-

Gotzon Barandiaran Arteaga

2010ko Martxoaren 05a

Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateak 2009an eskainitako «Euskal kulturgintzaren transmisioa» graduondokoan JosAnton Artzeri entzun genion militanteak izan behar dugula hil eta gero ere, uzten badigute, behintzat. Ez dok Amairuko sortzaile taldeko kide izan zen garai emankorretatik gaurdaino urte luzez kulturarekin izandako harremanei buruz ari zela bota zuen esaldia. Are gehiago, militante bizitzaren arlo guztietan izan beharko genukeela proposatu zigun. Argigarria bezain pozgarria egin zitzaigun.

Euskarazko literaturan, esaterako, azken urteotan argitaratu diren hainbat nobelatan, militante izateari utzi dioten pertsonaiak ikaragarri ugaldu dira. Frankoren heriotzaren ostean ezkerreko bidetik lortu beharreko iraultza aurrera egin ez izanak sortutako etsipenak eragindako pertsonaiak dira. Horietako askok inoiz militante izanaren damua agertzen dute eta, hala, amestu zuten utopia haren aurkako bihurtu diren konberso gisa erakusten dituzte idazleek, Frankoren heriotzarekin Euskal Herria alda zitekeela sinetsi zuten idazleek. Mundu osoan legez Euskal Herrian ere, eguna zilborra elikatzen ematen dugun militanteon izurriarekin alderatuz gero, urritu egin dira militanteak, ideologia jakin baten alde borrokatzen diren pertsonak, irabazi ekonomikoen truke baino jendarte baten alde lan egiten duten lagunak.

Gutxiagotua ez dagoen herri batean, nortasunaren ukazioa bizi ez duen herri batean, akaso galera jasangarriagoa da militanteen galera. Akaso diogu, zainetan odolaren ordez diru gosea daroatenak mundu osoan borrokatu behar baitira. Baina ekonomikoki ez ezik, politikoki, sozialki eta kulturalki ere zapaldua den herrian, militanteak urregorri izan daitezke. Euskarazko kulturaren militanteak diren emakume-gizonak ez dira ardiak, ez dituzte euskarazko liburuak euskarazkoak direlako bakarrik erosten, ez dute euskarazko musika taldeen kontzertuetara joateagatik ordaintzen euskarazkoak direlako soilik, militanteak ez dira antzokietara joaten aktoreek euskaraz dakitelako soilik. Euskaldunak direlako erosten dituzte euskarazko liburuak, euskaldunak direlako entzuten dute euskarazko musika, euskaldunak direlako egiten dute barre edo negar euskal aktoreen antzezpenekin. Literatura, musika, antzerkia eta beste edozein kultur adierazpide maite dituztelako maite dute euskarazko kultura. Eta ideologia jakin baten alde egiten dutelako.

Militanteen jokabidea epaitu beharrean, emankorragoa dateke militanteak ez direnen jarrera aztertzea, euskaldunak izanik ere, euskarazko literatura zergatik ez duten kontsumitzen galdetzea, gure musikarien lana kanpokoen mailatik behera dagoela zergatik uste duten ulertzea. Arazoa euskarazko liburua erosi baina irakurtzen ez duen militantearengan baino, ez euskarazkoa ez liburua ez erosi ez irakurri egiten duen horrengan bilatzea dateke aberasgarriagoa. Politikarekiko, gai sozialekiko, kulturarekiko, munduarekiko ardura eza eta euren ongizate ekonomikoarekiko ardura neurribakoa agertzen dutenen jokabidearen zergatia ulertu eta aldarazten baino, militante diren pertsonen engaiamendua txarrerako kritikatzeari ez deritzogu batere ondo.

Herrietatik gorako politika aberasteko ogibidetzat hartzen dutenak nagusi diren herrian, politika alderdien interesak babesteko gotorlekua dela sinesten dutenen herrian, militanteak ez dira egundo sobera izango. Diruak erostekorik ez duen lanetan ari diren pertsona horiek beste guztiok merezi dugun begirunea merezi dute eta, agian, apurtxo bat gehiago.