-

Maider Eizmendi

2010ko Otsailaren 19a

Ainhoa Arrozpide, Atez Ate Dudipe Bilguneko kidea

Otsailaren azken asteburuan egingo den herri galdeketaren aurrean baikor agertu da. Ziur dago herritarrak atez atekoaren alde daudela, «gainerakoan ez genituen lehen urte honetan lortutako datu ikusgarriak lortuko». Eraginkorra ez ezik, sistema hezitzailea ere badela dio: «Hondakinak pertsonalizatu egiten ditu eta ardura hartzen laguntzen du».

Zeintzuk dira zuek defendatzen duzuen ereduaren abantaila nagusiak?

Abantailak arlo askotan ditu atez ateko sistemak. Kudeaketari dagokionez, esate baterako, duen abantaila nagusia da gaikako bilketa izugarri handitzen duela. Usurbilen %28 izatetik %82 izatera pasa da eredu hau martxan jarri zenetik. Ez da kasu isolatua gainera, atez atekoa martxan jarri duten beste herri batzuetan ere ehuneko bertsuak dituzte eta kasurik hoberenean ia %90era ere iritsi dira.

Zaborra ez dena zabor bezala tratatzeari bide legala ixten dio sistema honek; izan ere, herritarrak hondakinak bereiztea beste aukerarik ez dauka. Errefusa, birziklatzen ez den zati hori, izugarri gutxitzen da sistema honekin; gainera, sistema garbia da, ez du beste frakzioetako arrastorik, ez du hondakin organikorik, eta, beraz, inertea da.

Horregatik guztiagatik, erraustegirik gabeko eta zabortegi tradizionalik gabeko kudeaketa bat ahalbideratzen du. Hala, osasunarentzat eta ingurugiroarentzat hobea da. Egun hauetan Katalunian bilkura bat egiten ari dira hondakin biologikoen inguruan eta bertan esan dutenez, zabor bezala tratatzen den hondakin organikoak dira berotegi efektuaren laugarren eragile nagusiak. Erraustegiak energia xahutzen du, nahiz eta energia sortzen duela esan. Kontua erretzen duen energiaren laurdena soilik berreskuratzen duela da.

Arlo ekonomikoan ere abantailak ditu. Erraustegia eraikitzeak zein erraustegiaren mantentze lanek inbertsio handia eskatzen dute; atez ateko sistemak, berriz, inbertsio txikia eskatzen du, kasu honetan herritarra bera baita puntako teknologia. Gainera, bilketa lanetarako-eta lanpostuak sortzen dira herrian bertan.

Erosotasuna ere aipatu behar da. Lehen ere birziklatzen genuenek edukiontzietara eraman behar izaten genituen hondakinak eta orain etxeko atarian jasotzen dizkigute. Sistema garbia ere bada; izan ere, egun ez dugu edukiontzietan pilatzen doan zikinkeriak eragiten duen kiratsik.

Zein desabantaila ditu bost edukiontziko sistemak zure iritzirako?

Osasunaren eta ingurumenaren zaintzaren aurretik arduragabetasuna eta erosokeria jartzen ditu. Nahiko balore negatiboak bultzatzen ditu eta gure ustetan, alor batzuk lehentasun gehiago dute. Azken batean, bost edukiontziko sisteman benetan ahalegina egiten duenaren esfortzua zapuztu egiten da, sailkapena ongi egiten ez dutenei bide ematen baitzaie zaborrak edonola botatzeko. Insolidarioa da.

Datuak ere hor daude. Edukiontzien sistemak bilketa selektibokoak baino ehuneko baxuagoak lortzen ditu, kasurik hoberenean %35ekoa. Aipatzekoa da adibide gisa Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak abian jarritako esperientzia pilotuan biztanleen %14aren parte hartzea baino ez dutela lortu.

5.000 biztanle baino gehiagoko herriak hondakin organikoak bereizita jasotzera behartuta daude. Proposatzen duten sistemarekin hori ez da ahalbidetzen; guztiena ez, nahi dutenena soilik ziurtatzen da. Arazoa guztia irensten duen edukiontzia izatea da.

