-

Brusela oso hiri egokia da turismo apur bat egitera joateko. Futbolzaleentzat ere bai. Athleticek bertan jokatu beharko du datorren astean, Anderlecht Bruselak dituen hemeretzi auzoetako bat baita. Futbol zelaira joan aurretik bisitatzeko edo partida bukatu ondoren kanporaketa gainditu izana ospatzeko, makina bat leku aurkituko du bertan irakurleak. Orrialdeotako gidatxo honek leku horietako batzuen berri ematen du, Bruselako erdigunean egiteko moduko bi ibilbide proposatzeaz gain. Ondo jan eta edateko toki batzuk ere aipatzen ditugu. Hanburgoko finala hurbilago dago.

Gorka Elejabarrieta

2010ko Otsailaren 19a

Athleeeeeeetic! Makina bat aldiz entzun beharko dute Bruselan egunotan euskal futbolzaleen oihu hori. Bilboko futbol taldea Europako bere lehen titulua irabazteko bidean da eta datorren astean Bruselan ariko dira. Euskal Herritik bertara joaten direnentzat honako gida moduko hau prestatu dugu, GAUR8ko irakurleak nora joan ez dakitela gera ez daitezen.

Brusela hiribururik hiriburuena dela esan daiteke, Bilbo bera alde batera utziz gero, jakina! Flandria, Belgika eta Europar Batasuneko hiriburua da Brusela. Gainera, bertan daude Europako Parlamentuaren egoitzetako bat eta NATO nazioarteko erakunde militarrarena. Beraz, ez da harritzekoa Brusela enbaxada, lobby eta kazetariz josita egotea eta, ondorioz, jatetxe, hotel eta taberna ugari izatea.

Instituzioen hiria ere bada. Brusela bera hemeretzi auzotan banaturik dago (horietako batean jokatuko dute ostegunean gure lehoiek), eta auzo bakoitzak bere udal propioa dauka. Lau parlamentu daude hirian: Europakoa, Bruselakoa, Flandriakoa eta Belgikako Parlamentu Federala.

Milioi bat inguru biztanle dauzkan hirian hizkuntza ugari entzun daitezke. Nahiz eta XIX. mendearen bukaera arte nederlanderak beste hizkuntzek baino hiztun gehiago izan, gaur egun frantsesa da hizkuntza nagusia. Hori bai, ingelesa erabilita ere errez molda zaitezke hiriko txokorik gehientsuenetan. Datu harrigarri bat: egun Bruselan bizi diren biztanleen erdiak frantsesa edo nederlandera ez den hirugarren hizkuntza bat dauka ama hizkuntza bezala. Hiri kulturaniztuna, zalantzarik gabe.

Munduan eremu berde gehien dituen hiriburuetako bat da Brusela. Bigarren lekuan dago sailkapen horretan. Washingtonek berak baino enbaxada eta kazetari gehiago ditu Bruselak, eta munduan nazioarteko konferentzia gehien antolatzen dituen bigarren hiria ere bada.

Garagardoa, komikiak, patata frijituak, txokolatea, gofre pastelak eta muskuiluak dira hiri honetako gauzarik tipikoenak. Giro aparta dauka hiriak, jatetxe eta tabernak gainezka egoten baitira. Eguzkia atera bezain laster, hiria terrazaz betetzen da. Hiri txikia da, baina munduko bazter guztietako jendez gainezka dago. Euskal, txinatar, japoniar, marokoar, tibetar, estatubatuar, txekiar, palestinar, brasildar edo kubatar jatetxe eta tabernak aurki daitezke bertan, besteak beste.

Jaques Brel (bisitatu beharrekoa da bere izena daraman fundazioa) eta Rene Magritte (bere obrari eskainitako museo bat ireki berri dute) artisten bizilekua ere bada Brusela. Victor Horta art nouveau izeneko korronte artistikoko arkitektoaren eraikin asko topa daitezke bertan (tren geltoki zentrala eta Arte Ederren jauregia, adibidez). Bertan bizi izan dira Karl Marx, Lenin edo Victor Hugo bezalako pertsonai historiko ezagunak ere.

Turismo apur bat

Turismo apur bat egin nahi dutenentzat, bi ibilbidetxo proposatuko ditugu, bat laburragoa eta bestea luzexeagoa.

Lehenengoa Place Royalen hasiko dugu eta, hogeita hamarren bat minutuko paseoa egin ondoren, Grand Placen utziko gaitu. Bigarrenak, berriz, berrogeiren bat minutu eskatuko dizkigu. Cinquentenaire parketik abiatuta (Merode izeneko metro geltokian), Grand Placen bukatuko dugu ibilbidea, Europako erakundeen egoitzak ikusteko aukera baliatu ondoren.

