Arkaitz Zubiaga
2010ko Otsailaren 19a
Duela urte batzuk asmatutako kontzeptua den arren, azkenaldi honetan teknologia aurreratueneko sakelako telefonoen merkaturatzearekin batera indarra hartu eta erabilgarri egiten ari den ideia da errealitate aberastua. Edo agian entzunago egingo zaizuna, ingelesezko Augmented Reality terminoa. Baina zertan datza? Kontzeptua sinplea da: gailu baten bitartez mundu errealean ikusten duguna eta teknologiak eskain dezakeen ezagutza birtuala batzeari deitzen zaio «errealitate aberastua». Izenak berak dioen legez, mundu errealari informazioa eransteko aukera eskaintzen du, beraz. Mundu errealetik urrunago dagoen teknologia adierazteko inoiz «birtualitate aberastua» terminoa erabili den arren, «errealitate aberastua» da termino hedatua. Esaten denez, Thomas Caudell-ek proposatu zuen lehenengoz, 1990ean, garai hartan Boeing enpresako langile zela.
Errealitate aberastu honen ideia argiago ulertu ahal izateko, eguneroko bizitzan ohartu ere egin gabe ikusten ditugun lehen adierazle sinple batzuei errepara diezaiekegu. Esate baterako, telebistan futbol partidu bat ikusten ari garenean, hainbat aldiz ikus dezakegu teknologia hau: jokaldi jakin batean jokoz kanpokoa ote dagoen argiago ikusi ahal izateko, lerro birtual bat marrazten dute telebista kate batzuek, futbol zelaiaren gainean; era berean, futbol zelaiaren gainean publizitate birtuala ere gehitzen dute batzuetan, bertan dagoen afixa handi bat bailitzan. Edo igeriketa emanaldietan ere, munduko errekorra lortu ahal izateko igerilariek eraman beharko luketen posizioa adieraztearren lerro birtual bat erantsi ohi diete irudiei.
Gida turistikoak nonahi
Gaur egungo errealitate aberastuak harantzago joan nahi du, ordea. GPS bezalako teknologia berriak integratuz, oso erabilgarriak eta ikusgarriak diren aukera berri ugari ari dira sortzen. Aukera hauek oraindik hastapenean badaude ere, gaur egun eskura ditugun tresnek baliagarritasun handia erakutsi dute, etorkizunerako aukera berrientzako bidea irekiz. Jarraian azalduko ditut aplikazio hauetako batzuk.
GPS teknologia baliatuz errealitate aberasturako eskuragarri ditugun tresnak asko dira. Googleren Android sistema eragilean oinarritzen diren sakelako telefonoekin Layar izeneko aplikazioa erabil daiteke. Kaletik zoazela, aurrean duzun eraikin horri begira ipini zure sakelakoa, eta sistema honi esker informazio gehigarria topatu ahal izango duzu. Zein eraikin da hori? Noiz eraiki zen? Zein da bere eginkizuna? Honenbestez, gida turistiko gisara tresna aparta izan daiteke Layar hau. Baina honez gain, aurrean dugun denda, taberna, errepide edo beste edozeri buruzko informazioa, zein bideoak eta argazkiak modu errazean eskuratu daitezke honi esker. Baina harantzago ere badoa: demagun hiri ezezagun batean kale edo gune zehatz baten bila gabiltzala; aplikazio honi helbidea zehaztuz, mundu errealaren gainean markatuko digu jarraitu beharreko bidea. Honekin bai ez garela galduko. Gaur egun sakelako telefonoetarako dagoen tresna ahaltsuenetakoa dugu hau. Era berean, Wikitude delakoak ere antzeko zerbait egiten du, aurrean dugun eraikin, mendi, edo dena delakoari buruz Wikipedian dagoen informazioa erakutsiz.
GPSa baliatuz ere, badago iPhone sakelakoetan erabiltzeko tresna interesgarria: Nearest Tube. Momentuz Londresen bakarrik erabil daiteke, baina hedatzeko aukera ere izango du. Izenak dioen bezala, Ingalaterrako hiriburuko edozein puntutan gaudela ere, gertuen dugun metro geltokirainoko bidea erakutsiko digu. Sakelakoarekin gure ingurura begiratu, eta inguruan dauden metro geltokiak zeintzuk diren esango digu, horietako bakoitzerainoko distantzia zenbaterainokoa den gaineratuz. Hiria inondik inora ezagutu gabe, inori galdetzeko beharrik gabe, metro geltokiraino eramango gaitu tresna honek. Esan beharrik ez dago, metro geltokientzako balio duen honek, egunen batean edozein herritako tren edo autobus geltokietarako ere balio lezakeela.
