Iņaki Altuna
2010ko Martxoaren 05a
Astebeteko tarte honetan Euskal Herriak pairatzen duen gatazkaren inguruko argazkiak ikusi ditugu, eta, bide batez, argazkilari ezberdinen asmoak ere bai. Aurreko astebukaeran Independentistak ekimena aurkeztu zen Donostian, gero Normandian atxiloketak izan ziren eta, jarraian, Arnaldo Otegiren kontrako epaia ezagutu dugu. Ezin ahantzi, horrekin guztiarekin batera, Venezuela tartean sartuz Auzitegi Nazionalak kaleratutako autoa. Gertaera garrantzitsuak denak ere.
Independentistak ekimena Euskal Herrian aro politiko berri bat irekitzeko nahiarekin eta baldintzekin lotu behar da. Beraz, aro berri hori zabaltzeko beharrari erantzuten dio ekimenak, baina ez hutsean edo hutsetik, posizio politiko jakin batetik baizik. Euskal estatua sortzeko helburua duten herritarren eta herri sektoreen artean indarrak batzeko apustua da. Gaur egungo beharrari -aldaketa politikoari, alegia- eta etorkizuneko proiektu estrategikoari erantzun nahi izan diote aldi berean, Euskal Herrian eratu behar den elkarrizketa eta akordio politikoa gauzatzeko eremuak zehaztu behar baitira, eta independentistek, hainbeste zatiketa eta eraso jaso ostean, indarrak batzeko beharra baitute, aldaketa politikoa zinezkoa izan dadin eta aldaketa politiko horrek independentziaren bidea ireki dezan horixe denez bermea.
Beste batzuek bestelako argazkiak egin nahi dituzte. Oso adierazgarria da, zentzu horretan, Alfredo Perez Rubalcaba ministroak errepresio bideari egin dion gorazarrea, inoiz baino gorazarre nabarmenagoa. Orain atxilotutakoa beti da ETAko buru nagusia edo beti dago ekintza bat egiteko gertu. Ukaezina da polizia indarrek kolpe handiak eman dizkiotela ETAri azkenaldian, baina bistakoa da kolpe horien esanahia eta oihartzuna ere puzten ari direla agintariak eta hedabideak. Eta horrek helburu jakin bat du: aldaketa politikoa egituratzen hasteko ahalegina ahal bezainbeste baldintzatzea, ezker abertzaleak egiten duen edozer ahuldadearen ondorioa dela edo nahikoa ez dela jendarteratzeko. Gerra psikologikoaren garaian ere bagaude.
Horrenbestez, ETAren kontrako jarduera indartuz eta haren inguruko modu guztietako albisteak -intoxikazio itsusienak barne- zabalduz, ETA bera ezker abertzalearentzat segurtasun ezarako faktore bilakatu nahi dute. Alde horretatik, ETA modu eta alde ezberdinetatik presionatuta dago, eta hori ere normala da aldaketa garaiko egoeretan. Afera nagusia ez da, ordea, ETA presionatuta egotea, presio hori ezker abertzalearen apustuaren, ziklo aldaketaren eta prozesu demokratikoaren mesedetan kudeatzen jakitea baizik.
Konponbide demokratikoa nahi dutenen eta haren kontra ari direnen posizioak argi eta garbi geratu beharko lirateke euskal herritarren aurrean, bi norabide horien arteko indar korrelazioa konponbide politikoaren eremuaren alde gero eta gehiago kokatzeko. Presioak konponbidea galarazten dutenen bizkar gainean erori beharko luke, eta horretarako gaur egungo nahasketa (adibidez, ETAri leporatzen zaio etengabe indarkeriarekin jarraitu nahi izatea, nahiz eta indarkeria gehien erabiltzen ari dena Estatua izan) gainditu behar da.
Estatuaren jokabidea nolakoa den jakiteko hamaika adibide ditugu. Nazioartean eragiteko hautua ere egin du, oraingo honetan FARC talde armatua, Venezuela eta beste nahastuz. Jakin badakigu Euskal Herrian prozesu demokratikoa irekitzeko ahaleginetan dabiltzanak nazioarteko eragileekin eta pertsona garrantzitsuekin ari direla lanean, eta horregatik eremu horretan ere nahasmena sortu nahi du Madrilek, aro aldaketa oztopatzeko edo txarrera baldintzatzeko.
Arnaldo Otegiren kontrako epaia izan dugu Estatuaren jokabidearen beste adierazle bat. Otegi berriro ere gaurkotasuneko protagonista izan dugu. Nahiz eta Argala, Txomin Iturbe, Telesforo Monzon, Santi Brouard edota Josu Muguruza moduko izen propio oso garrantzitsuak izan, ezker abertzalean ez da inoiz «nortasunaren gurtza» nagusi izan, eta beti izaera kolektiboa nagusitu da. Halere, azken urteotan Otegik protagonismo berezia hartu duela ukaezina da, ezker abertzalearen oinarriak hala nahi duelako eta, modu batez edo bestez, Estatuak ere hala aitortzen diolako. Kartzela zigorra eta inhabilitazioa, hamasei urteko inhabilitazioa, ezarri diote oraingoan ezker abertzalearen mintzakide eta bozeramaile nagusia denari. Esanguratsua, ezta? Paradoxikoa badirudi ere, elkarrizketa politikoaren kontrako eraso horretan, Otegiren rola eta haren apustuaren garrantzia indartu egin ditu epaiak. Nabarmena izan zen epaiketan Otegik botatako mezu politikoa eta nabarmena izan da Estatuaren erantzuna. Bi jokabide eta bi norabide: borroka termino politikoetan garatzeko eta irabazteko ahalegina, alde batetik, eta konponbidea errepresioaren bidez itotzeko hautua, bestetik. Esan bezala, bi horien arteko talkan, bi posizioak ahal bezain garbi ikusarazteko eta horren arabera indar korrelazioa beren alde jartzeko garaia iritsi zaie aldaketa politikoa ekarri nahi dutenei.




