-

Koldo Campos Sagaseta

2010ko Martxoaren 05a

Orain bederatzi urte, Peruko Aire Indarrak, CIA Inteligentzia Agentzia Zentralaren aginduak betetzeko, AEBetako misiolari familia bat zeraman hegazkin arina bota zuen oihanean. Jim eta Veronica Bowers zihoazen barruan, Cory eta Charity alabekin eta pilotuarekin batera. Guztiak, estatubatuarrak. Bost minutu egin zituzten hizketan, negarrez eta erreguak egiten CIAkoek, Peruko militarrek eta misiolariek. Azkenean, Agentziak erabaki zuen hegazkinekoak narkotrafikatzaileak zirela eta militarrei hegazkinari tiro egiteko agindu zieten. Hegazkina ibai batera erori zen. Jim Bowers, pilotua eta umeetako bat zaurituta geratu ziren. Veronica Bowers eta beste umea hil egin ziren. Geroztik gezurrez eta isiltasunez betetako bederatzi urte pasa behar izan dituzte CIAk azkenean bere akatsa onartu eta barkamena eska zezan.

Arazoa da AEBetako agentziek, soldaduek eta gobernuek gehiegitan egiten dituztela tankerako akatsak, gehiegitan eskatzen dutela barkamena. Horregatik, AEBek Estatu Idazkaritza berri bat sortu beharko lukete: Barkamen Idazkaritza. Horrenbeste barkamen eskari egin ahal izateko, barkamenak erakundetu egin beharko dituzte, bestela ezinezko gertatuko zaie-eta.

Kontuan hartu behar da akats bat akats moduan onartua izan dadin, kale egiteari iraganean gertatutako zerbait izatea erantsi behar zaiola. Orain, esaterako, egokia litzateke gizadiaren historia osoan zibilen aurka botatako bonba nuklear bakarrek orain mende erdi eragin zituzten ehunka mila hildakoengatik barkamena eskatzea. Oraindik gizaki batzuk hil egiten dira inoiz egin den genozidiorik ikaragarri eta krudelaren eraginez. Baina oraindik ez dute barkamenik eskatu. Izan ere, Harry Trumanen hilarrian «Egin behar zuena egin zuen» irakur daiteke gaur egun.

Obama AEBetako presidenteak bihar bertan eska dezake barkamena, lasai asko gainera, bai baitaki ez dela ezer gertatuko. Biharko uzten da akatsak onartzea eta barkamena eskatzea; noski, gaur ukatzen diren kontuengatik. Bill Clinton, esaterako, bekadun batekin harreman ezegokiak izateagatik pasa da historiara, barkamena gehien eskatu duen presidentea izateagatik pasa beharrean. Clintonek publikoki eskatu zuen barkamena Monica Lewinskyrekin zuen harremanaren inguruan gezurretan aritzeagatik. Barkamena eskatu zuen Ipar Amerikako jatorrizko herriak desagertzera kondenatu zituzten AEBen akatsengatik ere. Eskatu zuen barkatzeko Hegoafrikako errejimen arrazistari bere herrialdeak emandako laguntzarengatik. Gauza bera egin zuen Pinocheti, Duvalieri, Trujillori, Rios Monti, Batistari, Somozari, Stroerneri, D'Abuissoni eta AEBen zerbitzura egon diren beste kriminalei emandako babesarengatik. Argentinan izan diren diktadura militarrak zuzendu dituzten jeneralei eman zieten laguntzarengatik ere barkamena eskatu zuen Clintonek. Marineek Vietnamen egindako akatsak deitoratu zituen, esaterako My Layko sarraskia: demokraziaren aldeko borrokalariek su eman zieten bertakoei, komunismoaren arriskutik salbatzeko. Bigarren Mundu Gerran bere herrialdeak egindako beste akats batengatik ere barkatzeko eskatu zuen. Japoniarren esku zeuden estatubatuar presoen truke, AEBetako Armadak bahitutako perutarrak askatu zituen, Japoniako presoak zirela esanez. Noriega eta Saddam Hussein bezalako gizonei emandako babesarengatik ere barkamena eskatu zuen eta babes hori akats bat izan zela onartu zuen.