Bosgarren edukiontzia defendatzen dutenek atez atekoaren inguruko datu okerrak eman dituzte, hau da, benetan gaika birziklatu dena baino gutxiago egin dela esan dute; aldiz, datuak hor daude. Hondakin gutxiago jasotzen direla eta beste herri batzuetara eramaten direla ere esan dute. Hala balitz, egun hondakinak zabortegietara eramateagatik ordaindu behar den dirua ikusita, beste herriak kexatu egingo ziren eta horrelakorik ez da gertatu. Ondoan dugun herria Lasarte-Oria da eta bertan ere zituzten zabor aurreikuspenak murriztu egin dituzte. Izan ere, besteak beste, krisiak ere eragina izan du zabor kopuruan. Beraz, ezin da horrelakorik esan.

Ia urtebete darama atez ateko sistemak martxan. Zer-nolako balorazioa egiten duzu?

Usurbilek aurreikusten zena baino ibilbide hobea egin du lehen urtean. Mundu mailan puntako emaitzak izan ditu, nahiz eta hori oztopatzeko jende batek aktiboki parte hartu duen. Horiek oztopatzen aritu ez balira are eta emaitza hobeak lortuko genituen. Kezka handia zegoen ekimena abian jarri aurretik, baina pixkanaka uxatzen joan dira zalantzak eta jendeak ikusi du ez dela sistema zaila. Herritarrak, gazteak eta helduak, konturatu dira igandetan ateratzen dugun errefusa oso gutxi dela.

Hori guztia, gainera, administrazio batzuek alboratu egin gaituztela kontuan hartuta. Beren helburua errauskailua eraikitzea da eta atez atekoak horretarako argudiorik gabe uzten ditu.

Usurbil irakaspen bat ematen ari da Euskal Herri mailan, sistema hau bideragarria dela erakusten ari baikara eguna joan eta eguna etorri. Horregatik dago interesa beste herri batzuetan ere.

Zein pisu du heziketak proposatzen duzuen sisteman?

Heziketa garrantzitsua da atez ateko bilketarako, baina, halaber, sistema bera oso hezitzailea da, kontzientzia hartzen laguntzen baitu. Sortzen dugun zaborraren zirkuituaren aurrean begiak zabaltzen dizkizu. Hondakinak pertsonalizatu egiten ditu eta ardura hartzen lagundu. Ahalik eta gehien birziklatu eta berrerabili behar da eta bide horretan jartzeko tresna eraginkorrena da atez ateko bilketa. Honetan eta ez ondorengo tratamenduetan inbertitu behar da dirua. Etxeak oinarrietatik eraiki behar dira eta ez teilatuetatik.

Gizarte kontsumista honekiko gure kontzientzia kritikoa pizten ere laguntzen du. Beste sistemak erosokeria bultzatzen duen bitartean sistema honek ardura bultzatzen du eta hori ere positiboa da, hezitzailea. Balore batzuk bultzatzen ditu atez ateko sistemak: herritar sentitzea, gizarte baten parte, jokabide arduragabeek ondorio batzuk dituztela jabetzea...

Gure ustez, errauskailuan inbertitu nahi den dirua heziketan eta ikerketan inbertitu beharko litzateke.

Nola erantzungo dute usurbildarrek galdeketan?

Galdeketa atez ateko sistema ezartzearen parte gisa ulertzen dugu, prozesuaren parte. Prozesua eredugarria izan da, jende askok parte hartu du; sistema martxan jarri aurretik ere, herritarrek zehaztu zituzten xehetasunak, ordutegiak eta egutegia. Eta galdeketa prestatzeko ere herritarrei eman zaie hitza.

Ezagutzaren elementua ere oso garrantzitsua da. Galdeketa hau atez atezkoa ezarri aurretik egin izan balitz, herritarrek ez lukete jakingo zer-nolako sistema den. Behin sistema ezagututa, orain erabakitzeko aukera dute, sistemaren ondorioak zeintzuk diren jakinda gainera. Sistema garbia eta merkea da atez atekoa eta probatu eta erabakitzeko aukera ematen du.

Kontuan izan behar da atez atekoa abian jarri duten herri askotan, Katalunian esaterako, aurretik errauskailua izan dutela eta arazoa konpondu ez dela frogatu dutela. Herri horietako batean erraustegia egin eta gero eta zabor gehiago sortzen zuten. Bi aukera zituzten: erraustegia handitzea edo beste sistema bat abian jartzea. Atez atekoaren aldeko apustua egin zuten, besteak beste, errauskailua mantentzea ikaragarri garestia zelako. Eurak etapa zikin eta ilun horretatik igaro dira. Guk aukera dugu hori eragotzi eta zuzenean sistema egokiena sostengatzeko. Garaiz ikusi dugu bide zuzena zein den.

