-

Gorka Elejabarrieta

2010ko Martxoaren 05a

Azken asteotan ezker abertzaleak aurkezturiko “Zutik Euskal Herria” adierazpenak erreakzio ugari sortu ditu nazioartean. Gerry Adamsek ongi etorria eman dio, aurrerapauso garrantzitsua dela adierazi du, eta espainiar Gobernuari arduraz joka dezan eskatu dio. “The Guardian” egunkari britainiarrean ere Euskal Herrian sortzen ari diren aukeren inguruan artikulua idatzi zuen aurreko astean. Ez da “The Guardian”-ek Euskal Herriari buruz azken asteotan publikaturiko artikulu bakarra. Eta “The Guardian” ez da Euskal Herriko egoera arretaz jarraitu duen nazioarteko komunikabide bakarra. Norvegiar prentsan, esaterako, artikulu dezente publikatu dira azkenaldian, baita alemaniar, italiar eta beste hainbat herritako komunikabideetan ere.

Europako Parlamentuan lau urte lanean daraman Friendship taldeak lantalde berria aurkeztu eta konponbide demokratiko baten aldeko apustua berretsi du. Talde anitza da, hamabi diputatuz osatutakoa; Europako Alderdi Popularreko (PPE) kide bat ere badu. Poztu egiten nau Mayor Oreja edo Iturgaitzen taldekide bat Euskal Herriko gatazkaren konponbidearen alde lanean dagoela jakiteak. Espainolen presioa izugarria da Europako Parlamentuan, eta, hala ere, alderdi kontserbadorean ere badira gure gatazka prozesu demokratiko baten bidez konpondu behar dela sinesten dutenak.

Erresuma Batuan, Danimarkan eta Belgikan, esaterako, Eskozia, Irlanda, Faroe uharteak, Groenlandia eta flandestarrekiko erabiltzen dituzten politikak ez daude gure gatazka konponduko lukeen politiketatik oso urrun, eta, ondorioz, espainiar Gobernuari ezinezkoa egiten zaio bere jarrera politikoa azaltzea.

Gernika Sarea osatzen duten diputatu eta zinegotziak ere adierazpen publikoa egin dute, eta haien herri eta instituzioetan lanean ari dira gatazkaren konponbidearen alde.

Brian Currinek Madrilen esandakoak ere entzun ditugu. Nazioartean Euskal Herriko gaia pil-pilean jartzen ari da. Ugari dira egondako adierazpenak, gehienak positiboak gainera, eta esango nuke nazioarteko agenda politikoan Euskal Herriko gatazkaren konponbidea leku txiki bat irabazten ari dela.

Espainiar Estatuak baina ez ditu agenda, praktika ez eta diskurtsoa aldatu. Atxiloketak, espetxeratzeak, tortura, ilegalizazioak, kriminalizazioa bakarrik eskaintzen dizkigute euskaldunoi. Turkia eta Sri Lanka dira Estatu espainolaren ereduak.

Hala ere, “Zutik Euskal Herria” adierazpenak aitortzen duen bezala, prozesu demokratikoa eraikitzeko erabakia, ezker abertzaleak unilateralki hartutako erabakia da, eta prozesua aurrera eramateko Euskal Herriko gainontzeko eragile politiko, sozial eta sindikalekin batera nazioarteko eragileen babesa eta laguntza bilatuko dira.

Munduan dauden gatazka politiko askotako aldeak daude negoziazioetan murgildurik. Aspaldi ulertu genuen gure gatazka konpontzeko modu efektiboena hori dela, baita elkarrizketa eta akordioan oinarrituriko prozesua ere. Bide horretan nazioarteak bitartekaritza, bultzatzaile eta laguntzaile lanak burutzen ditu kasu askotan.

Kasu gehienetan ez ditu askatasun mugimenduen helburu eta praktikak konpartituko, eta bere kudeaketarekin kritikoa ere izan daiteke, baina finean haien lana prozesuan laguntzea da eta ez askatasun mugimenduen helburu estrategikoak gauzatzea.

Horiek gauzatzeko beharrezkoak diren instrumentu politikoak bereganatzea da prozesu demokratikoen helburua. Baina gero, askapen mugimenduei dagokie indar akumulazio nahikoa lortzea eman beharreko pausuak gauzatzeko.