-

Maputxeez maitemindutako idazlea Padre de las Casas herriko bere etxean dago, joan den asteburuko lurrikararekin ikaratuta. Hala ere, ez du askatasuna berreskuratu oraindik.

Jose Angel Oria

2010ko Martxoaren 05a

Asel Luzarraga idazlea Padre de las Casas herriko bere etxean da, Vanessa neskalagunarekin, epaileak etxeko atxiloaldia ezarri ondoren. Bere aurkako prozesuak aurrera jarraitzen du eta oraindik ez dago jakiterik azkenean berarekin zer egingo duten. «Azken asteotako kontuek makina bat liburu egiteko ideiak emango zizkizuten. Eta makina bat besarkada emateko gogoa. Agian, muturrekoren bat emateko gogoa ere bai», esan diogu posta elektronikoz, elkarrizketa egitea proposatutakoan. «Mila esker interes eta elkartasunagatik! Besarkadak emateko gogoak ‘goleadaz’ gainditzen du muturrekoak ematekoa; ergelen gorrotoari bizkarra eman eta jasotako maitasunari begiratu nahiago dut», erantzun digu idazleak, joan den asteburuko lurrikarak kaltetutako herritik.


Bere aurkako akusazioek ez dutela funtsik esan izan du, eta prozesu osoa irregulartasunez betea dagoela. Amesgaizto hori bizitzea tokatu zaio oso une berezian: «ezkerrekoa» omen zen Gobernuak hauteskundeak galdu eta eskuineko hautagaia presidente kargua hartzeko prest dagoenean. Zein eragin izango du bere kasuan?

Nola bizi izan zenuen lurrikara? Padre de las Casasen ere etxe batzuk bota omen zituen, baina zuenak zutik dirau, ezta? Inkomunikatuta ere egon zarete.

Niri bizitzako bizipenik ikaragarrienetakoa izan da, baina zorionekoak izatea tokatu zaigu oraingoan. Ni Vanek iratzarri ninduen, izututa; berak esan zidan lurrikara zela eta nire urratsak gidatu zituen. Ez dago berbetan azaltzerik, ikusi eta sentitutakoa arrazoiaren kontrakoa delako. Denak ematen zuen gomazkoa, zorua, hormak, posteak... uhin handietan mugitzen. Etxeko atean geratu ginen, lekurik seguruena ei delako, baretzen joan zen arte. Gero, atzera begiratu eta amets ezinezkoa ematen du. Baina gertatu egin zen. Egun osoa egon ginen argirik eta telefonorik gabe eta, beraz, gauerdian argia itzuli arte ez genion benetako neurria hartu. Orduan ezintasuna eta amorrua etorri ziren, laguntzeko gogoa eta ezina, jende askok, jende xumeak, berez txiroak, den-dena galdu duela ikusita. Eta epailearen agindua dela-eta ezin inora joan, laguntzera!

Maputxeek mende asko egin dituzte lurralde horretan. Beraz, lurrikarak ez dira gauza harrigarri bat izango beraientzat, ezta? Nola ageri dira lurrikarak maputxeen mitologian, kulturan? Zein irakurketa klase egiten dute fenomeno horien inguruan? Ba al dago maputxeen bizimoduan lurrika- rek eragindako ezaugarririk?

Egia esan, maputxeen kulturaz gehien-gehiena ikasteko daukat. Lagun maputxe batzuk dauzkat, baina ez dut aukerarik izan zertzelada batzuk ezagutzeko baino; esaterako, edan aurretik lehen tragoa lurrari botatzen diotela. Aukera dudanean horretaz ere galdetuko dut (etxeko lanak ipini dizkidazu!). Bidenabar, argitu behar dut, askotan esan eta idatzi bada ere, nire neskalaguna, Vane, ez dela maputxea, herri adoretsu harekiko elkartasun handia sentitzen badu ere.

Atxilotu zintuzten eguna arraroa izan zela esan izan duzu. Eta lasai zinela. Espero zenuen tankerako operazioren baten biktima izatera iristea?

