Duela 400 urte Euskal Herriko herri anitzetan gertaera goibel, bidegabe eta ikaragarriak izan ziren. Ttipienen haurtzaroa hondatu zuten, emakume eta gizon babesgabeen bizia suntsitu eta jende ona auzoko fidagaitz bilakatu. Zugarramurdin, eurei omen egiteko eta gertatu zitzaiena kontatzeko ekitaldiak izanen dira urte guztian.
Lancreren arabera, gurea sagarren herria zen
Sorgin ehizak jarraitzen al du? Nor da orain sorgina? Nor ehiztaria?
Maider Iantzi
2010ko Otsailaren 19a
Zugarramurdiko sorginen auziaren urtemuga azaroaren 7an eta 8an izanen da zehazki. Data horretan egin zuten Logroñoko Auto Fedea, 1610ean. Hori da aurten gogora ekarri nahi dutena, helburu bikoitzarekin. Ainhoa Agirrek, Sorginen Museoko eta Leizeko kudeatzaileak, azaldu duenez, auzipetu zituzten emakume, gizon eta haurrak oroitarazi eta omenduko dituzte. Guztira 31 lagun eraman zituzten eta horietatik hamaika erre zituzten sutan. Horrez gain, azken urteotan zugarramurdiarrak eta Udala lanean aritu dira turismo eta kultura eskaintza hobetzen, eta bisitariei begira aurten egitarau oso bat prestatzen saiatu dira. Horri esker, herria mapan kokatuko dute jendeak erreferente gisa hartzeko eta bertan geldialdia egiteko.
Hil edo auzipetu zituzten pertsonen omenez hainbat ekitaldi prestatu dituzte, adibidez, 31 zugar landatuko dituzte. Zugarrak Zugarramurdi herriarekin zerikusi handia du, izena ere zuhaitz honetatik hartu duelako.
Haurrek ere izanen dute paper protagonista. Ainhoak jakinarazi digunez, eurei zuzendutako egitaraua nahiko xumea da, aurrekontu ttipiarekin egina, baina hagitz polita. Haurrekin eskolan bertan etxeen izenak lantzeko asmoa dute. Hilabetean behin, ostiral arratsetan herritarrak, Udaleko kideak eta Museoko ordezkariak biltzen dira udaletxean ideiak bota eta denen artean egitaraua osatzeko. Bilera horietako batean batek erran zuen interesgarria izanen litzatekeela etxeen izenak berreskuratzea, jende adinduak eta helduak bizilagun batez solas egitean pertsonaren izena beharrean etxearena erabiltzen duelako, baina ohitura hori galdua dagoelako gazteengan.
Museoan bisita gidatu bereziak egiten ari dira eta horretarako Donostiara joan berri dira jantzi bila. Orain arte euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez egin dituzte, eta aurten ingelesez ere prestatu dituzte. «Haur txikiek batzuetan ez dute museoa ongi ulertzen. Hortaz, haur taldeak etortzen direnean antzerki txiki bat egiten dute nire lankideek. Borondate onez egindako zerbait da, baina ez gara adituak eta enpresa batekin egonen gara, ea laguntzen diguten materiala sortzen, modan dauden maletin horien gisako zerbait».
Agirrek nabarmendu duenez, egitarau hau Nafarroako Gobernuko Turismo eta Kultura sailekin izandako bileren ondorio da, baina batez ere Udaleko eta Museoko jendeak eta bizilagunek bota dituzten ideiei esker osatu dute. «Herritarrak pila bat inplikatu dira eta programa polit eta osoa egitea lortu dugu, aurrekontu ttipi samarrarekin».
Lapurdi 1609-2009 elkartea
Lapurdi 1609-2009 elkarteak duela hemezortzi hilabete ekin zion bere egitarauari, Mixel Mendiburu bertako kideak oroitarazi duenez. Bertze elkarte bateko, Lauburuko Claude Labatek, mintzaldi pila bat eman ditu eskoletan eta bertze leku batzuetan orain 400 urteko gertakizunak aipatuaz eta gauzak zuzenduaz. Eta Lapurdi 1609koak hitzaldiak herritarren artean antolatzen ere saiatu dira. Hamar bat egin dituzte, Baionan, Saran, Urruñan, Senperen, Azkainen... Gai desberdinez, ez sorginen auziez bakarrik. Denbora hartan jendea nola bizi zen azaldu dute, zer sinesmen zituen, zein bizimodu, zer harreman zuten batzuk bertzeekin...
Emakumeek gizartean jokatu behar izan zuten papera ere nabarmendu nahi izan dute. «Jainko bat baldin bazen deabru bat ere beharko zen, horrek sortzen zituen ondorio guztiekin. Eta emakumeak deabruarekin lotzen zituzten», ekarri du gogora Mendiburuk.
Azaldu duenez, azken urte hauek arte inork ez zituen aipatzen duela 400 urteko gertakizun haiek. Sorgin dantzak egiten zituzten, baina sakoneko gauzarik ez zen agertzen. Dena folklorizatua zuten. «Guk erraten genuen erre zituzten neskatxa eta emazte horiek ez zirela inondik ere sorginak izaten ahal. Gorroto ditugun marrazki batzuk badira, emazte zahar bat erakusten dute, izterpean erratz bat duela, airean. Sorginen ikur bilakatu da hori. Euskal Erakustokiak sorginak irudikatzeko eskatu zuen eta San Juan de la Peñak aker bat egin zuen, gainean emazteak larrugorritan zituela. Irudi horiek gelditu dira jendearen begietan». Urteetan horrela irudikatu dituzte sorginak eta hori apurtu eta egiatik ahalik eta hurbilen egoten ahalegintzen dira Lapurdi 1609koak.
