12 urte zituela Rufino Arrola ezagutzera eraman zuen aitak. Pianozko akordeoiarekin bere pieza bat jo eta harrituta utzi zuen artista: «Nondik atera da mutiko hau?". Egun hartan bertan bere trikitixa zaharra erosi zioten. Ordutik ez du instrumentua utzi eta kontent dago harekin egindako proiektu guztiekin, bereziki «Denboraren naufrago" altxor txikiarekin.
Maider Iantzi
2010ko Otsailaren 19a
Portugaleteko musikariaren azkeneko lana da «Denboraren naufrago» diskoa. Ausarta eta berritzailea. «Trikitixarekin jendea doinu tradizionalak entzutera ohituta dago, baina musika desberdinak egin ahal direla frogatu nahi dut nik», nabarmendu du.
Azalean bertan ikusten da Xabi Aburruzagaren puskatzeko asmoa. Bertan, jaka dotorearekin eta ilea gorantz jarrita ageri da, transgresio puntu batekin. Trikitixa txiki bat du eskuan, instrumentu nagusia hori dela adierazteko. Hala ere, ez du konplexurik izan zenbaitetan trikitixa isiltzeko. «Batzuetan gitarrarekin solo bat egiten dugu, edo jazz kutsu bat etortzen da, edo country musikara goaz, edo Quebeceko doinuak agerian gelditzen dira... Gustuko ditudan musikak fusionatu ditut».
Lasarten elkartu da GAUR8 artistarekin. Joseba Tapiarekin batera trikitixa eskola eman berri du eta handik etorri da guregana, irribarretsu, bere bi diskoen ale bana eskuan, oparitzeko. Parke lasai batean jarri eta lan berrienaz mintzatzen hasi gara. «Gogorra izan da, konpositore sena erakutsi nahi izan dudalako. Aurreko diskoan, `Bizkaiko trikitixa' izenekoan, doinu zaharrak bildu eta bertsioak egin nituen; oraingoan, ordea, nire musika sortu dut, eta nekeza baina oso polita izan da».
Trikitixarekin ere gauza berriak egiten ahal direla erakustea zuen helburu: doinu berriak asmatu, mundu berriak ikusi... Hamabi kantu egin ditu, bakoitza leku batean oinarritua. Eta horiek, Kirmen Uriberen testuekin eta Igor Zorrozuaren marrazkiekin batera, irudimenezko bidaia bat egitera gonbidatzen dute entzulea.
Guztiak azken urteotan bisitatutako tokiak dira, jotzera, oporretara edo lanera joanda ezagutu dituenak. Irlanda agertzen da, Italia, Euskal Herriko hainbat toki, Mexiko... Hain justu Mexiko izan da joan ez den leku bakarra. Honela azaltzen du Kirmenek: «Xabi Mexikora joatekoa zen Portugaleteko dantza taldearekin. Bidaia egiteko eguna heldu zenean baina, egun berean azterketa bat jarri ziotela konturatu zen. Mexikora joan edo azterketa egin, horra zalantza. Azkenean ez zen Mexikora joan. Dena den, bertara joan ordez, Mexiko nolakoa izango den imajinatu eta kanta hauxe idatzi zuen. Ez dakit azkenean azterketa gainditu ala suspenditu zuen. Mexiko imajinatzen, ordea, ezingo zuen nota hobeagorik atera».
Folketik datozen musika tresnak erabili ditu: mandolina, biolina, panderoa... Baita klasikotik etorriak ere: txeloa eta pianoak, adibidez. Azkenean, beti pentsatzen du kantuaren onerako lan egitea eta berdin zaio nondik datozen instrumentuak, emaitza baten bila doa eta sartu egiten ditu laguntzen badute.
Artista anitzen laguntza
Abesti guztiak berak konposatu ditu, bat izan ezik, Eloy Urrejolaren «Bossa Nostra». Bertze guztiak aspaldi honetan trikitixarekin sortu dituen kantak dira, gero hornituak. Lan luzea izan da, diskoa sei hilabetetan grabatu, nahastu eta kaleratu arren. «Hori da nire lan egiteko era, lehenengo materiala bildu eta istorio bat kontatzeko adina dugunean orduan grabatu, eta ez alderantziz, kantuak egin diskoa ateratzeko», agertu du.
