MUSIKA -

Errusiar mendi baten antzekoa izan zen Gasteizko Cicatriz talde mitikoaren bidea, gora eta behera. Horrela gogoratzen du Goar Iñurretak. Heroinak eta hiesak markatutako proiektuan, taldekideen sasoiak markatzen zituen etapak. Goar da bizirik dagoen taldekide bakarra eta Goar Cicatriz proiektuarekin dolua hautsi eta omenaldi xume bat egin nahi izan du.

Amagoia Mujika

2010ko Otsailaren 12a

Cicatriz taldea bueltatu egin al da? Hori zail samarra da, batez ere taldeko kide bakarra dagoelako bizirik; Goar Iñurreta. Bueltatu ez, baina talde mitiko horretako zatitxo bat piztu du Goarrek berak Goar Cicatriz deituriko proiektuarekin.

Cicatriz taldea 1983. urtean sortu zen Gasteizko desintoxikazio zentro batean talde terapia modura. Hasiera batean taldearen izena Cicatriz en la Matriz zen, Natxo Etxebarrietak eta bere bikote Potik abesten baitzuten bertan. Jose Arteaga Pepin-ek gitarra jotzen zuen; Pakito Rodrigok, baxua eta Pedro Landetxek, bateria. Gerora, Potik, taldeko emakume bakarrak, taldea utzi zuen eta Cicatriz izena jarri zioten.

1984an maketa bat grabatu zuten Iruñean, gerora famatu egin zituzten hainbat abestirekin. Lehen diskoa 1985ean grabatu zuten Kortatu, Jotakie eta Kontuz-Hi! taldeekin batera. 1986a aparta izan zen Cicatriz taldearentzat, bere lehen lana grabatu baitzuten: «Inadaptados». Emaitza: gaur egun oraindik punkaren lan garrantzitsuenetarikotzat hartzen dena. Urte hartan bertan «Egin» egunkariko irakurleek zuzeneko talderik onenaren titulua eman zioten.

Aparretan zeudela, 1988. urtean Natxok moto istripu larria izan zuen eta denbora dezente eman zuen gurpil-aulki batean. Bestalde, Natxo kartzelatu egin zuten eta lau urte, bi hilabete eta egun bateko espetxe zigorra ezarri zioten droga-trafikoa leporatuta. Hartara, 1991. urtera arte ez zen Cicatriz taldearen berri gehiago izan.

Natxok istripuaren ondorioz lortutako diruarekin Londresera joan ziren disko berria grabatzera eta Zika Records zigilua sortu zuten. Urte horretan argitaratu zen «4 años, 2 meses y 1 día» izeneko lana.

Baina beste albiste batek belztu zuen 1991. urtea. Pepin hilik aurkitu zuten komun batean gaindosi batek jota. Ordurako, Goar taldean zebilen. Egun Madrilen bizi da eta handik gogoratu du Cicatriz izan zena. «`Inadaptados' diskoa grabatu ondoren taldean beste gitarrista bat behar zutela pentsatu zuten. Eta ideia zen Pepinek eta biok gitarra jotzea. 1987. urterako taldean nengoen ni eta sekulako bira egin genuen gaztetxez gaztetxe. Baina Pepin berehala hil egin zen eta ni bakarrik geratu nintzen taldean».

Aurretik beste talde batzuetan aritua zen Goar, Forjas Alavesas izenekoan adibidez. «Cicatriz taldeak eta gureak oso gertu entseatzen genuen eta gure kontzertuetara ere joaten ziren. Bagenuen elkarren berri. Niri sekulako ilusioa egin zidan beraiekin hasteko proposatu zidatenean. Txoratzen nengoen ni. Baina, nire gurasoak ez hainbeste, Cicatriz taldekoek oso fama txarra zutelako», jarraitu du.

«Cicatrizeko esperientzia errusiar mendi batean ibiltzea bezalakoa izan zen. Momentu zoragarriak eta zoritxarrekoak bata bestearen atzetik: Bat-batean kide batek esaten zuen ez zuela gehiago jo nahi, drogarekin oso lotuta zegoelako. Handik hilabete batzuetara ondo zegoela esanez bueltatzen zen. Sekulako ilusioarekin hasten ginen berriz eta kontzertu mordoa ematen genuen. Gero baten istripua, bestea kartzelara...», gogoratu du. Ordurako Gasteiz eta Madril artean joan-etorrian zebilen. Taldearen geldialdien eta berpizteen arabera ibiltzen zen.

