-

Egoitz Lasa

2010ko Otsailaren 19a

Pasatu dira inauteriak eta bukatu orduko urterokoa entzun behar lagunartean: «Badakit datorren urtean zertaz mozorrotu behar dugun!» Aurtengo erle mozorroa baino zerbait hobea izango al da? Hori hotza pasa duguna! «Praktikoagoa izango da», dio batek, eta besteak, «onena mendizale janztea, epel-epel eta eroso». Urte guztian bezala orduan ere originalak gara gero, dedio! Hori da goretexa amortizatzeko gogoa. «Mekaniko esan nahi nuen, buzoa jantzi eta kito». Mejoratzen.

Hala ere, ajea pasatzeko aitzakia besterik ez da hortaz jardutea, badakigu datorren urtean ere azken egunera arte ez dugula ezer prestatuko. Azkenean beti bezala, «todo a cien» txino batean zer edo zer erosten bukatuko dugu. Ados, sinplea izango da, baina kontua ez da kristoren mozorro ikusgarria egin eta gero tabernetan guztiei gomaespuma ahoan sartzen ibiltzea. Ohar bat hemendik mozorro egile elitistei: ez saiatu sartzen etorbide zabal batean ibiltzeko egindako mozorroa leporaino betetako taberna batean. Traba egingo duzu, puskatu egingo da eta haserretu egingo zara. Espiritua da garrantzitsua. Espiritua eta komunera joateko erosoa izatea.

Inauteriak ederrak dira jendeak buruan dituen harrikadak ikusteko. Imajinazio ikaragarria dute askok. Hala ere, batzuetan imajinazioa norberak behar izaten du lagun bat hurbildu eta «zertaz noa?» galdetzen dizunean. Berak zerbait orijinala pentsatu du, prestatu egin du eta gustura dago emaitzarekin. Zuk zerbaiten traza hartzen duzu... Kapa bat eta galtzontziloak malla gainetik... superheroia. «Bai, baina zein?» Ea ba, buruan orinala... eulien pegatak itsatsita... K bat bularrean... zer zara mokordo bat? «Ez kakaman! Ez al da igartzen?» Joder zer da hau inauteri gaua edo mihiluzeko eroglifikoa? Begira, mallak marroiak dira eta kapa komuneko papera balitz bezala jarrita... Paperean sartuta badago behintzat, kaka ederra ematen ari da-eta.

Baina hauxe da inauteria, mokordoz jantzita gustura eta umoretsu egotea, eta ez deabrutxo katxondaz jantzi eta sexyarena egiten ibiltzea. Jai hauek zerbait ona badute, eguneroko itxurakeriatik ateratzeko aukera eskaintzen dutela. Itxura gorde beharrik gabe izan gaitezke gu.

Hala ere, hori tokiaren arabera da, izan ere, Donostia bezalako lekuetan dena itxura da. Desfilea ikusteko aukera izan dut aurten. Zatitxo bat eta nahikoa. Oraindik ez nago prest masokismo maila horretarako, ETB ikustearekin konformatzen naiz. Desfile paregabea, 3 ordu koreografia bera egiten sexy usteko jantzi ponposoekin mozorrotu gabeko ikusleen aurrean. Zer da hori? Hasteko aspergarria eta jarraitzeko itxurakeria hutsa, ez gatz eta ez piper. Hori bai, zuzena eta polita. Inauterien kontrakoa, alegia. Baina ez da harritzekoa guztia kanpora begira egiten den hirixkan. Guztiak polita behar du izan Donostian, eskaparatean bizitzea bezalakoa da. «Marko inkonparablean». Zoritxarrez, ez dago eskaparate hori hautsiko duen ganberrorik, ez dago umorerik.

Dena erakusteko da eta ez parte hartzeko, kanpotarrei erakusteko maketa erraldoi bat da Donostia. Garbiegia eta txukunegia, ez dauka usainik, ezta izaerarik ere. Eta hori bere festetan ondo igartzen da. Pixka bat zikindu eta kakaztu egin beharko litzateke hain aseptikoa ez izateko. Piratak aritzen dira udan kolorea jartzen, baina argi dago Donostiak inauterietan zerbait falta duela. Kaldereroak ez dira nahikoa. Uste dut badakidala zer den: Kakaman. Arazo bakarra dago La ciudad mas bonita del mundo-n ez dago mokordo hegalarientzako lekurik, ez «kapital kultural» izan daitekeen bitartean.