«Disko osoak hasieratik amaierara koherentzia handia duela eta hori denboraren poderioz egindako gauza bat izan dela uste dut. Lehenengo kantutik, gustuko izan ala ez, landuta dagoela nabari da. Ekoizpen lana ikaragarria izan da. Mikel Fernandez Krutzaga izan da ekoizlea eta izen garrantzitsu bat izan da disko honen onerako».
Bertze artista anitz izan du lagun musikari gazteak: Joseba Tapia, Mikel Markez, Amaia Oreja, Xabi Zeberio, Pello Ramirez... Denak Euskal Herriko musikagintzan aski ezagunak. «Miresten dituzun pertsonak zure ondoan estudioan edukitzeak poztasuna ematen dizu eta eurengandik gauza piloa ikasten dituzu», adierazi du esker onez.
Tradizioa eta berrikuntza
Hamabi kantatik hamar instrumentalak dira eta bik Iñaki Aurrekoetxea bertsolariaren letrak dituzte. «Zergatik bi abesti letrekin eta gainerakoak instrumentalak? -galdetu dio bere buruari-. Bada, hala suertatu delako. Gero eta gehiago sentitzen dut istorioak kontatu behar ditudala eta gero eta gehiago hasi naiz letrak idazten, baina horretan nahiko eskasa naizela konturatu naiz eta horregatik jotzen dut profesionalengana».
Nola sortzen ditu Xabik kantak? Batzuetan, instrumentuarekin jolasean, trikitixarekin edo pianoarekin, pusketa interesgarri bat topatzen du. Ideia on bat sortzen bazaio gorde egiten du eta hurrengo goizean fresko dagoenean berriro aditu eta lanean hasten da. Bere iritziz, norberaren sortzeko gosea dago gauza guztien gainetik. Ez du arratsalde batean erabakitzen: «Kantu bat egingo dut». Suertatu egiten da. Kasualitatez.
Bere bidea egin behar duela sentitzen du. Tradiziotik dator eta orain proiektu berri batean dago. Biak dira ederrak berarentzat, eta beharrezkoak, nondik gatozen jakiteko eta nora joanen ote garen bideratzeko.
«Bizkaiko trikitixa» diskoan, kopla eta abesti zaharrak gaur egungo gaietara egokitu zituen. «Aupa Rufino» izan ezik, Rufino Arrola trikitilari izandakoaren omenez Xabik konposatutako abestia, bertze guztiak Fasioren, Mauriziaren, Leonen eta Rufino Arrola beraren piezak dira. Ekarpenen bat egin nahi zuen eta Iñaki Aurrekoetxea, Fredi Paia eta inguruan izan dituen bertze bertsolari batzuekin bertze irakurketa bat egitea bururatu zitzaion.
«Zein dira gaurko kezkak? Hipoteka garestiak, kultura, euskara... Pil-pilean dauden gaiei buruz aritu ginen. Harmoniak, moldaketak eta koplak berritu genituen, baina doinu zaharrak errespetatuta. Hortaz, alde batetik ezagunak izango ziren eta bestetik indartu egingo ziren, istorio berri bat kontatzen zutelako. Adibidez, kantu batean elizak husten eta gimnasioak betetzen ari direla kontatu genuen era ironiko eta barregarrian. Euskararen inguruan, `Orgulloso nago' egin genuen, nahiz eta ikastoletan gero eta gehiago erabili, askotan ateratzerakoan erdaraz egiten dela erakusteko».
Trikileku eskola sortu zuen eta klaseak ematen dabil, ikasitakoa ikasleei erakutsiz eta eurengandik ere gauza pila ikasiz. Bilboko Karmelo ikastolako kantua egin zuen; Bermeoko jaietakoa; Ibilaldikoa; Oskorrirekin jo zuen... Irkus Ansotegi pandero-jotzailearekin plazaz plaza ibiltzen da, Joseba Andoni Urrutiarekin ere bai... Jende ugarirekin. «Denboraren naufrago» diskoko taldea Quebecera joatekoa da irailean.
Txikitan, aitarekin erronka bat zuen: «Esaten zidan trikitilariak oso azkarrak zirela eta sekula ezingo nuela euren abilezia eduki atzamarretan. Pikatu egin nintzen eta orain hemen nago, aitari eta amari esker. Babes handia eman didate». Oraindik berarekin du Rufino Arrolaren trikitixa zaharra, bizi-bizirik hainbertze proiektu berrirekin.




