Lau urterekin urre koloreko trastea jo nahi zuen (tronboi irristailuduna) eta ordutik musika du buruan. Zaletasuna, pasioa, beharra, eta orain ofizioa ere bada berarentzat. Myspace-n bateria eskolak ematen ditu bideo bidez: teknikoki gauzak nola egiten diren erakutsi du, eta horiek kantetan nola erabili azalduko du aurki.
Maider Iantzi
2010ko Otsailaren 12a
Bere blogak ikusita, pertsona baikorra dela ematen du. «Saia zaitez beti animoa izaten eta zure bizitza animoz betea egonen da». Lema hori darama haren Myspace guneak.
«Garai batetik atzera ez nintzen orain bezain baikorra. Nire bateria irakaslea psikologoa ere bada eta beti nahi izan du psikologia musikaren barrenean sartu. Gauza guztiei bere alde ona bilatzen hasi zen: gauza batek ez dauka zentzu bat, zentzua guk jartzen diogu. Orduan, zerbait gertatzen denean, txarra dela pentsatu beharrean pasatu den horrekin gure bizia hobexea izateko zer egin dezakegun pentsa dezakegu. Berarekin klasetan hasi nintzenetik nire bizia horrela hartzen saiatzen naiz. Batzuetan, zerbait oso gogorra pasatzen zaizunean, zaila da. Adibidez, ni bateria-jotzailea naiz eta besoa haustea berez albiste txarra liteke, baina ezin dudala jo pentsatu ordez, hanketako teknika hobetzeko zer aukera dudan pentsa dezaket».
Musika, hasteko, zaletasuna du. 4 urte zituenean urre koloreko trastea jo nahi zuen (barazko tronboia), eta ordutik musika du buruan. Aitak txaranga doinuak jartzen zizkion; Leitzan ohitura handia dago eta Josuri arreta eman izan diote beti. Lagunek futbolari edo pilotari izan nahi zuten; berak, berriz, musikari profesionala izatearekin amesten zuen.
Lehenago ezin eta 7 urterekin ekin zion solfeoari. Geroago, tronboia ikasten hasi zen. Herrian aukerarik ez zegoenez, Tolosara joaten zen. Buru-belarri ibili zen tronboiarekin, 18 urterekin buru-belarri bateria jotzera pasatu zen arte. 15 urte inguru zituela Jabi anaiak bere bateria lardaskatzeko baimena eman zion. Gustua hartzen joan zen eta orain arte.
Zaletasuna ez ezik, pasioa eta beharra ere bada berarentzat musika, eta gero ofizioa. «Ez da ofiziorik errazena, baina pasioa, beharra eta zaletasuna bada, gustura egiten da», adierazi du. Bete du txikitako ilusioa, musikari profesionala da.
Internetez klaseak emateko sistema berria asmatu zuen orain urte batzuk. «Sistema berria gaztelaniaz eta modu formalean egiteari esaten diot, ordura arte ez zegoelako ezer ordenaturik, hau da, klaseak bi astetik behin, aurretik abisua emanez...». Musika eskolan irakasteko titulurik ez zuelako sortu zitzaion ideia. Halere, arrazoi gehiago ere bazituen, garrantzitsuena, jendeari laguntzea. «Ezin dudala klaserik eman? Nola ezetz? Eman egin nituen. Hasieran esan dudan bezala, gauzei alde ona bilatuta».
«Que dios te bendiga»
Hasiera gogorra izan zen. Ezer baino lehen, David Barcos bere irakasleari eman zion ideiaren berri eta hark garatzen lagundu zion. «Beta» moduko probak egin zituen eta irakasleak tonuarekin, planoekin eta klaseen erritmoarekin lagundu zion. Grabatutako lehenbiziko eskola hagitz-hagitz monotonoa izan zen, planoak luzeak ziren, azalpenak dudakoak... Baina hobetzen eta hobetzen joan zen. Tonua, adibidez, anitz landu zuen: hitz inportanteenari enfasi handiagoa emanez, atsegina izaten saiatuz... «Bricomania»koen antza hartzeraino.
«Egia esateko, ez nuen publiko zehatzik gogoan. Nahiz eta euskaraz erosoago aritu, argi nuen gaztelaniaz egingo nuela ahalik eta jende gehienak aprobetxatu ahal izateko, ez nuen pentsatzen, ordea, horrenbesteko arrakasta izanen zuenik», adierazi du leitzarrak.
Klaseak Euskal Herrian, Estatu espainolean, Mexikon, Argentinan, Perun eta bertze herrialde batzuetan jarraitzen dituzte. Hego Amerikan arrakasta handia dute. «Nik uste han ohitura gehiago dagoela, jende gehiago egoten dela konektatuta edo jende gehiagok lortzen duela informazioa Internet bidez. Gehien jasotzen ditudan komentarioak hegoamerikarrenak dira. Gerta daiteke gu baino hitz errazagokoak izatea ere».
Lagun ugarik idazten dizkio mezuak eskerrak emateko, galdetzeko edo «que dios te bendiga» errateko (horrelakoak Hego Ameriketakoek erraten dizkiote). Anitzek bere kasua kontatzen diote: «Lehen bizkarreko mina izaten nuen jotzen nuenean eta zuk erakutsitako teknikari esker askoz hobeto nago».
Bertze batzuek, ordea, «ergel batek bezala hitz egiten duzu» eta antzekoak erraten dizkiote. «Barregura ematen dit. Bideo batean zerbait irakasten saiatu eta hortik ateratzen duten hausnarketa edo ondorio bakarra hori izateak erakusten dit gutxi gorabehera pertsona horiek nolakoak diren. Hasieran, agian, gaizki sentitzen nintzen hori irakurrita eta nire buruari galdetzen nion: `zer egiten dut gaizki?' Baina orain irrika hasten naiz», kontatu du.
