-

Iņaki Soto

2010ko Otsailaren 19a

 

Harrigarria da azken hamarkadetan nazioarte mailan kanpaina politikoek izan duten norabide aldaketa. «Kanpaina» terminoa bere adiera zabalean erabiltzen dut hemen, inondik inora hauteskundeetako kanpainen sinonimo gisa. Historikoki, enpresen eta administrazioen kudeaketan eskuina nagusi zen bezalaxe, salbuespenak salbuespen, kanpainak ezkerraren ondare izan dira. Horren adibide dira orain dela hogei urte garaipena lortu zuen “Free Mandela” kanpaina edo bere garaian mundu osoan zehar –baita gure herri eta auzoetaraino ere– zabaldu zen “Nuclear power, no thanks” eguzkiaren kanpaina entzutetsua.
Gaur egun, ordea, Interneteko bilatzaile batean «campaign» hitza sartzen baldin badugu, eskuineko era guztietako plataformen aipamenak agertuko zaizkigu. Badakit Interneten balio zientifikoa mugatua dela, baina bere eragina, baita politikoa ere, oso handia da. Eta honetaz ari gara hemen. Hara, bada, eskuindarrek bultzatutako kanpainak «askatasuna» kontzeptuaz duten ikuspuntu bitxiari lotutako kanpainak dira. Eskuineko aktibismo honen jatorria, funtsa eta ibilbidea hobe ezagutzeko Susan Georgeren “El pensamiento secuestrado” liburuaren bigarren zatia gomendatzen dut (AEBetako kultura politikoaz eta orokorrean pobreziari buruz idatzi duen guztia ona iruditzen zait, baina kontuan izan europar gaietan,abertzaletasunaren eta ikuspuntu pluralista batetik Georgeren posizioak oso eskasak eta atzerakoiak direla, nire ustez). Liburu honen beste irakaspen bat hainbat eskuindar espainiarrek kultura politiko hau hona inportatzeko egiten ari diren ahalegina da.
Jakina, gobernuz kanpoko erakundeen kanpainak ere existitzen dira. Erlijiotik edo ikuspuntu laiko baina ekumeniko batetik lanean ari diren nazioarteko plataformek zuzendutako kanpainak dira: Amnesty International, Greenpeace… Hauen kasuan «ideologietatik haratago» omen dagoen ideologia baten ikuspuntutik pobreziaren, ekologiaren edo berdintasunaren aldeko kanpainak dira nagusi. Zentzu honetan, ezkerreko zein eskuineko Mendebaldeko herritarrei zuzenduta daude batez ere eta beren helburua zerbait aldatzea baino zerbait finantzatzea da, oro har. Kanpaina hauetako batzuk aro bat ere markatu dute: “We are the world, we are the children”-etik hasi eta Bono&Geldof bikote komikoraino.
Aurreko batean, Haitiko kasuari lotuta (Datorrena, 2010-1-22), karitatearen auzian ezkerrak dituen arazo moral eta politikoak aipatu nituen. Auzi honetan, ordea, ezkerraren arazoa zailagoa da ulertzen. Hein batean, instituzionalizatu egin dela esan daiteke, alegia, joko instituzionala bere aktibitatearen ardatz bihurtu dela eta alor horretan eskuinarekin lehiatzen ahalegindu dela. Puntu honetan, finantziazioa izan da bere ahulgune nagusietako bat. Beste arrazoietako bat globalizazioa izan daiteke. Bloke sobietarraren erorialditik eta globalizazioarekin batera ezkerraren agenda politikoa ugaldu egin da. Agenda hau antolatuko duen egituren faltan, elkarren artean lehian ibili dira kanpaina desberdinetako bultzatzaileak. Eskuinak ezarritako ereduei jarraituz, garai batean oso kritikatua izan zen kanpainismoa alboratu eta lobbysmoan jardun dute. Arazoa zera da, sarri lobby lan hau elkarren kontra erabili dutela, etsaia bakean utzita eta, haren aurka borrokatu ordez, ezkerraren agendan bere ikuspuntua lehenesteko borrokan. Nazioarteko foro sozialen ajeetako bat hauxe izan da.
Euskal Herriak historia oparoa du kanpainei dagokienez. Une jakin batean Europa mailan alor honetan erreferentzia izan ginela esan daiteke. Beste gauza askoren artean, hori berreskuratzeko garaia heldu dela iruditzen zait. Estrategia argi baten barruan badoaz, ekimenak eta kanpainak ez dira bateraezinak, elkarren osagarri baizik.