1992an estudioan grabatutako Cicatrizen azken diskoa kaleratu zuten, «Colgado por ti» izenekoa. Urtebeteren buruan Pakito hiesak jota hil zen. Ordurako Natxo eta Pedro ere gaixo zeuden. Hain justu, Pedrok ezin izan zuen parte hartu taldearen azken biran oso ahul zegoelako. Bira horretan grabatu zuen Cicatrizek bere azken lana, «En directo». 1994. urtea zen. Handik gutxira hil ziren Pedro eta Natxo, hiesak jota hauek ere. Hartara, Goar da bizirik dagoen bakarra. «Horrekin badago eztabaida. Dieguillo eta Pesca bazeuden `Cicatriz en la matriz' taldean eta bizirik daude. Horregatik batzuek diote ez naizela bizirik dagoen taldekide bakarra. Baina Cicatriz beste talde bat zen. Hala ere, ez zait askorik inporta, ez da harro egoteko moduko titulua taldean bizirik dagoen bakarra izatea».

Ez da harro egotekoa, baina neurri batean zorionekoa sentitzen da Iñurreta. «Zorionekoa eta taldeko kideen aldetik oso ondo zaindua. Ni sartu nintzenean oso garai gogorrak ziren, heroinak indar handia zuen. Ni gaztetxoagoa nintzen, 16 urte nituen eta taldekideak asko arduratzen ziren nirekin. Beti esaten zidaten ni ez sartzeko droga kontuetan eta inoiz ez ninduten istorio horietan nahasten. Apartean uzten ninduten, `mutikoa ez dadila etorri', esaten zuten».

Cicatriz desagertu eta gero Goar gero eta maizago hasi zen Madrila joaten, bertan bizitzen geratu arte. Gero eta lan gehiago sortzen hasi zitzaion gainera. «Trikurekin Bizkarrezurra taldea sortu nuen eta Gasteiz aldean ere ibiltzen nintzen. Baina nire tokia bilatu ezinik nenbilen. Cicatriz desagertu zenean, Umezurtz geratu nintzen». Azken urteotan Estopa, Cicatriz, 21 japonesas eta Nacha Pop taldeekin aritu da, besteren artean.

Dolua luzea izan da. Urte asko eman du Goarrek Cicatrizen musikarik entzun gabe, Cicatrizen abestirik jo gabe eta Cicatrizi buruz hitz egin gabe. «Duela lauzpabost urtera arte ezin nuen taldearen kantarik jo. Entsegu lokal batera joan eta bertakoek ezagutu egin ninduten, eta kantaren bat jotzeko eskatu zidaten. Eta orduan jo nuen aspaldiko partez abesti bat». Eta zerbait piztu zitzaion berriz barruan.

«Nire asmoa kontzertu bakarra eskaintzea zen, kontzertu omenaldi bat egin nahi nuen, zale gutxi batzuentzat. Baina Interneten barna nire asmoen berri eman eta jende askoren eskaera iritsi zitzaidan, han eta hemen kontzertuak emateko eskatuz. Azkenean bira txiki bat egitea erabaki genuen: Cicatriz taldeko Goar eta beste batzuk talde horren abestiak jotzen. Alegia, ez dela inondik inora bueltatu Cicatriz. Garbi gera dadila zein den asmoa».

Lehendabiziko kontzertu «ofiziala» Hatortxu Rocken eskaini zuten joan den urtarrilean. Eta aurrera begira badituzte zenbait hitzordu, bai Euskal Herrian bai Euskal Herritik kanpo, Zaragozan eta Andaluzian kasu. Goarrek garbi samar dauka bukatuko den kontua dela Goar Cicatriz taldearena, ez dela izugarri luzatuko. «Nik uste dut jendeak kontzertu bakarra ikusi nahi duela, ez duela besterik nahi. Eta nik baditut bestelako proiektuak esku artean». Goarrek badu Cicatriz taldeko zaleentzat oparitxo bat. «Duela urte batzuk kanta bat egin nuen mugimendu hura guztia bizi genuenak Cicatriz garela aldarrikatuz. Kanta hori Garate estudioan grabatu genuen eta bideo bat ere egin dugu, Interneten doan egongo dena. Barricadako Drogasek, Bonik eta Alfredok parte hartu dute; Vomitoko Clausek eta Mikelek; Boikoteko Juankarrek eta Albertok; eta Reincidentes-eko Fernandok», bukatu du.