Egia esan, Txilen nagoenetik eta dagoen errepresioa ezagututa, inoiz burutik pasatu zait zerbait gerta zekidakeela, baina bestetik, legez kontrako ezer egiten ez dudanez, ez nuen sentipen hori serio hartzen. Jakin banekien, munduko beste leku askotan bezala, salaketak beti asma daitezkeela, baina ez nuen uste Poliziak nigan interesik izango zuenik, neure burua ez dudalako batere arriskutsutzat.

Lehergailuak egiteko materiala norbaitek ipini zuen zure etxean. Baina hori hor ipini zuenari ez diote ezer egingo. Zein hausnarketa egin daiteke?

Oso korapilatsua da, oso zaila delako hori nork ipini zuen frogatzea, are gehiago nor egon daitekeen susmatuta. Argi dago norbait atxilotzeko gogoa zegoela, eta ez benetako «errudunak» topatzeko. Hemen jendea kartzelatzeko grina dago eta erruduntasuna bigarren mailako kontua da. Gainera, guztiaren atzean ni Txiletik kanporatzeko gogoa dago, argi geratu denez. Nik egindako hausnarketa honakoa da: sistemak bere beldurrak erakusten ditu holakoetan, bere ahuleziak, eta ona da beldur eta ahulezia horiek agerian geratzea, bide onean goazela jakiteko. Ni ez naiz epailea eta ez nau kezkatzen inor zigortua izateak. Egia da nire kezka bakarra eta hori, inor kartzelara joan ala ez, begi-bistan utziko dugu, hurrengoetan sistemak zailago izan dezan holako gauzak asmatzea.

Irregulartasunak izan dira. Kafka idazlearen pertsonaia sentituko zinen, ezta? Euskaldun izateak ala mundu justuago baten aldekoa izateak ekarri ditu irregulartasun horiek?

Bai, Kafkak bete-betean asmatu zuen pertsonaia horrekin. Gauza askok egin dute bat holako «irregulartasunak» gertatzeko: euskalduna, anarkista, berdintasunaren eta justiziaren aldekoa eta gainera pentsatzen duena idatzi eta plazaratzeko gai. Batzuek nahi duten mundua «eraikitzen» jarraitzeko arriskutsua, nonbait. Honen guztiaren atzean sistema ekonomiko bat baitago, herriak, bizia, eskubideak, natura... etekin azkarraren mende jartzen dituen neoliberalismoa, hain zuzen ere. Sistema horrek hamaika arma dauzka aurrean jartzen zaizkion oztopo guztiak kentzeko: gobernuak, alderdi politikoak, hauteskundeak, legeak, poliziak, epaileak, armadak...

Aurreko abokatuak kalteak eragin zizkizun. Azaltzeko modukoak al dira abokatu hark egindakoak?

Bai, oso erraza da azaltzen: apelazioa aurkeztu ondoren, Auzitegiari nik inoiz esan ez nizkion gezurrak esan zizkion, oraindik ez dugu ulertzen zeren bila: nik perdigoiak ehiza zalea naizelako eta bolbora suziriak egiteko neuzkala aitortu niola. Vanek entzun ahal izan zuen, apelazioetan inputatuok ez gaudelako, eta zur eta lur geratu zen. Gero niri eta nire familiari kontatu zion eta kriston amorrua sentitu genuen, gezurra izateaz gain, kalte handia egin zidalako hori esateak. Abokatu horrek ez zigun inoiz argi esan zer esan zuen, ezta zergatik ere. Zorionez, haren hanka-sartze horri buelta eman ahal izan genion Jaime Madariaga abokatuarekin.

Defentsa lanak oztopo asko izan ditu bidean. Normala izaten al da hori maputxeen lurraldean? Eta Txilen, oraindik batzuek «Pinocheten erreinua» deitzen duten horretan? Maputxeak zu bezain gaizki tratatzen al dituzte, ala okerrago?

