Mikel Olasagasti
2010ko Otsailaren 19a
30 urte baina gehiago behar izan dira gaur egun ezagutzen dugun Internet sortzeko eta hainbat arau, norma, etika eta protokolo estandarretan oinarrituta lortutako lana izan da. Oihan zabala da sarea, koloretsua, baina oinarrian uste baina karratuagoa eta zurrunagoa da. Etorkizunak ere horrela beharko luke baina beti dago norbait prest oraingo nolabaiteko bakearekin amaitzeko.
Norbaitek pentsa al dezake A-8 autopistako bidesaria ordaindu ostean marka, modelo eta motor bereko bi autok kolorearen arabera abiadura batera edo bestera gidatu behar izatea edo autopista ezin erabiltzea? Ez, ezta? Norbaitek pentsa al dezake ordenagailua piztu, nabigatzailea ireki, elpais.com webgunera sartu eta ondo nabigatu ahal izatea eta, aldiz, berria.info edo gara.net webguneetara sartu eta gure konexio hornitzaileak abiadura apropos moteltzea? Normala izango al litzateke «Berria» eta GARA egunkariek Telefonicari ordaindu behar izatea Telefonicako bezeroek abiadura normala izateko edo beraien webgunetara sartzeko aukera izan dezaten? Eta Telefonica diodanean, norberak duen Internet konexio hornitzailean pentsa.
Sareak aspalditik duen arauetako bat neutraltasunarena da. Ez dio axola zer berri irakurri nahi dugun, zer forotan idatzi nahi dugun edo zein bideo ikusi nahi dugun: Interneteko edozein edukira sartzea librea da eta baldintzak berdinak dira denontzat. Gure konexio hornitzaileak beste muturrera konektatu eta eskatutakoa eman behar digu. Mugak beste muturrak, azpiegiturek (putzua gurutzatzea adibidez) eta guk ordaindu dugun abiadurak jarriko dizkigute; muga horiek ez dira sekula ere hornitzaileak apropos jarritakoak izango. Baina hori aldatu nahi digute.
Telefonicako burua den Cesar Alierta jaunak Google erraldoia mehatxatu du, beraien sarea erabili ahal izateko ordaindu beharko duela esanez. Negozioa egiteko euren azpiegitura behar dutela dio eta gehiegi kontsumitzen dutela. Kontxo, eta Telefonicak ADSLak zertarako saltzen ditu, etxean router-a diskoteka moduan eduki nahi dugulako edo edukietara sartu nahi dugulako? Cesar Aliertaren hitzak besterik ez balira ongi, baina espainiar gobernuko Miguel Sebastian ministroak ere aldeko ideia du eta Espainiak Europar Batasunan duen presidentzia baliatu nahi du legea aldatzeko. Kable edo satelite bidezko telebisten modeloa kopiatu nahi dute, non ordaindu dugunaren arabera telebista kate batzuk edo beste batzuk ditugun aukeran sofan aspertzeko. Premium zerbitzuak sortu nahi dituzte dagoeneko nahikoa beteta dauden poltsikoak gehiago bete ahal izateko.
Batek baina gehiagok pentsatuko du Google erraldoiari ez zaiola diru hori ordaintzea kostatuko, txikikeria dela, baina, ondoren, beste guztiak ere etorriko dira eta, hortaz, txikiek eta berrikuntzak berak galduko dute gehien. Barack Obamak 2007an esandako hitz batzuk gogora ekarriko ditut: «Hornitzaileak aplikazio edo webgune batzuei pribilegioak ematen hasten direnean, orduan txikien ahotsa baztertuko da, eta denek galduko dugu. Internet da agian historiako sarerik irekiena. Honela mantendu behar dugu». AEBetako gobernuak horren aldeko apustua egin du, baina gurean kontrakoan dabiltza.
Sarean kontsumitzen diren datuen kopurua %74 hasi da azken urtean. Sare berrietan inbertitu behar da egoera hori mantentzeko; zuloak egin, zuntz optikoa bota, teknologia berrietara moldatu. Horrek guztiak, noski, kostu bat dauka eta ez txikia gainera; neutraltasuna galtzearen kostua, aldiz, izugarria da. Gure hileroko kuotak ez dira nahikoak nonbait makro enpresa hauen irabazientzat; irabazi marjinak mantentzeko gaur egun konexio penagarriak urrezko prezioan ordaintzen dizkiegula ikusi besterik ez dago. Baina, hala ere, libre nabigatu ahal dudan bitartean, nik nahiago dut konexio kaxkarrak mantentzea. Ea zentzu pixka bat behintzat sartzen zaien eta ulertzen duten sare honek arrakasta lortu badu irekia izateagatik lortu duela.