A ibilbidea:

Place Royaletik abiatuko gara. Bertan daude Rene Magritte Museoa, Arte Ederren Museoa eta Musika Museoa. Azken hori oso eraikin ederrean dago eta bertako kupulan taberna bat aurkituko dute bisitariek. Museoaren sarrerara joan eta tabernara zoazela esanez gero, sarrera ordaindu gabe sartzeko aukera izango duzu. Tabernatik Bruselako bista zoragarria ikusteko aukera dago.

Rue de La regence. Kalea hartu eta aurrera jarraitu, ezkerreko aldean Place du Petit Sablon izeneko plaza aurkitu arte: plazaren inguruan dauden 48 eskulturetako bakoitzak Bruselako ofizio bat adierazten digu. Plazako iturri handia Egmont eta Hornes kondeen omenez jarrita dago; espainolen kontrako erresistentziaren ikur bat da. Place du Petit Sablonen aurrean dago Notre Dame Du Sablon eliza gotikoa.

Rue de Sablonetik barrena jaitsi Place du Grand-Sablon arte: bertan aurkituko ditugu Bruselako txokolate denda finenak: Pierre Marcolini, Godiva eta abar.

Rue de Rollebeek kaletik barrena jaitsi, La Porte Noire izeneko tabernaren aurrean dagoen Rue de Dinant hartu eta, bukaeran, ezkerrera egin zuzen-zuzen, Manneken Piss estatuara heldu arte. Galtzontzilorik gabeko umearen inguruetan gofre ezin hobeak jateko hainbat toki egoki daude.

Rue de L'etuve kalea hartu eta, bukaeran, Grand Place-ra helduko gara.

B ibilbidea:

Merode izeneko metro geltokian hasiko dugu paseoa. Geltokitik irten bezain pronto Cinquentenaire parkea daukagu begien aurrean. Garaipenaren Arkua belgikar konstituzioaren 50. urteurrenean eraiki zuten. Parkean Armadaren Museoa eta Autoaren Museoa daude.

Parketik behera joanda, arkupetik pasata, Schuman Rond Point-era helduko gara. Bertan daude Europar Batasuneko kontseiluaren egoitza eta Europako Batzordearen Berlaymont eraikina; Europar Batasunaren bihotza, alegia.

Rue Froissart kalea hartu eta Place Jourdaneraino jaitsi. Plaza honetan dago Bruselako patata-frijitu dendarik ospetsuena. Inguruko tabernetan kanpoan erositako patata-frijituekin sartzea posible da.

Leopold parkean sartu eta, parkea gurutzatuz, Europako Parlamentura helduko gara. Beste aldean Luxenburgo plaza dago. Bertatik Rue de Luxembourg kalea goranzko norabidean hartu, Trone metro geltokira arte.

Avenue des Arts eta Boulevard du Regent kaleak gurutzatu, Rue Ducale hartu eta berehala Erregeen jauregira eta Bruselako parkera iritsiko gara.

Place Royaleetik Rue Montagne de la Cour hartu eta Mont des Arts-era joan. Bruselako alde zaharraren bista ederra topatuko dugu bertatik. Behera aldera jarraitu, Rue de la Madeleine hartuz, eta berehala Grand Place-ra helduko gara.

Ikustekoak

Bruselako erdigunetik oso gertu daude ikusi gabe ezin utz daitezkeen honako hiru leku hauek: Atomiuma, Place Jeux de Balle enparantza eta Place Saint Gery izenekoa.

Atomiuma 1958. urteko erakusketa unibertsalerako altxatu zen eraikina da. Bruselaren sinboloetako bat bilakatu da geroztik. Metro edo tranbiaz joan daiteke bertara. Heyseleko metro geltokira zuzendu.

Futbol zale amorratuentzat, Atomiumen ondoan dago Heysel futbol zelai zaharra; oso ezaguna, tamalez, 1985ean Juventusen eta Liverpoolen arteko Europako txapelketako finalean izandako tragediarengatik. Orotara, 39 zaletu hil ziren bertan. «Heyseleko sarraskia» deitu zitzaion.

Place Jeux de Balle Bruselako erdigunean dagoen enparantza da. Egunero merkatua eta herri giroa aurkituko dituzu bertan. Inguruko kaleetan mota guztietako bitxikeriak saltzen dituzten dendak daude; tentazio gehiegi gauza onerako. Plazan Skieven Arkitek taberna eta jatetxea bisitatzea gomendatzen da. Etxeko garagardoa eta jaki ederrak dastatzeko gune aproposa da benetan.

Place Saint Gery Bourse plazatik gertu dago. Udan zein neguan, plaza hau beti terrazaz beteta dago. Merkatu zaharra ere taberna bilakatu dute. Txinatar auzoak inguratzen du plaza.

