-

Joxe Rojas

2010ko Otsailaren 12a

Sare sozialak ondo daude dozena bat edo bi lagunen jarraipena egiteko, baina hortik gora ezinezkoa izaten da elkarrizketa ganoraz jarraitzea». Zenbat aldiz entzun duzue antzeko zerbait azken urtebetean? Edo beste hau: «Nire kontaktuei kasurik ere ez diet egiten; total, ez naiz ezertaz enteratzen!».

Sare sozial birtualek hiperinformatuta mantentzen gaituzte, datu jario etengabea jasotzen dugu haiengandik etengabe (erabiltzen ditugunok behintzat), eta gero eta zailagoa da hori guztia kudeatzea, datu multzo desordenatua ganorazko zerbait bihurtzea. Sareen erabiltzaile kopurua gupidarik gabe biderkatzen joatea nahikoa ez balitz bezala, plataformak ere gero eta gehiago dira: eduki mota batekoak soilik, eduki anitzekoak, gaiaren araberakoak, profesionalak, lagunartekoak... Euskaldunok, gainera, mundu guztiak dituen horiekin konformatu ez eta, gainera, euskaraz sortutakoetan ere parte hartu beharra dugu.

Eta horrela, iristen da une bat non batek ez dakien zer kontatu dion nori, edo non egin duen; hau da, batek ez daki besteek zer dakiten eta zer ez norberari buruz... ezta irakurri duen txaskarrillo horri unibertsitateko aspaldiko ikaskideari edo duela bi urteko lankideari buruzkoa zen.

Eta orain arteko guztiekin gutxi bagenu bezala, egunotan bere sare sozial propioa aurkeztu digu Googlek. Buzz deitu dio gainera -burrunba ingelesez-. Eta ez da gutxiagorako. Sarritan, sare sozialetan sortzen dena zarata baita, informazioa baino. Bai behintzat norbera jasotzen dituen datu guztien digestioa egiten saiatzen bada.

Baina sarean, posible da bakoitzak zatitxo bat soilik hartu eta hori lantzea gero sare osoari eskaintzeko. Horregatik esaten da adimena sarean dagoela: gero eta ugariagoa den informazioaren prozesamendua sarean egiten delako, elkarlanean, batek eta bestek interpretatu dutena norbere errealitate eta interpretaziora ekarriz. Sare bakoitzeko partaideetako bakoitza isolatuz gero, ez dugu ahalmen handirik, baina guztiak elkarrekin konektatuz gero, sekulako potentziala askatzen da.

Potentzial hori era askotakoa da. Intelektuala, esate baterako; guztion arteko konexio horretatik ideia berri eta harrigarriak sor daitezke, isolatuta egonez gero sekula bururatuko ez litzaizkigukeenak.

Baina beti bezala, bada kezka eta motibazio prosaikoagorik duenik. Honezkero, gehienok entzungo zenituzten Telefonica enpresako buru Cesar Aliertak joan den astean Bilbon egindako adierazpenak. Laburbilduz, Aliertak ere argi du gaur egun adimena sarean dagoela... eta sareko azpiegitura berea ez beste inorena dela... eta horri atarramentu ekonomikoa aterako diola nola edo hala. Orain arte miseria gorrian bizi izan baita gaixoa!

Horrelakoek ez gintuzkete harritu behar jadanik. Oraingoan Telefonicako nagusia izan da ahoa bero-bero aritu dena, baina onartu beharra dago Facebook, Twitter, Google eta enparauak helburu argi batekin sortu direla, eta helburu hori ez dela, hain zuzen ere, adimen kolektiboa sustatzea...