Normalak eta askotan handiagoak ere bai. Hasieran nire aurka lege antiterrorista erabiltzen saiatu ziren, baina lehergailuek ni Txiletik kanpo nengoenean eztanda egin zutela frogatu zenez, ezin izan zidaten ezarri. Maputxe gehienei, ordea, eta Bachelettek agindu zuenaren kontra, lege antiterrorista ezartzen diete. Horrek oztopo itzelak jartzen dizkio defentsari: ezkutuko lekukoak, informazio murrizketa... Lege hori Pinocheten Gobernuak sortu zuen eta oso argigarria da 20 urteren ondoren gobernu «demokratikoek» lege hori bertan behera uzteko ahaleginik txikiena ere egin ez izana. Pinochetek utzitako egiturek zutik diraute eta oraingo gobernu «demokratikoek» ondo baino hobeto baliatzen dituzte, batere kontzientzia arazorik gabe. Maputxeak, jakina, askoz okerrago tratatzen dituzte. Ni atzerritarra naiz eta Kontsulatuaren aurrean erantzun behar dute, baina maputxeek ez dute batere babesik.

Zu kartzelan ikusi nahi zaituztenei komeni ez zaizkien probak ez dituzte egiten, edo atzeratu egiten dituzte. Zer esan nahi du horrek, zure atxiloketa batez ere propaganda kontu bat izan zela?

Jakina, hauteskundeak hurbil zeuden eta eskuinak eskatzen zuen esku gogorra erakutsi behar zuten (inoiz esku bigunik izan balute bezala...). Hemen, mundu osoan bezala, komunikabide nagusiak boterearen arma zintzoak dira, irakurle eta ikusleen iritziaren sortzaile eta, beraz, jendeak atxiloketak ontzat emateko, irudirik arriskutsuenak sortu behar dituzte. Gero, gauzak argitzen hasten direnean, informazioa isildu egiten da. Niri bolbora aztarnak topatzeko proba egin zidaten, esaterako, eta proba horren emaitza egiten den unean bertan jakiten da. Noski, ezezkoa eman zuen eta, beraz, txostenean ez zuen aipatu ere egin proba hori egin zidatela. Holakoak asko dira.

Maputxeen gatazka konpontzeko ideiak idatzi izan dituzu. Aldatu al dira ideia horiek kartzelan egon ondoren? Zeintzu dira, nola konpondu beharko lirateke herri horren arazoak?

Nire ideiak aldatu barik sendotu egin dira. Hori gertatu ohi da holakoetan, senez susmatzen dituzun boterearen jokabideak zeure eskarmentuz egiaztatzeko aukera ematen dizutelako. Hemen, nolabait esateko, herri bi, kultura bi bizi dira, maputxea eta europar jatorrizkoa. Mendeetan haietako bat nagusitu da eta, Estatuaren indarra erabiliz, bestearen lurrak atzerritarrei oparitu dizkio. Luze joko luke irtenbidea proposatzeak eta nik horretarako oinarri batzuk baino ez ditut zirriborratu: jabego pribatuaren ordez erabileraren eskubidean oinarritzea lurraren banaketa (ohiko moduan esanda, lurra lan egiten duenarentzat edo bizitzeko behar duenarentzat); horizontaltasuna, kulturen arteko begirunea, inoren lanaren esplotaziorik eza, berdinen arteko hitzarmenean oinarritutako bizikidetza... Arazoa lurjabe aberats batzuen interes ekonomikoak dira, eta interes horien aurrean, noski, ezin da inolaz ere amore eman. Lapurtutakoa itzuli egin behar da, eta hainbeste urtetan etekin izugarriak eman dituen lurrak berezko erabiltzaileei, maputxeei itzultzearen truke ez litzateke xentimorik ordaindu behar. Tira, hori orain oso azkar eta oso trakets esanda.

Mesede egin al dizu nazioarteko babesak?

