e.lkarrizketa -

Fito Rodriguezen lekua hartu berria du Euskal Idazleen Elkartean. Kanpora begira, idazlearena ez da bere zereginetan ezagunena, baina, barru-barruan, bere zaletasun eta pasiorik indartsuena da.

Datuak

«Ordu gehien literatura idazten ematen dut»

Amagoia Mujika

2010ko Otsailaren 19a

Astebete pasatxo darama karguan. Bera da Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari berria, nahiz eta ohituagoak gauden beste lan batzuetan ikusten; soziologian, EHUn irakasle, hedabideetan analista... Hainbat literatur lan ditu argitaratuta eta oraintxe gau-mahaian dauka bere azken lana «ia-ia amaituta», argia ikusteko zain. Noiz? «Hilabete barru edo hogei urte barru». Pista handirik ez digu eman. Hala ere, ez du bere burua idazletzat.
Gau-mahaian akaso ez du jarriko, baina Leioako campuseko bere bulegoko mahai gainean hortxe dauka telefono mugikorra. Horixe lehendakari denetik sufritu duen lehen aldaketa. Orain artean ez zuen mugikorrik erabiltzen eta ez zuen erabili nahi gainera. Horregatik edo, ezezagun bati bezala begiratzen dio gailuari, edozein unetan eraso egingo duen beldur balitz bezala. Hala ere, karguak sortzen dion ilusioaz hizketan hasi orduko ahazten da telefonoaz.

Soziologoa, analista politikoa, EHUko irakaslea... egiteko horiengatik zara batez ere ezaguna. Eta, orain, Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria.

Elkarteko bazkide naiz duela urte batzuk. Baina nire kasua atipiko samarra da. Bazkideak egiteko kanpainan idazle izan zitezkeenak deitu zituzten eta, egia esan, nik nire burua ez dut inoiz idazletzat hartu. Ez zait hitza gustatzen. Hasiera batean ezezkoa esan nien, baina elkartearen egitasmoak azaldu zizkidatenean, berehala konbentzitu ninduten. Egitasmoa euskal literatura sozializatzea, euskarazko euskal produkzioa sozializatzea eta irakurleei begiratzea da, irakurleak zaintzea eta trebatzea. Eta hain juxtu horiek dira nire kezkak. Eta orduan sartu nintzen elkartean. Duela urte pare bat edo Fitok (Rodriguezek) deitu ninduen idazkuntza batzordean parte hartzeko proposatuz. Eta ordutik bertan aritu naiz «Hegats» eta «Kalegats» aldizkariak garatzen. Eta, orain, lehendakari postura jauzia.

Nola sortu da hautagaitza?

Fitok lau urte eman ditu, lan ona egin du, baina bere bizitzaren ibilbidea aldatu nahi zuen eta Suitzako unibertsitate batera joan da ikerketa lan bat egitera sei hilabeterako. Norbaitengan pentsatu behar eta nigan pentsatu zuen. Proposamena berak egin zuen, ondo kostata, bilera bat baino gehiago izan baititugu tartean. Kosta zitzaion ni konbentzitzea, pisuzko kargua delako, nahiz eta ilusionagarria ere baden. Nik barrutik gauzak nola zeuden jakin nahi nuen, jendearen harremanak nolakoak ziren ezagutu... Ez nuen toki ezezagun batera sartu nahi eta horri buruz asko eta luze hitz egin dugu. Gero, berak zuzendaritza batzordeari aurkeztu zion nire izena eta onartu egin zuten. Eta handik, Irurtzungo batzarrera. Eta han ere onartu egin zen.

Pisuzko kargua dela esan duzu. Zertan aldatuko du zure eguneroko bizitza?

Hasteko telefono mugikor bat eman didate. Hortaz, nik orain arte egin nahi ez nuen gauza bat egin behar izan dut. Nire bizitzan nahiago dut ia-ia harremanik gabe egon, nire bakardadean eta nik nahi ditudan lagunez inguratua. Ez dut inoiz ulertu orain egiten dudan hau; goizean telefono mugikorra piztu eta gauean, itzali. Honek, noski, nire errutina aldatu du. Horrek esan nahi du bulegoarekin harremanetan egon behar dudala etengabe; erantzunak eman, erabakiak hartu, bileretan parte hartu... Bai, aldatuko da nire egunerokoa, baina, hala ere, ez nau itoko.

Ilusionagarria dela esan duzu.