Galdeketan atez atekoaren aldeko emaitza garbia espero dugu. Egiten ari garen kanpainan asko hitz egin dugu herritarrekin eta ikusi dugu jendea sistemaren alde dagoela, konturatu delako ez dela sistema konplexua. Lehen gaika birziklatzen ez zutenek arazo gehiago izan dituzte, baina asko ohitu egin dira. Usurbildar askok, gainera, sistemarekin bat datozela adierazteko gogoa dute; ekimenarekin harro daude. Argi dago, herritarrak kontra egongo balira ez genituela emaitza hauek lortuko.

Bost edukiontzien sistemaren alde egingo balitz, jakitun gara berriz ere atez atekora itzuli beharko genukeela hemendik denbora batera, sistema hau baita arazoa konpontzeko modu eraginkor bakarra. Trena hartuko dugu edo ihes egiten utziko diogu? Hala ere, argi utzi nahi dut guk ez dugula aukera hori aurreikusten. Gure helburua jendeak parte har dezan da. Horregatik herritar guztiei botoa emateko deia luzatzen diegu.

Zer-nolako giroa bizi da herrian?

Komunikabideetan irudikatu den liskarrik ez dago herrian, salbuespena dira liskarrak. Azken batean ez daude bi argudio sail bata bestearen kontra. Batzuk hain argi dugu bide zuzenetik goazela... Ez dago eztabaidarako arrazoi handirik. Atez ateko sistemarekin bat egin ez dutenek badakite beren argudioak ez direla defendagarriak gizartearen aurrean.

Esan beharra dago, gainera, gure bilgunean hasiera batean bost talde geundela: Usurbil Bizirik, Atez Atekoaren Jarraipen batzordea, Zubieta Lantzen, Alkartasuna baserritar kooperatiba eta Gipuzkoako Errausketaren Aurkako Plataformen Koordinadorako Usurbilgo ordezkaritza. Sorreran talde horiek geunden, baina herriko beste talde eta eragile askoren babesa jaso dugu, baita makina bat herritarrena ere.

Konturatzen ari gara herri oso batek egin nahi duela atez ateko sistemaren alde. Azken batean, jarrera horri aurpegiak jartzen besterik ez gara ari gu. Galdeketa, helburu bat baino, bitarteko bat da. Zero zabor sortzeko norabidean jendea biltzeko balio behar du; abiapuntu bat da.

Usurbilen egingo dugu, baina aldi berean Euskal Herri osoari luzatzen diogun aldarrikapena izatea nahi dugu, hondakinen arazoa guztiona baita. Lehen aipatu dugun tren hori Usurbilen abiatuko da, baina bertara Euskal Herriko herri guztiak igotzea nahiko genuke.

 

Pedro Ibarra, Bost Edukiontzien Aldeko Herri Plataformako bozeramailea

Hainbat herritar atez ateko bilketa sistemarekin «kokoteraino» daudela eta «inposatutako sistema» dela salatzen du. Plataformako kideen apustua bost edukiontzi jartzearen aldekoa da, «merkeagoa, bideragarriagoa eta jasangarriagoa» delako. Herri galdeketaren aurrean beldur azaldu da, «iruzurra» izango dela uste baitu.

Zeintzuk dira zuen plataformak proposatzen duen aukeraren abantaila nagusiak?

Usurbildarrak jakitun gara birziklatzearen garrantziaz eta horretan jarraituko dugu. Ez dago zalantzarik bizilagunak badakigula gure etxeetan hondakinak bereizten. Horregatik bost edukiontziko sistemaren aldeko apustua egiten dugu, bai eta autokonpostajea bultzatzearen eta hondakin sorkuntza murriztearen aldekoa. Bost edukiontzirekin atez ateko bilketan adinako bilketa selektiboa egingo da; akaso, hobea ere bai, modu horretan hondakin guztiak Usurbilen geratuko baitira.

Guk defendatzen dugun sistemak legea errespetatzen du, hondakin frakzio guztiak, baita organikoa ere, biltzeko aukera ematen duelako eta autokonpostajea bultzatzen duelako. Gainera, atez ateko sistema ez bezala, borondatezko sistema da, libreki hartzen da parte, inposiziorik gabe. Sistema erosoa da, halaber, askatasun gehiago ematen baitu hondakin organikoak edukiontzietara edozein egun eta ordutan botatzeko. Sistema garbia eta estetikoa da, edukiontziak, ahal bada lur azpian kokatutakoak, kalean eta etxebizitzen inguruetan zaborra eta usain txarra izatea ekiditen baitute. Azkenik, askoz ere sistema merkeagoa, bideragarriagoa eta jasangarriagoa ere bada.