Ervitik hutsune bat ikusten zuen, ez informazioarena, umiltasunarena baizik. «Jendeak bideo bat igotzean zerbait frogatu nahi izaten du. Oso ona dela erakutsi. Eta nire bideoen berritasuna gauzak ahalik eta errazen azaltzea izan zen, nire buruaz ahaztuta». Gauza sinple bat izan arren, jendeak berari begira egondako hamar minutuetan zerbait ikastea edo gauza bat horrela zergatik egiten den ulertzea da nahi duena. Informazioa hartzeko eta banatzeko dela pentsatzen du, eta dakiena bueltatu egin nahi dio jendeari, ikasi duenarekin hobetzen lagundu nahi dio.
Bideo hauekin ez du batere dirurik irabazten, alderantziz: gastua ekarri diote. Ez materiala, hasi zenean kamera arrebak utzi baitzion, ordenagailua ere bai, eta mikrofonoa Tximeletako taldekideek. Baina ordu pila eman zuen lanean. «Hasieran, nire bizitzako urte erdi eskaini nion. Bi programa ikasi nituen, soinua tratatzen ere bai, zer idatzi pentsatu behar nuen, datuak bilatu... Hasieran askoz zailagoa zen bukaeran baino».
Egindako ahaleginaren saririk onena jendearen kritika, laguntza eta orain Iruñean dituen ikasleak dira. Hauek Interneten ikusi zuten Josu, jotzeko eta, bereziki, irakasteko modua gustatu zitzaien eta horri esker egon nahi dute orain berarekin.
Marka batzuek beren produktuak sustatzeko aukeratzea ere lortu du. Agertu duenez, normalean, musikan, marka babesleek deskontuak egiten dituzte. Berak dohain du bi markarekin beharrezko materiala eta bertze bik deskontua egiten diote. Laguntzen dioten markak NP Drums, Remo Drumheads, Bosphorus eta Wincent dira. «Izugarria da niretzat, inoiz pentsatuko ez nuena. Bueno, inoiz pentsatu gabea ez, beti amestutakoa».
Ekimen berria
Orain proiektu berri bat prestatzen ari da. «Funki, rock, pop, metal, heavy... Hainbat estilotako abestiak igoko ditut horietan bateria nik joko nukeen bezala jota (umiltasunez) eta jendeak egin dudanaren inguruan galdetzeko aukera izanen du. Nahiz eta ariketak egiten jakin, musikan azken helburua kanta bat jotzea da, eta hori izango da nire hurrengo erronka».
Aurreko esperientzia teknikoki gauzak nola egiten diren azaltzeko izan zen, hankak, eskuak, koordinazioa, estiloak hobetzeko. Orain, horiek egiazko egoeretan nola erabiltzen diren erakutsi nahi du. Dagoeneko probak egiten ari da eta gustura dago. «Arrebaren bideo kameraren esperoan nago, egia esan».
Tximeleta eta Innerve taldeetan dabil Josu Erviti. Lehenengoak euskal musika jotzen du plazetan. Sei kide dira: ahotsa, trikitixa, baxua, teklatua, gitarra eta bateria. Edozein bestatan edo kontzertu ondorengo gaupasetan egoten dira. Orain bi kanta grabatu dituzte Apurtu.org ekimenaren aurtengo libururako. Kantu erdaldun batzuk ere jotzen dituzte Tximeletan: AC/DC, Metallica...
Innerven, berriz, musika amerikarra egiten dute: grunge, rock... Bi abeslarik, gitarrak, baxuak, teklek eta bateriak osatzen dute taldea. Iaz disko bikoitza grabatu zuten, bat elektrikoa eta bertzea akustikoa. Aurten Liverpoolen izan dira lau kantu grabatzen, EP bat ateratzeko. Larunbat honetarako, Iruñeko Besartek jaia antolatu du hamabost talderekin eta tartean izanen dira Innervekoak. Basandere tabernan, 19.00etan.
«Myspaceri esker jende asko ezagutu dut, tartean Iñaki Llarena Nafarroako ekoizlea». Hagitz ongi konpondu dira Llarena eta Erviti eta hainbat proiektu egin dute elkarrekin. «Nire giltza gauza desberdin askotan aritzea da eta gaur kanta bat emanda biharko jo ahal izatea, nahiz eta normalean jotzen ez dudan estilo batekoa izan».
Uste okerren inguruan galdetuta honakoaz ohartarazi du: «Askori iruditzen zaio edozeinek jotzen ahal duela bateria. Makila batzuk hartu eta soinua egitea dela. Niretzat, erraza da edozein instrumentu gaizki jotzea, baina ongi jotzea oso zaila da». Erran izan diote: «Zer ari zinen?». «Bateria ikasten». «Nola ikasten? Zuk dagoeneko dena jakingo duzu!».
Baina Josu beti saiatzen da bizitzan ikasten eta egunetik egunera hobetzen; pertsona bezala, musikari bezala, irakasle bezala... Bide horretan, ez du ahanzten aitzinekoen lana, eta datu historikoak ematen ditu klaseetan, bateria-jotzaileen izenei bizirik eusteko eta egin zuten ekarpena baliatzeko.
info+: Ervitiren myspace-a: www.myspace.com/ervitidrummer Bakarlari edo talderen batek bateria grabatzeko norbait kontratatu nahi badu, Josuk doan egiten du lehenbiziko proba: «erbiziosbizios@hotmail.com»era bidali kantaren gida, edo 696 326 485era deitu