Bai. Elkarteak egiten duen lana eta egin dezakeen lana ilusionagarria dela uste dut. Eta mundu hau ezagutzeko aukera bikaina da. Lehen kanpotik ezagutzen nuen mundu hau; idazle batek idazten zuena irakurri, idazle batek gai bati buruz esaten zuena hedabideen bidez jaso, sortzen diren eztabaida erakargarriak jarraitu... Orain hori guztia gertuagotik bizitzeko aukera daukat eta hori oso aberasgarria da. Eta horrekin batera lan pedagogikoa ere oso garrantzitsua da; irakurzaletasuna sustatzea eskoletan, irakurle nagusiengana heltzea, euskal literaturaren mundu aberats hau aberastera etorri diren dinamika berriak ezagutzea -irakurleen klubak, blogariak eta sarean ematen diren mugimenduak-... Mundu hau benetan liluragarria iruditzen zait.

Orduan teknologia berriei ikusten diezu alderdi onik.

Bai, noski. Gainera, sarean ari da ematen literaturari buruz nik daukadan ikuspegia. Literatura kulturgintzari lotua, kulturgintza herrigintzari lotua... eta ez literatura idazle elite batetik edo argitalpenek osa dezaketen elite ekonomiko batetik begiratuta, azpitik begiratuta baizik. Euskal literaturak etorkizunik izango badu, eta badauka, azpitik eraikitako fenomeno bat delako izango da. Eta nire ustez hori bultzatu behar da.

Bertsozale Elkartea horren adibide ona da. Azpi-azpitik sortuta dago eta herriz herri eta koadrilaz koadrila funtzionatzen du. Ez du funtzionatzen lau bertsolari izar daudelako, nahiz eta horiek badauden eta oso onak diren. Eta literaturak ere eredu hori hartu beharko luke; izarrak badauzkagu, eta oso onak, euskal literaturaren ekoizpena ere ona da eta hori guztia osatu egin beharko litzateke azpiko egituretatik. Dinamika hori dagoeneko piztu da eta elkartea ezin da horretatik kanpo bizi.

Euskal Idazleen Elkartea ez zen azpitik sortu.

Idazleek sortu zuten. Baina euskal literatura nondik datorren kontuan hartu behar da. Garai batean hau guztia pentsaezina izango litzateke, nahikoa zen euskal idazleak egotearekin eta elkarren artean harremana izatearekin. Oso egoera txarretik etorri gara. Euskal kulturgintzan oso urte gogorrak izan dira. Euskal Herria analfabetoa izan da bere hizkuntzan eta hortik literaturara salto egitea ez da erraza. Salto hori eman den moduan eman da, idazleek bultzatuta. Literaturak beste kultur adierazpen batzuk baino oinarri elitistagoa du, baina, era berean, jendearengana iritsi beharra du. Eta bi bide daude iristeko: bata beste herrietan erabiltzen dena, propaganda eta marketin hutsa. Eta honek literatura hutsal bihurtzea dakar. Eta beste bide bat da maila jaitsi beharrean, irakurlearen maila eta prestakuntza igotzea. Eta bidea bigarrena dela uste dut. Masa kritiko bat sortu behar da eta dagoeneko ari da sortzen, eta behetik ari da sortzen gainera. Eta fenomeno hori oso-oso garrantzitsua da eta emaitzak ekarriko dituela uste dut.

Pasioz hitz egiten duzu masa kritikoaz.

Irakurtzea ez ezik, kritikatzea oso fenomeno interesgarria iruditzen zait. Jendea gauzak kritikatzen hasi da, iritziak trukatzen, eta horrek esan nahi du hor badagoela kezka bat. Hemen kritiko profesional oso gutxi daude, baina kritikak egunero irakurtzen ditugu egunkarietan eta sarean. Eta hori oso interesgarria da, batez ere kritikaren papera zehaztu gabe daukan euskal literaturaren barruan. Kritiko ofizial bat edo bi badaude, baina beti egon da tabu moduko bat euskal ekoizpena kritikatzeko orduan. Eta, agian, tabu hori hausten ari da badaudelako bultzada batzuk. Agian kritiko kontsakratu bat ez da ausartuko ez daki nor kritikatzen, baina bat-batean beste batek sarean egin duen kritika bati erantzun behar dio. Eta horrek aberastu egiten du kritika ere. Euskal literatura orain hor dago eta oso erakargarria da.

Tabua aipatu duzu. Euskaraz idazten zuenak nahikoa egiten zuela-eta ezin kritikatu, ezta?

Kultura bakoitzak mugak non dituen jakin behar du eta garai batean hori justifikagarria zen. Gaur egun, ez, literatura aberastu egin delako eta dagoeneko planteamendu teoriko serioetan hasi delako engaiatzen. Gaur egun ezin da edozer gauza onartu kritikaren bahetik pasatu gabe. Eta hori aberasgarria da literaturaren beraren kalitatea hobetuko badu.

EIEren egitasmoa ere aldatu egin da sortu zenetik gaur arte.

