oso arriskutsua da. Gakoa da etorkizunean zein gizarte mota nahi dugun, eta hori lortzeko, zer inbertitzeko prest gauden.
Hala ere, kulturaniztasunaren inguruko diskurtsoa askotan ez al da erromantikoegia?
Kulturaniztasuna oso aberatsa eta polita da. Hori egia da, baldin eta horretarako baldintzak ematen badira. Eta aniztasuna kudeatzeko baliabideak behar dira. Betiko baliabide berdinekin egoera berriak kudeatzea ez da beti posible, inbertitzea beharrezkoa da. Eta horren gainean hitz egin beharra dago: zer lan egin behar da eskoletan etorri berriekin? Horrek ahalegin handia eskatzen du, hasieran batez ere, eta horretarako baliabide gehiago behar dira. Zailtasunak daude eta onartu egin behar dira. Eskola batzuetan aniztasun hau altxor modura ulertzen eta erabiltzen da. Eta bertako haurrek, bizikidetzari esker, oso gauza garrantzitsuak ikasten dituzte, beste batzuek sekula ikasiko ez dituztenak. Baina, aldi berean, argi izan behar dugu etorkinen seme-alaben eskolatzeak aparteko ahalegin bat eskatzen duela eta horri buruz gutxi hitz egin behar da. Eta horretaz ez bada hitz egiten, zertaz hitz egingo dugu?
Zein dira zailtasun ohikoenak?
Askotan eskolatzea berantiarra izaten da; zortzi urte baino gehiagoko umeen eskolatze kopurua igo egin da. Gainera, ume gehiago heltzen dira ikasturtea hasita dagoela. Horrez gain, etorkinen seme-alaben mugikortasuna handiagoa da oro har. Ez da arraroa ikasturtea bukatu gabe eskola utzi eta beste batean matrikulatzea, familia osoa beste auzo batera edo beste herri batera joan delako, adibidez. Haur horiek, bestalde, hezkuntza premia bereziak izaten dituzte eta gerta daiteke dolu fase bat pasatzen egotea. `Akulturazio estresa' esaten zaio horri eta beste herri batera doan pertsonaren sufrimendua adierazteko erabiltzen da. Oso ulergarria da migrazioak ume bati ekartzen dion ondoeza, dena atzean utzi eta ezagutzen ez duen gizarte batera etorri behar izan duelako. Gainera, askotan hemen bizi dituzten baldintzak ez dira onenak. Eta eskolako hizkuntza ez jakitea ere traba handia da; batzuetan hizkuntza bat ez dakite eta besteetan eskolako bi hizkuntzak zaizkie ezezagunak. Egoera horiek guztiak kudeatzeko baliabideak behar dira.
Hizkuntza ereduen aukeraketari dagokionez, bertakoek baztertzen dituzten ereduetara jotzen dute etorkinek.
Faktore asko daude horren atzean, ez da berdina bi urterekin edo hamabost urterekin etortzea; ez da gauza bera Zegamara etortzea edo Gasteizera; edo Kolonbiatik edo Aljeriatik etortzea. Faktore horiek guztiak hartu behar dira kontuan. Baina askok, hona etortzen direnean, ez dakite hemen, gaztelaniaz gain, beste hizkuntza bat ere hitz egiten dela, eta agian berehala eskolatu behar dituzte umeak. Eta oso garrantzitsua da zer informazio jasotzen duten eta nondik. Administrazioak lan handiagoa egin behar du arlo horretan. Familia horrek norekin hitz egiten duen -jatorri bereko beste familia bat edota administrazioko langile bat adibidez-, horren arabera eredu bat edo bestea aukeratuko du. Oraindik aztertzeke dago zein bidetatik edota zein eragileren eskutik heltzen diren etorkinen seme-alabak eskolara. Eta etorkinek derrigor jakin behar dute bertakoek zein eredu aukeratzen dituzten. Zure ume txikia A ereduan matrikulatuko duzu hemengo jendeak ez baldin badu hori egiten? Hori guztia azaldu behar zaio etorkinari eta hori Administrazioaren lana da.
Askok etorkinei leporatzen diete euskararen biziraupena kolokan jartzea.
Kezka hori detektatu dugu eta une honetan, euskara ez dago kinka larrian etorkinengatik. Euskara ikasteko arrazoiak eman behar zaizkie, beharra sortu. Bertako askok euskara lan arrazoiengatik ikasten dute; beste askok arrazoi ideologikoengatik eta beste batzuk komunikazioagatik, bizi diren ingurunean beharrezkoa zaielako. Baina, lan arrazoiak ez dira etorkinenak, ez direlako Administrazioan sartzen, eta beren euskararen ezagutza ez delako, beraz, puntutan neurtzen. Ideologikoa? Ulertu behar dugu etorri berrien artean hori ez dela lehentasun bat. Bertako askorentzat altxorra da euskara, baina haientzat altxor bihur dadin, denbora eta beste gauza asko beharko dira.