Eta webgune batzuk hasi dira errealitate aberastua eta GPS bidezko kokapenaren abantaila hauei etekina ateratzen. Idealista izeneko atariaren bidez -etxebizitzak eskaintzen dituena erosi zein alokatzeko-, esate baterako, posible da kaletik goazela, sakelako aplikazioa ireki, eta gu gauden leku horretatik gertu dauden etxebizitzak zeintzuk diren jakin, eta horiei buruzko informazio gehigarria eskuratu. Erraza izan daiteke, beraz, modu honetan, kaletik zoazela etxebizitza bila aritzea.
Baina kokapenarekin zerikusirik ez duten tresna ugari ere badira. Horien artean TAT Augmented ID izenekoa. Izenak dioen bezala, «identitate aberastua», pertsonekin lotutako tresna dugu hau. Pertsona bat sakelakoaren aurrean ipintzerakoan, haren aurpegia gogoratuko du aurrerantzean, eta bere profila definitu ahal izango dugu, Facebook, Twitter eta beste sare sozial batzuekin lotuz. Ondorioz, aurpegien eta sare sozialetako profilen arteko loturak gordeko ditu aplikazioak. Hurrengo batean, gordeta dugun pertsona bat aurrean izaterakoan, sistemak automatikoki bere aurpegia atzeman, eta nor den gogoratuko digu, bere datuak erakutsiz. Harrigarria bada, gero.
Bideo-jokoen munduan ere egin ditu bere lehen agerraldiak errealitate aberastuak. PlayStation eramangarrirako Invizimals jokoarekin, besteak beste. Printzipioz, badirudi joko honek ez duela aparteko berrikuntzarik eskaintzen; munstro batzuen arteko borroka joko sinplea da, hasiera batean dirudienez. Berezitasuna ingurunean datza, ordea. Munstro hauek guk nahi dugun lekuan arituko dira borrokan. Honenbestez, kontsola eramangarria gure sukaldeko mahaira begira ipiniz gero, munstroak etxeko sukaldean borrokatuko dira.
Ikus daitekeenez, errealitate aberastuak orain arte eskaini dituen aukerak anitz dira, eta aukera zabalak, oro har. Kokapenarekin lotutako tresnak, pertsonekin lotutakoak, bideo-jokoen munduan ere badu aplikazioa, eta beste asko ere bai. Onena iristeko dago, hala eta guztiz ere. Azaleratu berria den teknologia honek etengabe aurrera egiten jarraituko du, eta indar handia hartuko du, batez ere, azken teknologiadun sakelakoen erabiltzaile kopurua hazten doan heinean.
Publizitate aplikazioak
Etorkizuneko aplikazio horien guztien artean, marketinarekin lotutakoak ere bai, nola ez. Zurrumurru batzuek diotenez, Google jada lanean ari omen da mundu errealean publizitate sistema garatu ahal izateko. Diru asko emango luke horrelako tresna batek. Izan ere, jatetxe batek ordaindu egin lezake, esate baterako, bertatik kilometro bat baino gutxiagora Googleren mapen tresna hori erabiltzen ari den orori jatetxe hori gomendatzeko. Eta ideia hau baliatuz, zerbitzu askok eta askok ordainduko lukete Googleren sistema honetan gomendio bezala agertzearren, bezeroak erakartzera bidean.
Baina harantzago joanez, eta teknologia honek eman ditzakeen aukera posibleak imajinatuz gero, beste hainbat aplikazio burura dakizkiguke: sakelakoa telebistari begira ipiniz gero, piztuta dugun kate hori zein den atzeman eta hurrengo orduetako programazioa emateko gai izango ote dira? aurrean dugun errepideari begiratuz, automatikoki gidatzen duten autoak garatzeko aukerarik izango ote da inoiz? Denbora dezente beharko da, agian, baina baietz egingo nuke.
Edonola ere, hemendik aurrera, errealitate aberastuaren inguruan azaltzen diren berrikuntzei erreparatu beharko genieke, zeresan asko emango baitute denbora gutxiren buruan. Gogoratzen duela urte batzuk «nik sakelakorik ez dut nahi» esaten genuenekoa? Abantaila hauek guztiak integratuta ditugunean, nork saihestu ahal izango du sakelako baten erabilera? Urte gutxiren buruan ezinbesteko bilakatuko direlakoan nago, gaur egun ordenagailu pertsonalak diren bezalaxe. Ikusiko dugu.