Estadiora nola joan

Erdigunetik futbol zelaira hurbiltzeko modurik errazena eta azkarrena metroa da. Gare Central, De Brouckere eta Sainte Catherine dira hurbilen aurkituko ditugun geltokiak:

Bosgarren linean Bizet edo Erasmus norabidea harturik, Veeweydeko (Place Verdis) geltokian jaitsi. Saint Guido geltokian jaitsiko da jende gehiena, estadiotik gertuen dagoena baita. Baina segurtasun irizpideak direla-eta, Anderlecht taldeak kanpoko taldeen jarraitzaileak Veeweydeko (Place Verdis) geltokian jaistera behartzen ditu. Geltokitik oinez bost minutura topatuko dugu futbol zelaia.

Kontuz: Bourse Plazan badago lur azpiko tranbiaren geltokia ere, M handi batekin markatua. Ez da metro geltokia! Argi ibili!

Tabernak

Brusela taberna bereziz josita dago. Zein baino zein politagoa. Hala ere, nik gustuko ditudan batzuk gomendatuko dizkizuet. Hauek guztiak erdigunean kokatuta daude, Grand Placeren inguruan:

L'Estaminet du Théâtre de Toone (66 Rue Marché aux Herbes, Impasse Sainte-Pétronille): Txotxongilo antzerki areto hau Bruselako taberna zaharrenetarikoa da. Oso polita eta atsegina. Kwak garagardoa edateko ohitura dute bertan.

Le roy d'Espagne (Grand'Place 1): Grand Placeren edertasunaz garagardo batekin gozatzeko toki aproposa. Jaten ere ematen dute.

Delirium Tremens (Impasse de la fidelité 4): 2.006 garagardo mota dauzka. Denak probatu ezetz! Guinnes marka liburu ezagunaren arabera, munduan garagardo mota gehien daukan taberna da. Berri on bat klase guztiak dastatu nahi dituztenentzat: berandura arte egoten da irekita.

Floris Bar (Impasse de la fidelité 12). Absenta eta koktelak dira taberna honen berezitasunak. Arratsaldeko 8etan irekitzen dute.

Live Music Café (Boulevard Anspach 90): Bourse da Bruselako zentro-zentroa, Bourse eraikineko eskailerak lagunekin geratzeko toki tipikoena baitira Bruselan. Bourseren ondoan kokatua dagoen taberna da Live Music Café. Jaten ematen dute eta erre daiteke. Anderlecht taldeko zaleak, giro ona eta sarrerarik gabe hurbiltzen direnentzat partidua telebistatik ikusteko gune aproposa. Otsailaren 25ean, taberna euskal musikarekin girotuko dute.

Metteko (Boulevard Anspach 88): Live Music Caféren ondoan, giro oneko taberna. Jaten ematen dute.

Celtica (55 Rue du Marché aux poulets). Goizeko 6ak arte irekia, pub irlandarra eta diskoteka giroa nahasten dira bertan. Parranda luzatzen zaienentzako toki aproposa.

DNA (Plattesteen 18): Arratsaldeko 8etatik goizeko 6ak arte irekia. Gautxorientzako taberna lasaia, ska, punk, hip hop, reggae estiloko musika, eta, noizean behin, baita zuzeneko kontzertuak ere.

Jatetxeak

Le fin de siécle (Rue des Chartreux 9) jatetxe ona eta merkea da. Belgikar janari tipikoa, arazo bi baino ez dizkiot aurkitzen. Eguerdietan itxita dago, afaltzen bakarrik ematen dute eta orduan jendez gainezka egoten da (ez dute erreserbarik egiten eta ez dituzte txartelak onartzen). Partida ostean garaipena afari on batekin ospatzeko toki aproposa. 15-25 euro bitartean.

In't Spinnekopke (1 Place Jardin Aux Fleurs). Belgikako janaria, eguerdian eta gauean irekia. 30-40 euro, gutxi gorabehera, baina ederto jaten da. Erreserba egitea gomendatu behar.

Aux armes de bruxelles (Rue des Bouchers 13). 22,50 euro eguerdiko menua. Afaria, 40 euro inguruan. Jangela ezberdinak ditu; eskatu Rotonda izenekoa, besteak baino politagoa baita. Bruselako jatetxe dotore eta tipikoa.

Neuf et Voison ( Rue Van Artevelde). 15-25 euro. Ederto jaten da, baina gauetan bakarrik irekitzen dute.

Kebap merke, azkar eta kontundenteak hiri osoan zehar topatuko dituzu. Grand Placeren ondoan kebap bikainak jateko jatetxez beteriko kalea aurkituko duzu (Rue des Brasseurs).

Oharra: Taberna gehienetan jaten ematen dute: pasta, entsalada eta horrelakoak. Prezio egokia eta kalitate ona. Grand Place plazatik gertu dauden Delirium Tremens eta Toone tabernen inguruko kaleetan (Petite rue des Boucheurs kalean bereziki) dauden jatetxeetan, aldiz, oso gaizki eta garesti. Menu oso merkeak eta aperitiboa dohainik eskainiko dizkizuete, baina kalitatea oso txarra eta bukaerako prezioa oso altua dira. Ez sartu! Ezta pentsatu ere!