Clintonek bezala, Bush aitak, Bush semeak eta Reaganek ere behin baino gehiagotan onartu zituzten AEBen akatsak. Karibeko Grenada uharteko eroetxea bonbardatu izana deitoratu zuten: uharte txikia inbaditu ondoren, Pablo Nerudak esaten zuen moduan, «bizirik zeuden zoroak hildako zentzudun bihurtu zituzten». Noriega atxilotzera joan zirenean Panamako El Chorrillo auzoan egin zituzten bonbardaketek eragindako milaka hildakoengatik ere barkatzeko eskatu zuten. Gauza bera egin zuten geroxeago beraien tropek eta NATOkoek -gauza bera direla esan daiteke- Serbian eta Kosovon bonbardatu zituzten trenengatik, hedabideengatik, enbaxadengatik eta Kosovoko iheslariengatik.

AEBetako hegazkin batek Alpeetan teleferiko baten kablea moztu eta ia hogeita hamar hildako eragin izana ere deitoratu zuten. Pilotua aske geratu zen, «teleferikoa mapan ez» zegoela adierazi ondoren. Ez zegoen mapatan ere Puerto Ricoko Viequeseko zaintza postua, estatubatuarrek bonbardatu zutena, hildako bat eraginez. Japonian urpekontzi batek egindako sarraskiak ere Etxe Zuriaren beste barkamen eskaera bat eragin zuen.

Reaganek berak barkamena eskatu beharra izan zuen Etxe Zurian eskainitako prentsaurreko batean, bere umore berezi horrekin, honakoa esan zuenean: «Herritarrok, Errusia betirako debekatzen duen legea sinatu dut. Bost minutu barru hasiko da bonbardaketa».

George Walker Bush presidente izan aurretik hasi zen barkamena eskatzen. Hautagai zela, barkatzeko eskatu zuen drogekin izan zituen harremanengatik. Presidente bihurtu eta berehala, barkamena eskatu beharra izan zuen herrialde bat beste batekin nahasteagatik eta geroxeago berarekin elkartzekoa zen Pakistango presidentearen izena ez jakiteagatik. Gauza bera egin beharra izan zuen itxita zegoela uste zuen mikrofono batek kazetari bati buruz esan zituenak jaso zituenean. Kargua utzi aurretik, Irakeko gerra amaitu gabe zegoela onartu behar izan zuen, urte batzuk lehenago bukatutzat eman zuen gerra. Eta gerra horrek marka bat baino gehiago hautsi du.

Barkatu beharreko horrenbeste akats izanda, AEBetako Barkamen Idazkaritza berriak arloka sailkatu beharko lituzke. Ezkontzen inguruko akatsek arlo horietako bat eskatzen dute. Belgradeko ezkontza bat aipatu behar da aurrena. Gonbidatuek ezkondutakoei botatako arroza nahikoa ez zelakoan, estatubatuarrek misil bat jaurti zuten, ezkontza ehorzketa bihurtuz. Gero, Afganistanen, beste ezkontza bat ekitaldi politiko batekin nahastu zuten estatubatuarrek, eta bonbardatu egin zuten lekua, apaiza, ezkontzen zirenak eta beste hamahiru pertsona hiltzeko. Eta Iraken ere beste sarraski bat egingo zuten handik urte batzuetara, Afganistanen beste ezkontza bat ehorzketa bihurtu aurretik.

Obama ez da gutxiago. Oraindik hautagai zela hasi zen barkamena eskatzen, eta orain hilabete gauza bera egin behar izan zuen FBIk politikari espainol baten irudia Bin Ladenen erretratu bat egiteko erabili zuenean. AEBek Barkamen Idazkaritza bat behar dute, nazioarteko auzitegirik ez baitute onartzen.