Jose Angel Oria
2010ko Martxoaren 05a
Astelehen goizean, metroa huts-hutsik eta kaleko obra guztiak geldirik. Imajina ezazu jatetxeak bat-batean sukaldaririk gabe geratzen direla, eta unibertsitateak irakaslerik gabe. Imajinatu inor ez dela laneko bileretara joaten eta enpresen %10 arduradunik gabe geratzen direla. Ezinezko dirudiela? Bada horixe gertatuko litzateke etorkinak eta beraien ondorengoak, Frantziako populazioaren %12 gutxi gorabehera, egun batez lanera joan gabe geratuko balira». «Le Point» astekari frantsesak idatzitako lerroak dira goikoak, joan den astelehenerako deitutako mobilizazio egunaren inguruko informazioan irakur daitezkeenak. Estatu frantsesean bertan, Estatu espainolean, Italian eta Grezian «Egun bat gu gabe» izeneko protestaldia egin zuten etorkinek martxoaren 1ean, gainerako herritarrok jabetu gaitezen atzerritarrek gure gizartean duten garrantziaz.
Ekimena etorkinei buruzko eztabaida Europako herrialde askotan pil-pilean dagoenean sortu da. Une ezin aproposagoan, alegia. Astekariak gogorarazi zuen Gu Gabe 24 Ordu izeneko taldeak antolatu zuela ekimena herritarrei erakusteko «etorkinak ez direla karga bat, herrialdeak aurrera egin dezan ezinbestekoak baizik». Rue89.com webgunean ekimena proposatu zuten hiru gazteen erretratua eskaini dute. Peggy Derder, Nadir Dendoune eta Nadia Lamarkbik esan dute AEBetan sortutako giza mugimendu batetan oinarrituta diseinatu zutela mobilizazioa: «2006ko maiatzaren 1ean, herrialdeak duen immigrazio historiarekin bat egiten duten guztiei eskatu zitzaien lanik ez egiteko eta ez kontsumitzeko». Facebook sare sozialean sortu duten taldeak izandako arrakasta ere deskribatu zuten hiru gazteek.
Tankerako ekimenik Europan ez zela inoiz egin nabarmendu du Italiatik ilsole24ore.it webguneak. Teknikoki ez zela greba eguna izan ere argitu zuen egunkari ekonomiko horren webguneak, «lana eta kontsumoa uzteko proposamena eserialdiak eta manifestazioak egiteko gonbidapenekin batera egin baita». Frantsesek «iraultza horia» deitu zutena Italiara ere iritsi zen, «bost milioi atzerritar hartzen dituen herrialdera». «La Repubblica» Erromako egunkariak jakinarazi du Facebookeko 50.000 erabiltzailek, herrietan sortutako 60 batzordek eta Amnesty International bezalako makina bat taldek ekimenarekin bat egin zutela. Egunkariak azpimarratu du etorkinik gabe Italiako ekonomia itzali egingo litzatekeela, «eraikuntzaren sektoretik hasita, langileen %50 atzerritarra baita eraikuntzan. Obra guztiak bat-batean geldituko lirateke. Gero gauza bera gertatuko litzateke industriako beste sektore batzuekin. Eta gero, nekazaritzarekin. Hortik aurrera, beste sektore batzuek egingo lukete porrot, baita Italiako osasun sistemak ere».
Greziako etorkinen egoera besteena baino zailagoa dela nabarmendu du presseurop.eu webguneak, krisia dela-eta.