«Kontu politiko izugarri garrantzitsu bat ere bada. Garai hartan euskaldunak Ternuara joaten ziren arrantzan eta tratuak egiten zituzten hangoekin. Hemendik burdin edo kobre landuak eraman eta hango larruekin trukatzen zituzten. Hartu-eman onak zituzten indioekin eta hori Enri IV.ari ez zitzaion batere interesatzen. Frantzia hango tratuen jabe izan zedin nahi zuen. Borrokak ere izan ziren euskaldunen eta Enri IV.aren ordezkarien artean, han, Ternuan, eta mehatxu bezala sorgin ehiza sortu zuen erregeak Lapurdin. Berak igorri zuen Pierre Lancre Lapurdira. Artxiboetan ageri da hori», ohartarazi du Mixelek.
Nor da sorgina? «Euskal definizioan, hitz polita da sorgina. Sortu egina erran nahi du, sormena. Argina edo zurgina bezala. Baina hori desbideratu egin da eta atso zahar bat bilakatu da, erratz gainean ibiltzen dena. Sorginak pertsona baliotsuak ziren, emaginak ziren eta landareen baloreak eta indarrak ere menperatuak zituzten. Bazekiten landareekin jendea nola sendatu. Hitz atsegina zen sorgina, baina gero desitxuratu egin dute, balorea kendu diote, ezkor bilakatu dute, folkloreko atso zahar. Urteak eta mendeak eman ditugu horrekin eta horri buelta eman behar zaio. Mintzaldien bidez hori egin nahi dugu eta lortzen ari garela pentsatzen dut, inork ez baititu gehiago aipatzen lehengo itxura itsusi haiek eta jendeak sorgina aipatzen duenean kasu ematen duelako zer erraten duen. Alde batetik gertatu dena dago, bertzetik mitologia eta elezaharrak, eta ez dira biak nahasi behar». Hori zaintzea da euren lana.
Joan den asteburuan bertso saioa egin zuten Baionan gai horren inguruan, gure arbasoez oroitzeko eta baita bertso ederrekin omentzeko ere. «Duela 400 urte herritarrek eta etsaiek, denek zekiten euskara. Gaur ez da horrelakorik. Bertso saioa primeran joan zen, 350 lagun bildu ziren eta estimatu zuten. Nahiz eta bi ordu iraun, laburra iruditu zitzaien», agertu du Mendiburuk kontent.
Asteazkenean, aldiz, ekitaldi bat egin zuten Senperen. Nestor Basterretxeak bere obra bat proposatu zien gertakizun horiek ospatzeko eta lan hori aurkeztu zuten. Eskulturak herritarrek denbora hartan pairatu zutena erakusten du. Orduan 600-700 bat pertsona akusatu, erbesteratu, preso hartu edo erre egin zituzten. %80 emazteak edo neskatxak ziren eta horiek omentzeko egin du Basterretxeak obra hori. 700 horietatik 200 Bordelera erbesteratu zituzten eta erraten dutenez, 100 bat jende sutan erre zituzten. Ez daude seguru 100 edo 200 izan ziren. Lan handia dago oraindik egiteko gai horren inguruan. Itsas hegiko zortzi herri izan ziren bereziki sufritu zutenak: Urruña, Donibane Lohizune, Ziburu, Sara, Senpere, Azkaine, Baiona eta Angelu. De Lancre ez zen gehiegi sartu Lapurdi barnera. Arrantzaleei zien gorrotoa. Inguru honetako etxe ederrak ordukoak dira, arrantzatik etorritako mozkinekin eginak. Hemen laborantza tristea zela erraten dute.
Denbora hartan Lapurdin 30.000 bizilagun ziren, eta horietatik 2.500-3.000 Ternuara joaten ziren arrantzaleak ziren. Inkisidore frantsesa etorri zelarik jendeak ihes egin zuen Nafarroa Beherera, Nafarroa iparraldera ere bai askok, beldur izugarria sartu baitzen lurralde osoan.
Mendiburuk azpimarratu duenez, historiak ez digu kontatzen sorgin ehiza Enri IV.ak agindu zuela, beti De Lancre aipatzen da. «Errege ona izan zela azaltzen digute, baina gorroto zuten, berak jarri baitzituen zimenduak botere bat eta bakarra sortzeko: errege bat, erlijio bat, lur eremu bat, hezkuntza bat. Orain ezagutzen dugun Frantziaren oinarriak jarri zituen. Horregatik goraipatzen dute frantsesek, jakin behar da, ordea, gerra ekarri zuela auzo-erresuma ttipietara. Guk gutxiengo deitzen ditugun horiek garaitu zituen: bretoiak, flandriarrak, saboiak. Eta Lapurdi menperatu zuen».
Elkarteko kideek egindako mintzaldiak eta ekitaldiak liburu batean biltzeko asmoa dute. Pazko Astelehenean, Sarako liburu azokan aurkeztu nahiko lukete. Azkenik, gai hori agertuaz antzerki bat ere prestatzen ari dira udaberri parterako.