Kontsultarako gure leloa «Birziklatu bost edukiontziekin atez atekoaren beharrik gabe» da. Esaldi sinple horrekin birziklatzearen alde egiten dugun apustua irudikatu nahi dugu. Gure irudia zabaldutako esku bat da eta gure lana eta esfortzua erakutsi nahi du. Eskuarekin libreki eta anonimoki bozkatuko dugu, eskuarekin atez atekoari aurre egingo diogu.

Zein desabantaila ditu atez atekoak?

Desabantailarik handiena Usurbilen inposatutako sistema izan dela da; hau da, nahitaez hartu behar da parte. Atez ateko sistema ezker abertzalearen aukera politikoa izan da, ez egunerokoan herritarren bizimodua hobetzeko, baizik eta biolehortze planta eta hondakinen balorazio energetikorako planta izango dituen eta Zubietan eraikiko den Hondakinen Kudeaketarako Zentroa eragozteko. Gure ustez etorkizunak frogatuko du ez Usurbilgo atez atekoak, ez Hernanikoak ez Oiartzungoak ez dutela Gipuzkoa osoari zerbitzu emango dion zentro hori eraikitzea eragotziko.

Atez ateko sistema ez da Usurbil guztian aplikatzen eta, gainera, ez ditu hondakin guztiak batzen. Zubietan, esaterako, ez da zaborra atez ate jasotzen. Gainera, beira edukiontzietan batzen jarraitzen da eta, hala ere, birziklatze maila %20 handitu da. Altzariak, ordenagailuak... bizilagunek eraman behar izaten ditugu garbigunera.

Atez atekoan jendeak egokitu behar du sistemara; bost edukiontziko sisteman, aldiz, sistema bera egokitzen zaie herritarrei. Atez atekoa ez da erosoa: egutegi eta ordutegi zorrotzak ditu, poltsa, kubo eta esekitokiak behar dira eta bizilagunak une oro izan behar dira adi. Gainera, sistema zikina, garbitasun gabea eta inpaktu bisual handikoa da. Horrez gain, ekonomikoki suposatzen duena ere aintzat izan behar da. Atez atekoak inbertsioa handiak eskatu ditu, materialetan, ekipoetan eta langiletan. Bost edukiontziko sistema askoz ere errentagarriagoa da.

Nola baloratzen duzue azken urte honetako esperientzia?

Atez atekoaren emaitzak ikusita, aipagarria da zati organikoaren bilketa selektiboa, aurretik egiten ez zena. Baina, aldi berean, aurreko urtearekin alderatuz, atez atez bildu diren hondakinen kopurua %35 jaitsi da. 80 tona inguru desagertu dira hilero beste herri batzuetan utzi direlako, errepideetan, bideetan eta mendi inguruetan bota direlako edo, gainerakoan, komunetik behera isuri direlako.

Atez atekoa defendatzen dutenek hondakinen %80 birziklatzen direla esaten duten arren, ehunekoa ez da %52 baino handiagoa. Atez atekoa defendatzen dutenek bost edukiontziko sistemak halabeharrez errauskailua ekarriko duela diote. Gure galdera honakoa da: «Akaso, atez atekoak, %52ko birziklatze tasarekin, ez?»; «zer egingo dugu gainontzeko %48arekin?». Jendea nahasten saiatzen dira, mahaiaren gainean beste eztabaida bat jarriz. Guretzat gauza bat da bilketa da eta beste bat ondorengo tratamendua.

Zein leku betetzen du hezkuntzak zuen aukeran?

Aukera baten edota bestearen arrakasta herritarren parte hartzearen baitakoa da. Jendearen jarrera ona izateko hiru baldintza aztertu behar dira batik bat: erosotasuna, garbitasuna eta kostua. Guk garbi dugu hiru alor horietan bost edukiontziko sistemak abantaila handiagoak dakartzala.

Heziketa oinarrizkoa dela uste dugu. Hondakinak bereizten ikasi behar dugu, ondoren edukiontzi ezberdinetan uzteko. Atez ateko sistemarekin, ordea, kaleko zakarrontziak kendu egin dira. Nola erakutsiko diegu eskolako gazteei zakarrak lurrera bota beharrean zakarrontzietara bota behar direla?

Nola erantzungo dute usurbildarrek galdeketan?