Eskolan gatazka berriak sortu dira.
Eskola beti izan da eremu gatazkatsua eta gatazkari ez diogu beldurrik izan behar. Pertsona desberdinak biltzen diren gizarte lekuetan halabeharrez sortzen dira gatazkak. Gatazkaren kudeaketa da ikasi behar duguna eta eskola toki aproposa da horretan trebatzeko. Aniztasuna badago eskolan eta bertan ikasten badugu sortzen diren gatazkak kudeatzen, primeran. Baina aniztasuna ez da bat-batean etorri etorkinekin, aniztasuna betidanik egon da; genero desberdinak daude, ikasleak desberdinak dira beren interesetan, gaitasunetan, maila sozioekonomikoan... eta horrek guztiak talkak, gatazkak eta desadostasunak sortzen ditu eta horiek bideratzen ikasi behar dugu. Eta hala egin izan da beti. Badira etorkinekin sortu diren gatazka berriak, neska musulmanen buruko zapiarena, esaterako. Baina hori gizartean dagoen gai bat da, eta orduan, zergatik ez da egongo eskolan? Eskolan egoki kudeatzen asmatuz gero, gizartearentzat onuragarria izango da.
Etorkinen inguruan estereotiporik ez da falta.
Bertakoei dena barkatzen diegu eta etorkinak lupaz begiratzen dira; matxismoa, delinkuentzia, gizarte laguntzekin gehiegikeriak... estereotipo asko daude eta askoz zorrotzagoak gara etorkinekin bertakoekin baino. Badirudi gehiago kezkatzen gaituela etorkinek euskararekiko duten atxikimendu eskasa betiko bizilagunak euskaraz ez jakitea baino. Estereotipoekin eta uste sakonekin lan egiten dugu hemen fakultatean. Oso zabalduta dagoen batek kezkatzen gaitu bereziki: lehentasuna bertakoei. Muturreko jarrera bat, da baina oso hedatuta dago. Eta ze euskarri moral dauka horrek? Batere ez, baina hor dago.
Akatsa fenomenoari begiratzeko moduan egon daiteke, ezta?
Bai, txipa aldatu beharra dago eta etorkinen seme-alaben eskolatzea altxor modura ikusi behar da, eta ez arazo modura. Eskolan esperientziak, ohitura desberdinak, ikuspegi desberdinak biltzen dira eta hori oso onuragarria da. Altxor modura hartzen baldin bada, ume guztiek gehiago ikasiko dute geografian, musikan, hizkuntzetan... aukera gehiago izango dituzte, gelakideak beraiek ikasteko baliabideak baitira. Baina horretarako altxor modura ikusi behar da aniztasuna, baliabide modura. Gerta daiteke aniztasuna presente egotea, baina ez estimatzea eta ez erabiltzea. Gure ikuspuntua kudeatu eta diseinatu behar dugu. Errealitate berberaren aurrean hainbat ikuspuntu izan ditzakegu eta aukeratzen dugunaren arabera altxorra edo zigorra izango dugu. Nik uste bata bestea baino askoz hobea dela, eta gainera bata hezitzailea da, eta bestea ez.
Irakasleen ikuspegia ere garrantzitsua da, ezta?
Noski. Hau da daukagun ikasleria eta irakasleon lana uneoro daukagun ikasleriari erantzun egokiak ematea da. Eta ikasleria hori aldakorra da, ez bakarrik etorkinen seme-alabak eskolatu direlako, bertako ikasleak ere aldatzen ari dira etengabe. Eta guk ikasle horiei erantzuna emateko egokitu behar dugu.
Gainera, eskolan marraztu behar da etorkizuneko gizartea.
Eskola gune pribilegiatua da harremanetarako eta aniztasuna kudeatzeko. Eta eskolan ez bada gertatzen, batzuek ez dute aukerarik izango aniztasuna positiboki bizitzeko. Gainera, eskolan jatorri desberdineko gurasoak elkartzen bagara, hitz batzuk trukatuko ditugu, auzoan elkar agurtuko dugu, batak bestearen haurra etxera gonbidatuko du er... kohesiorako daukagun tresna nagusia eta batzuetan ia bakarra da eskola.