Bai, handia. Euskal PEN klubak eta Nazioarteko PEN klubak, Unai Elorriaga idazleak, Perez Esquivel Bakearen Nobel saridunak... batzuei eta besteei bidalitako eskutitzak oso garrantzitsuak izan dira. Eta horrez gain, Euskal Herrian, Argentinan, Uruguain eta Txilen bertan sortu den elkartasun olatua sostengu itzela izan da, bai niretzat bai nire familiarentzat ere. Bihotz-bihotzez eskertzekoa da jendearen maitasuna, beroa, babesa sentitzea holakoetan. Asko daukat eskertzeko eta garagardo asko ordaintzeko!

Euskalduna, anarkista, maputxeen laguna, atzerritarra, idazlea, kazetaria... Ezaugarri susmagarri gehiegi, gauza onerako. Punk musika talde bateko kide izatea ez al da hain susmagarria? «No-so-mos-na-da», La Pollak esaten zuen moduan. Eta Txileko Poliziarentzat ez al da susmagarri maiteminduta egotea?

Kar, kar, kar... La Polla, ezin egokiagoa, hari buruzko foroa baita Vane ezagutarazi zidana, eta Vanerengatik etorri nintzen hona. Bai, batzuentzat dena da susmagarri. Euskal Herrian ondo dakigu hori, euskaraz doministiku egitea ere susmagarria delako epaile, politikari eta kazetari batzuentzat. Dena dela, harro nago holako gauzengatik guztiengatik susmagarria izateagatik. Kezkagarriagoa gertatuko litzaidake holakoek herritar eredugarritzat jotzea.

Maputxeago sentitzen al zara orain? Zu al zara lehen maputxe euskalduna?

Ez, ez dut uste. Begirune handia sentitzen dut, elkartasun are handiagoa, haiengandik asko ikasteko gogoa, eta horrexegatik ez naiz gai maputxe sentitzeko, horrek esanahi oso sakona eta sustrai oso luzeak dauzkalako.

Oraindik epaiketa egiteko dago. Eta zu Txiletik kanporatzeko arriskua ez da amaitu. Zure eta Vaneren eskubide horren aldeko borroka egiteko animorik ba al duzu?

Bai, animo handia. Barne ministroak urtarrilaren 7an, hots, ni atxilotu eta astebetera, sinatu zuen kanporatze agindua. Dirudienez, nahikoa da salaketa faltsu bat atzerritar deserosoak Txiletik botatzeko. Errugabetasun presuntzioa zein barneratuta daukaten seinale... Ez dut ulertzen presa hori, formak gordetzeko ahaleginik ere ez dute egin, eta horrek kezkagarria izan behar luke bere burua demokratikotzat duen herri batentzat. Baina denok dakigu zelan ulertzen den demokrazia burgesa: lau urtean behin botoa eman eta bitartean isildu, burua makurtu eta ez eman arazorik, benetan ezer aldatzeko aukerarik txikiena amestea ere delitu delako. Lurrikarak Txiletik atera ez banau, ahaleginduko gara Pinocheten gobernuak 75ean sortutako lege horrek ere ez ateratzen. Berriz ere, Gobernu sozialistak zein ederto jakin duen Pinocheten herentzia erabiltzen...

Beharrezkoa al duzu oraindik nazioarteko babesa?

Bai, lehen beste edo gehiago orain, errugabe zein errudun aterata, Txileko Gobernuak bere esku daukalako ni kanporatzea, eta hori lortuko balute, atzerritarren eskubideek, adierazpen askatasunak, errugabetasun presuntzioak itxaropen handirik gabe jarraituko lukete. Nazioarteak argi esan behar dio Txileko Gobernuari: ez duzu eskubiderik legerik urratu ez duen herritarra, pentsatzen eta idazten duenagatik, kanporatzeko. Besteak beste, herriak ez direlako gobernuenak, herritarrenak baino. Eta, nik dakidala, Wallmapuko jatorrizko herritarrek, maputxeek, ez dute ni kanporatzea erabaki.