Ez dugu zalantzarik usurbildarren gehiengoak, beren aukera politikoa edozein izanda ere, boza emango duela, ezker abertzalea esaten ari den gezurrei kasurik egin gabe; izan ere, bost edukiontziko sistemaren alde egotea errauskailuaren alde egotearen parekoa dela esan du. Ziur gaude abstentzio maila ez dela aurreko hauteskundeetako mailara iritsiko. Hondakinen gaia apolitikoa da, baina herritarrei zuzenean eragiten die. Herritarrek libreki eta sekretupean bozkatuko dugu, guztiontzat onuragarriago izango den aukeraren alde.

Zer jarrera atzematen duzue kalean?

Gogo handia dago hondakinen bilketaren gainean libreki espresatzeko. Gainera, atez ateko bilketarekin kokoteraino gauden herritarrak erabat ziur gaude bost edukiontziko sistema argi nagusituko dela. Orain urtebete gure plataformak bultzatu zuen galdeketan izan zena baino parte hartzeko gogo handiagoa dago egun herritarren artean. Hala ere, zalantza asko daude galdeketaren gardentasunaren gainean; izan ere, Udalak aukeratu duen prozedurak hutsune asko ditu  bozketa guztiek errespetatu behar dituzten baldintza demokratikoei dagokionez. Horregatik, beldur gara atez atekoaren aldeko iruzurra egingo ote duten.

Euskadin horrelako egoeretarako legedirik ez dagoenez, herri galdeketa egiteko prozedura bat onartu dute. Hori analogia legalaren printzipioa jarraituz egin  behar zen eta ez da horrela egin. Parte hartzea sustatzeko bi bozketa egun ere jarri dira, azken 30 urteotan salbuespena dena Estatuan. Halaber, aurretiaz bozkatzeko aukera ere eman da, bi egunetan hori ere. Udaleko idazkariari eman behar zaizkio botoak. Ez dugu inolako ziurtasunik udaletxean utzitako botoak izango direnik gero hautestontzietan botako direnak.

Izango diren sei bozketa mahaietako kideei dagokionez, hamabi presidenteak eta hamabi ordezkoak, idazkariak aukeratu ditu Udaleko langileen artean; bien bitartean, 24 bokalak eta 24 ordezkariak boluntarioak izango dira. Gainera, alderdi politikoek bakarrik izan ditzakete ordezkariak eta, hortaz, plataformako kideek, hau da, galdeketa bultzatu dugunok, ezingo dugu ordezkaririk izan. Bestalde, hauteskunde zerrenda udal erroldatik atera dute eta ez errolda ofizialetik; horrenbestez, epai bidez bozkatzeko aukera debekatuta dutenen gaineko inolako kontrolik ez da izango. Gainera, udal taldeetatik haratago ez da berme batzorderik izango. Notario bat izango da. Horri emango zaizkio aurretiazko botoak eta berak jaso beharko ditu sei hautestontziak lehen bozka egunaren amaieran bigarrenaren hasieran itzultzeko. Ezinezkoa da pertsona bakarra aldi berean hauteskunde mahaien itxiera eta irekiera guztietan izatea; izan ere, herriko auzo desberdinetan kokatuko dira.


Galdeketan hiru aukera izatearekin ere ez zarete ados agertu.

Galdeketarako hiru erantzun posible prestatu dira. Lehengo sistemara, hau da, lau edukiontzikora pasatzeko aukera ilegala da izatez, udalak hondakin organikoen bilketa sustatzera behartuta baitaude. Argi dago Udalak atez ateko sistemaren aurka gaudenen botoak zatitu nahi izan dituela horrela. Zer gertatuko da, ordea, edukiontzien bi aukerak atez ateko sistemak baino boto gehiago batzen baldin baditu? Edukiontzien sistemara itzuliko gara?

Aipatutako arrazoi hauek guztiak ikusita, iruzurra izango ote den beldur handia dago. Gainera, herrian kartelen borroka ematen ari da, ez bakarrik bost edukiontzien alde egiten dutenak desagertu direlako, baita atez ateko sistemaren aldekoak gezurrez beteta daudelako ere.

Alkatearen jarrera ere salagarria iruditzen zaigu. Herri galdeketaren aurrean neutraltasuna mantendu eta parte hartzea sustatu beharrean, jasotako hondakin kopuruen datuak ez ditu eman, ezta atez atekoak eragindako gastuenak ere. Aldiz, atez ateko sistemaren propaganda egiteko idatzi bat kaleratu du.