-

Jose Angel Oria

2010ko Otsailaren 19a

Gauza harrigarriak ikusteko jaioak gara! RIA Novosti Errusiako berri agentziak eman zuen gaztelaniaz ordurako beste hizkuntza batzuetan jakitera emandako albistea: «Suitzako minareteen aurkako erreferenduma sustatu zuen gizona musulman bihurtu da». Izenburuak berehala lortu zuen azpiko letra txikiari erreparatzea. Bertan gogorarazten zitzaigun «eskuin muturreko politikaria» izan dela Daniel Streich, SVP Suitzako Alderdi Popularreko kidea. Eta ezagun egin zela islamaren aurkako bere proiektu eta adierazpenengatik. RIA Novostikoek Al-Alam Irango telebistatik hartu zuten berria. Agian horretxegatik, Mendebaldeko hedabide nagusiek ez ikusiarena egitea nahiago izan dute. Edonola ere, Errusiako agentziak gogorarazi zuen Streich izan zela erreferenduma egin zedin lan gehien egin zuena eta kontsulta horren eraginez Suitzan orain minareterik eraikitzerik ez dagoela. «Streichek erlijio berri baten alde egin duela jakitean, Suitza osoan izan zen nolabaiteko lurrikara. Bere alderdiko lagunen artean, batez ere, Streichek bi urte baino gehiago egin baitzituen musulman bihurtu zela alderdikideei ezkutatzen», diote Novostikoek. Beraz, minareteen aurkako hitzaldiak eskaintzen ari zenean ere, musulman zen Streich. Inork ezer ulertzen al du?

Agentziak fede-aldaketa nola gertatu zen ere azaldu du. Ahalegindu da, behintzat. «Islamak erantzunak eman zizkion nik nituen galderei. Beste inon ez nituen aurkitu erantzun horiek», adierazi omen zuen eskuin muturreko politikaria zen gizonak. Eta orain, ez al da lehen bezain eskuinekoa?

Egun lotsatuta omen dago, islamarekiko lehen izan zuen jarrerarengatik. Bekatu hori ordaintzeko, berak adierazi duenez, Suitzan bertan eraikiko omen du Europako mezkitarik politena.

Gertatutakoaren beste adar bati heltzen dio Faisal Hanif blogariak suite101.com webgunean. Berak esandakoaren arabera, Streichek iazko azaroan utzi zuen SVP alderdia, minareteen aurkako kanpaina jasanezinegia egin zitzaionean. Al Jazeera telebista kateak bere webgunean (english.aljazeera.net) eskaini duen testuaren arabera, egun horretan bete zituen bi urte musulman bihurtuta. Mezkitako lagunei zera esan omen zien erreferenduma egin baino egun batzuk lehenago: «Ekimena aurrera ateratzen bada, niretzako sekulako jipoia izango da. Nolaz egon naiz hogeita hamar urtez sistema politiko honetan sartuta? Ez da onartzeko modukoa Suitzan musulmanek kale ilunetan elkartu behar izatea».

Honela deskribatu du suitzarraren fede-aldaketa Hanifek: «Streichek Korana eta islamiar ikasketak hobeto ulertu nahi zituen, gero musulmanen aurkako argudio gehiago izateko, baita fede kontuetan ere. Ahalegin horren eraginez, kristau ohiak ikusi zuen ados zegoela Koranak esandako gauza askorekin». Blogariak erantsi du Streich orain alderdi kontserbadore batean sartzekotan dabilela, Friburgo eskualdean, erlijioen arteko elkarbizitza defenditzeko. Beraz, eskuin muturretik ez da gehiegi mugitu, politikari dagokionez.

Al Jazeerakoek Pakistango hedabide batean argitaratutako iritzi artikulu bat ere jaso dute beraien webgunean. «Suitza osoan zabaldu zituen islamaren aurkako bere mezuak, haserrearen hazia erein zuen, islama iraintzeko hazia, eta era horretan zabaldu zuen iritzi publikoan minareteen aurkako jarrera -irakur daiteke nation.com.pk webgunean-. Baina Streich orain islamaren soldadu bihurtu da. Bere islamaren aurkako pentsamenduak erlijio horretara hurbildu zuen, fede-aldaketa ahalbidetu arte. Orain lehen egindakoaz lotsatu egiten da eta Europako mezkitarik politena Suitzan eraikitzea beste nahirik ez dauka». Egilea bera ere musulmana izango da, Daniel Streichen fede-aldaketa erabiltzen baitu islamaren indarra goraipatzeko: «Islama borroka girotan ageri da bere indar guztiarekin eta hori da bere bertuterik aipagarriena». Amen?