-
Maider Iantzi
2010ko Otsailaren 19a
Euskal Herria «sagarren herria da, emakumeek sagarrak bertzerik ez dituzte jaten, sagar zukua baino ez dute edaten eta beti daude prest sagarrari hautsiki eginda legea hausteko, Jainkoaren kondenaren gainetik pasata», idatzi zuen Pierre Lancre inkisidore frantsesak “Aingeru txarren eta deabruen aldakortasunaren deskribapena” liburuan (orain dela urte gutxi itzuli zuten gaztelaniara, “La descripción de la inconstancia de los malos ángeles y demonios”). Iñaki Egaña historialariak iruzkin bat idatzi zuen gizon odolzale horren deskribapena eginez. Kontatzen duenez, 1609an Euskal Herrira etorri zen eta eliza sorginak erre gabe utzita krimen handi bat egiten ari zela ohartarazi zuen. Bere aitatxi Nafarroa Behereko ardogile saiatua zen. Pierrek, Morguy igarle gaztearen laguntzarekin, Bidasoa iparraldeko lurretan sorginkeria ikertzeari ekin zion. Igarleak azalaren koloreari begiratuta identifikatzen zituen deabruak hartutako pertsonak. Egañak azaltzen duenez, Baionako arrantzaleak Ternuatik itzultzean bakarrik gelditu zen sarraskia. Marinelak altxatu egin ziren, Bordeleko Parlamentua kontu eske joan zitzaion Lancreri eta inkisidoreak berehala utzi zuen Lapurdi. Historialariak ohartarazten duenez, sorgin ehizak, beldurraren bidez, hainbat belaunaldi ezjakintasunean eta agintarien mende egon zitezen balio izan zuen. Europan XIII. mendetik eta Iberiar Penintsulan XV. etik, Inkisizioa izan zen argudio nagusia kuria katolikoak bere sinesmenei eusteko eta sinesmen horiek zabaltzeko.




