Josu Juaristi
2010ko Otsailaren 19a
Batasuneko batzarrek berretsitako ebazpenaren astea izan da hau, zalantzarik gabe, eta hurrengoak ere markatuko dituela iragar daiteke, lasai asko. GARA eta «Berria» egunkariek aurreondorioak argitaratu zituztenean, alderdi eta komunikabide askok ezkutatu egin zuten, nolabait esateko, horren mamia. Orain, ezagutzera eman den momentutik, denen ahotan ibili da barne eztabaidari bukaera emanez berretsitako ebazpena. Asteartetik hona ikusi ahal izan denez, batzuek, unionisten lerroetan sailka ditzakegun alderdi eta eragileek, betikoa dela edota «ez dela nahikoa» esateko. Beste askok, ordea, herri honetako eragile askok, oso positibotzat jo dute ezker abertzalearen barne eztabaidatik atera dena, hor finkatu eta erabaki den estrategia politikoak aro berri bat irekitzeko balio dezakeelako, batzuek nabarmendu duten bezala.
Denborak (epe laburrean ulertuta edo, beste era batera esanda -«Zutik Euskal Herria» izenburua duen ebazpenean bezala-, termino politikoetan ulertuta) esango du non kokatzen diren herri honetako eragile politiko, sozial eta sindikalak (dagoeneko iritzia eman dutenak eta oraindik eman ez dutenak), eta zer egiteko prest dauden aro berri hori ekartzeko, elikatzeko edo sortzen laguntzeko. Ezinezkoa baita, edo oso zaila bederen, soilik alde baten borondatearekin, anbizioarekin eta konpromisoarekin helmuga egokira eramatea tamaina honetako erronka, marko demokratikoa ekarriko duen prozesu demokratikoa abiaraztea eta garatzea.
Ezinezkoa baita, izan ere, «prozesua» edota «prozesu demokratikoa» terminoei benetako edukia eta izaera ematea, denek zerbait ematen ez badute. Abstrakzio hutsean eror daiteke hori gorpuzten hasi ezean. Eta hor eragile guztiek dute erantzukizuna, aldaketa politikoa eta soziala abiarazi nahi duten eragileek, behinik behin. Begi-bistakoa baita beste batzuk aurka izango direla eta beste gutxi batzuk, berriz, ustezko erdibideko posizio faltsu batean kokatuko direla, bultzatu beharrean traban.
Aste honetan, horregatik guztiagatik, «aldebakartasun» kontzeptua bera izan da nabarmendu den beste puntuetako bat. Horrexegatik izan da aipagarria Gerry Adams Sinn Feineko buruzagiak plazaratutako oharra. Adamsek, ezker abertzalearen «eztabaida, hizkera, estrategia eta hartutako norabidea» txalotzeaz gain, Gobernu espainolari zuzendu dizkio, bereziki, bere hitzak, hori guztia ondo irakurri eta aintzat har dezala eskatuz. Erantzukizuna guztiona dela esan du Gerry Adamsek bere oharrean, Gobernu espainolari ere urratsak egitea dagokiola nabarmenduta. Edozeinek imajina ditzake urrats horiek, hasteko, zeintzuk izan daitezkeen, politika eta erabaki asko eta asko baitituzte Zapaterok eta Rubalcabak desaktibatzeko. Baina horren zain egon gabe erantzukizuna etxean hartu behar da, eta hori urrats, erabaki eta konpromiso zehatzetan gauzatu behar da, gaurtik aurrera. Bistan da ahalegin horretan ezker abertzalearekin batera daudenak eta egongo direnak presionatuta senti daitezkeela, baina presio politikoa eta mediatikoa, kontraesanak bezalaxe (sortzen direnean edo sortuko direnean), gestionatzen jakin behar dira (Arnaldo Otegik esan ohi duen moduan), neurri honetako erronkak ez baitu gutxiago exijitzen. Dena ezker abertzalearen bizkarrera bota gabe, gizartea bera izango da apustu politikoari babesa emango diona, eta hori ezker abertzalearen bidaideek ere sentitu behar dute. Gaurkoz, gehien sentitzen dutena Espainiako edo unionisten presio politikoa eta mediatikoa da, ETAk egin dezakeenaz galde egiten duten aldi oro; mahai gainean etengabe atxiloketak jarriz, gainera. Bidea egiten hastea da horri buelta ematen hasteko modua.