Garai hartan, kasik duela 30 urte, Euskal Herriak eta euskal kulturak zeukan erronka nagusienetakoa egituratzea zen. Politikan horrela gertatu zen eta kulturan ere berdin. Euskal idazleek elkartzeko beharra ikusi zuten, beren arazoek eta erronkek lur emankorragoa izan zezaten. Beste garai batzuk ziren, ekoizpena txikiagoa zen, kultura ulertzeko modua desberdina zen, kritikaren eta unibertsitatearen papera beste bat... baina, gaur, beste batzuk dira erronkak eta elkarteak horiei erantzun behar die. Ez du bakarrik idazleen beharrei erantzungo dien elkarte profesional bat izan behar, hori ere bai, baina hori baino gehiago izan behar du. Kulturgintzaren parte izan behar du.

Kulturgintzaren alor desberdinetatik nabarmentzen duzue batzuk besteen berri izan eta elkarlanean aritzearen garrantzia.

Nik uste dut hori dela etorkizuna, batez ere horrelako herri txiki batean eta dauzkagun indar gutxiak kontuan hartuta. Horri buruzko ereduak ere badauzkagu eta begiratu beharko genieke ia-ia ezerezetik sortu diren kultura indartsu eta garrantzitsu batzuei. Joxe Azurmendik behin eta berriro aztertu dituen kontuak dauzkat gogoan. Berak behin eta berriz esaten du alemaniar kultura, gaur egun Europako indartsuena eta akaso baita mundukoa ere, nola sortu zen ezerezetik, hizkuntza baturik gabe, nola idazleak hasi ziren bat-batean frantsesetik alemanera pasatzen... Oso ondo aztertu zuen giro hura eta nik uste dut Azurmendik oso ondo definituta duela euskal kulturak zer izan beharko lukeen. Eta hortik joan behar dugu; kultura makina indartsu bat sortu behar dugu, kultura dinamika indartsu bat.

Idazlearen lanak oso bakartia eta pertsonala dirudi. Nola bildu idazleak elkarte batean?

Euskal idazleak bigarren irakurketa bat dauka. Ezin da konparatu idazle alemaniar edota italiar garaikide batekin. Oro har, euskal idazleak bakarka lan egin eta euskal kulturaren munduarekin harreman gutxi izanik ere, oso garbi dauka euskaraz idazten duela eta horrek dauzkan mugak, kontraesanak eta abantailak ere beti dauzka presente. Hala ere, jarrera guztiak dira errespetagarriak. Berdin errespetatzen dut bere kristalezko burbuilan bizi nahi duen idazlea eta aktibista politiko bihurtu nahi duena. Tipologia horiek guztiak ditugu elkartean eta gure gizartean, eta guztiak dira errespetagarriak.

350 bazkide. Parte hartzea neurri berekoa al da?

Parte hartzea jaitsi egiten da eta hori ere aztertu nahiko nuke. Hor aldagai asko egon daitezke; agian idazle jendearen ezaugarri berariazkoa da edo agian elkarteak idazleen nahiak betetzen ez dituen bestelako gabeziak ditu. Hori aztertu nahiko nuke eta, konpontzekorik badago, konpontzeko bidean jarri.

Aurten EIEren aurrekontua 400.000 eurokoa da, duela bi urte baino 200.000 euro gutxiago. Ahuldade unea al da?

Pertzepzio hori badago, bai aurrekontua mugatuagoa delako eta baita tartean langile batzuen eskutitz leherkor bat izan delako -nire lehentasunen artean dago egonezin horiek konpontzea, oso garrantzitsua baita denak lanean gustura aritzea-. Baina ez da irudi erreala. Diru sarrerak jaitsi egin dira kultura arlo guztietan eta gurean ez da beste arlo batzuetan baino gehiago jaitsi. Hala ere, diru galera hau garrantzitsua da, aintzat hartu behar da eta hori konpontzen saiatu behar dugu. Eta horretarako garrantzitsua da gure proiektua saltzea eta egiten ditugun gauzak sozializatzea, bai bazkideen artean bai, oro har, kulturgileen artean. Kanpaina bat egin beharko da irudi hau bere onera ekartzeko. Eta ez du zertan propaganda kanpaina bat izan behar, kanpainarik hoberena praxia delako. Lanean jarraitu behar dugu eta elkarte honek bere zereginak dituela eta interesgarria dela erakutsi behar dugu.

Gau-mahaian duzun proiektu horrek noiz ikusiko du argia?

Ez dakit, proiektu zabala da, duela urte batzuk norbaiti agindu nion eta oraindik ez diot ezer entregatu. Proiektu konplexua da eta ez dakit noiz argitaratuko den, agian hilabete barru edo agian hogei urte barru. Nire egiteko modua hori da. Agian oso-oso gutxi falta da, azken irakurketa, baina oraindik ez dut garbi ikusi, eta garbi ikusi arte ez dut aurrera egingo. Ez dakit zein bulkada motaren arabera funtzionatzen dudan, baina horrela funtzionatzen dut. Izan ere, nik ez daukat presarik ezertarako.