-

Jon Odriozola

2010ko Otsailaren 19a

Patricio Lumumba 1961eko urtarrilaren 17an hil zuten belgikarrek eta kongoarrek. Garai hartan Belgikako funtzionarioen mendean zegoen Kanangan Lumumbak zituen bi laguntzaile ere hil zituzten orduko hartan. Washingtonek eta Nazio Batuek hilabete batzuk lehenago hartutako neurriak hartu ez balituzte, sarraski hura ez zuten inoiz egingo.

Kongok 1960ko ekainean lortu zuen independentzia. Hilabete besterik pasa ez zela, uztailean, Belgikak estatu berriko kontuetan sartzea erabaki zuen Katangako independentzia bultzatzeko. Katangak kupre meatze ugari dituela ez da ahaztu behar. AEBek ere esku hartzea erabaki zuten, Lumumba atxilotzeko NBE Nazio Batuen Erakundeak abian jarritako operazioari bere laguntza emanez. Lumumbak Afrika bertako aliatuei eta Sobietar Batasunari eskatu zien laguntza, Belgikatik eta Katangatik zetorkion erasoari aurre egiteko.

Kasko urdinak

Dag Hammarskjöld NBEko garaiko idazkari nagusiak sekulako indar militarra hedatu zuen. Kasko urdinek Katanga babestu zuten (honek ez al dizue beste konturen bat ekartzen gogora?) eta zeregin erabakigarria izan zuten Kongoko Gobernua hankaz gora botatzeko saiakeran.

Aldi berean, Dwight Eisenhower AEBetako presidenteak Lumumba hiltzeko agindu zuen. CIA Inteligentzia Agentzia Zentraleko talde sekretu bati eman zitzaion agindua. Bruselak bat egin zuen estatubatuarrekin eta beste komando berezi bat bidali zuen. Belgikako Afrikar Gaietarako ministroak (horrela deitzen zioten Espainian ere Itsasoz Bestaldeko ministroa zenari) eta Kongon zituen ordezkariek prestatu zuten krimena egiteko agertokia. Lumumba Katangara eraman zuten, bere etsairik okerrenen eskuetan uzteko. Mugimendu horren berririk bazuen Lawrence Devlin CIAk hiriburuan zuen bulegoko buruak.

Gerra dialektiko bihurtu zen Kongoko krisia. Gerra Hotzaren beste kapitulu bat bezala aurkeztu zuten. Washingtonek, Londresek eta Bruselak Moskuri leporatu zioten Erdialdeko Afrika osoa bereganatu nahi izatea. Lumumbari «komunista» izatea egotzi zioten. «Kriptokomunista» izatea, gutxienez.

Baina Kongoko krisia ez zen izan Afrikako Erdialdearen kontrola lortzeko Mendebaldearen eta (Europako) Ekialdearen arteko gerra. Garaiko Sobietar Batasuna gehiago kezkatzen zuten egonkortasunak eta Washingtonekiko bakezko bizikidetzak. Kremlinek ez zuen arazorik nahi. Kongon Mendebaldeak zuen nagusitasunari mehatxu egiteko sobietarrek ez zeukaten ez borondate politikorik ez behar besteko baliabiderik.

Askapen prozesuak

Kolonialismoaren aurkako mugimenduaren adierazpenetako bat izan zen Kongoko independentzia. Bigarren Mundu Gerraren ondoren independentzia lortu zuten (independentzia politikoa, bederen) Indiak 1947an, Txinak 1949an eta Vietnamek 1954an. Aljeria bere askapen nazionala lortzeko borrokan hasi zen urte horretan. Batistaren errejimen erdikoloniala hankaz gora bota zuten kubatarrek 1959an. Indotxinako bigarren gerra 1957an hasi zen. Saharaz hegoaldeko Afrika ez zen salbuespena izango. Mendebaldeak bere ageriko menderatze politika aldatu beharra izan zuen, eta zeharkako kontrolaren alde egitera behartuta ikusi zuen bere burua.

Lumumbak saihestu zuen politika berri horiek arrakastatsuak izatea. Bera benetako eta erabateko deskolonizazioaren alde zegoen. Bere jarduera eten beharra zegoen. Eta, bide batez, «iritzi publikoa» esaten zaion hori inperialisten alde ipini nahi zuten. Bere garaian, Belgikako Leopoldo II.a erregeak, Kongoko konkistari zilegitasuna emateko, afrikarrak arabiar esklabo-merkatarien mehatxupetik libratzeko egin zutela esan zuen. Eta esplotazio koloniala ekimen zibilizatzaile moduan aurkeztu zuen. Era berean, 1960ean nazionalistak sarraskitu zituzten Afrika «sobietar inperialismotik» salbatzeko.

Lumumba ez zen komunista, ordea. Nazionalista eta inperialismoaren aurkakoa zen. Bere herrialdearen burujabetza baldintzatuko ez zuen edonoren laguntza onartzeko prest zegoen buruzagia zen. Nasserrek berak ere, egiptoarrei kendutako herentzia nazional eta kulturala itzultzeko exijitu zion Mendebaldeari 1956. urtean.

Lumumbaren erradikalizazio prozesuak (hau da, bere jarrera erostezinak) esplikatzen digu Belgikako buruek, Wall Streetek eta Londreseko Cityk hil beharreko etsaitzat zergatik hartu zuten. Hura ez zen izan Gerra Hotzaren beste kapitulu bat gehiago, galdutako kolonia berreskuratzeko ahalegina baizik. Inperialismoaren aurkako buruzagi kontsekuente batek zuzendutako kolonia berreskuratzeko ahalegina, alegia. Gaur egun guk erabiltzen ditugun telefono mugikorrek beharrezkoak dituzten koltana eta niobioa lortzeko inperioen arteko gerra ezkutua (hedabideentzat behintzat) dagoen bezala. Kongon dago mundu osoan diren koltan erreserben %80, gutxi gorabehera.

Heldugabetasuna

1960ko irailean, Mobutu koronelak hankaz gora bota zituen Kongoko Gobernua eta Parlamentua. 1961eko urtarrilaren 17an hil zuten Lumumba. Brusela zen potentzia administratzaile ohia, hau da, kolonizatzailea. Bertan esan zen hilketa kongoarren heldugabetasun politikoaren ondorioz iritsi zela, Mendebaldeak zerikusirik ez zuen bantuen arteko kontu-garbitzea, alegia. Baina Kongoren aurkako operazio horren motorrak Eyskensek zuzentzen zuen Belgikako Gobernua, Eisenhower eta NBE izan ziren. Krimen hark eragin zuen Portugalek itsasoz bestalde zituen lurraldeen deskolonizazioa atzeratzea. Eta Hegoafrikako apartheidaren aurkako mugimendua pixka batean indargabetzea. Baita Rhodesian (Cecil Rhodes handikiaren ohorez deitzen zitzaion horrela) Ian Smithen settler errejimenaren aurkako mugimendua moteltzea ere.

Gaur egun horrelakorik ez dagoela esango du norbaitek. Inperialismoak inoiz ez baitu baztertuko ustelkeriaren arma zaharra, han-hemenka usteltzeko prest daudenak usteltzeko.