Eibarren jaio zen, baina batetik bestera dabil azken urteotan futbol klubetako bulegoetan. Futbolarien aholkulari juridikoa da eta bezeroen artean du, besteak beste, Santanderreko Racing taldeko harrobian findu duten azken harribitxia: Sergio Canales gaztea.
Maider Eizmendi
2010ko Otsailaren 12a
Zuzenbide ekonomikoa ikasi zenuen Deustuko Unibertsitatean. Nola amaitu duzu kirol munduan barneratuta?
Kasualitatea izan zen. Bartzelonan egin nituen praktikak Pinto Ruiz & Del Valle kabinetean. Bertan kirol auziez arduratzen zen departamentua zuten, ni merkataritza arloan hasi nintzen arren lanean. Ezbehar bat gertatu zen eta kirol arloa zeraman pertsona joan egin zen. Niri deitu zidaten bidaia batera joan behar nuela esanez, kirol arloko kontu batzuk egitera. Nolabait kasualitatea izan zen.
Zure aitak kirol munduan egindako ibilbideak ere izango zuen akaso zeresana zure ibilbide honetan.
Nire aitak ere mundu honetan egiten du lan eta horregatik, hain zuzen ere, hasiera batean ni ez nintzen pertsonarik egokiena honetan lanean hasteko, baina... Bizitza osoan etxean hori bizi izan dugu, baina, egia esan, inoiz ere ez dut pentsatu mundu honetan lanean amaituko nuenik. Zuzenbidea ikasten ari nintzela inoiz ez nuen buruan izan kirolarien aholkulari izatea.
Kasualitatea tarteko eman zenituen lehen urratsak lanbide honetan, zerk bultzatzen zaitu bertan jarraitzera? Zer du erakargarri?
Ezer berezirik ez. Horretan espezializatu naiz eta egun hori da egiten dakidana. Azken batean, gainera, abokatu lanak egiten ditut: kontratuak begiratu, ondo daudela ziurtatu... Niretzat lana baino ez da.
Zenbat bezero dituzu une honetan?
Era jarraian aholkatzen ditudanak bost jokalari dira, baina bezero puntualak ere baditut. Azken horiek arazo bat dutelako edota epaiketa bat dutelako jartzen dira nirekin kontaktuan.
Tartean izango da izen handiko kirolarik ere...
Abokatu bakoitzak bere estiloa du; nik sekula ez dut nire bezeroen izenik eman, nahiz eta batzuetan publiko egin den. Ni, gainera, batez ere klubetan aritu naiz lanean. Kasu horietan jakina da klubari lotuta zaudela, hori ezin da ekidin; pertsonen kasuan, aldiz, ezberdina da. Kasu askotan, gainera, pertsonalki ere ez ditut ezagutzen kirolariak, telefonoz eta e-posta bidez komunikatzen gara sarri.
Akaso ez duzu izenik emateko ohiturarik, baina prentsan Santanderreko Racing taldeko Sergio Canales aholkatzen duzula atera da. Nola uztartu arrakasta eta gaztetasuna?
Berak oso ondo darama eta, egia esan, ez da batere erraza. Hemezortzi urteko gazte bat da azken batean, eta ikusmin handia dago bere inguruan, ez bakarrik Real Madrilek fitxatu duelako; futbol talde asko jarri dira gurekin kontaktuan jokalariaz interesatuta.
Etxetik irten eta ehunka pertsona ditu zain, zoratuta. Oso zaila da egoera horrek eraginik ez izatea. Pertsona horren autoestimua asko igotzen da egoera horretan eta beharrezkoa da alboan norbait izatea hankak lurrean mantentzen lagunduko diona; izan ere, gaur goi-goian izan zaitezke eta agian bihar ez. Horretarako familiak lan handia egin behar du burua hotz mantendu eta zelaitik kanpo egiten dituen lanak, ikasketak esaterako, alboratu ez ditzan.
Aholkulari juridikoa bai, baina bestelako aholkulariak ere beharko ditu kirolariak, ezta?
Batez ere familia du premiazkoa. Familiak esan behar dio gauzak lortzea kostatu egiten dela. Kasu zehatz honetan, gainera, gurasoak lan handia egiten ari dira.
Futbol taldeek gero eta lan gehiago egiten dute jokalari gazteak ikuskatu eta ahalik eta azkarren fitxatzeko.
Bai, eta hain zuzen ere horregatik, Canalesen kasu ez da ohikoena. Klubek 12, 13 edo 14 urteko gazteak bilatzen dituzte batik bat, ostean beraiek trebatzeko. Athletic eta Bartzelonak, esaterako, lan handia egiten dute arlo horretan, harrobia sustatzen. Hori da interesgarriena futbol taldeentzat, klubak berak trebatutako jokalariak errentagarriak baitira.
Futbola al da dituen ezaugarri eta handitasunagatik aholkularien behar handiena duen kirola?
Nik uste dut baietz, baina oraindik ere ez gara oso figura orokortuak. Askotan jokalariek ez dute abokaturik izaten, ezta klubek beraiek ere. Niri hori zoramena iruditzen zait, batez ere gero arazorik ez izateko gauzak ondo egin behar direlako. Enpresek beti dute abokatu bat kontratuak egiteko. Horregatik ez dut ulertzen futbolari batzuk aholkulari juridikorik ez izatea, izan ere, merkataritza eta lan arloak zaindu behar dituzte.
Merkataritza arloa aipatu duzu; futbol zelaian egiten duten lanak adina diru ematen du jokalariek bertatik kanpo egiten dutenak.
Hori klubek beraiek ere bultzatu dute. Izan ere, edozein klubek salbatzeko duen irtenbidea marketina da. Bazkideak oso garrantzitsuak dira talde bat sozialki mantentzeko, baita prentsa ere, baina egiten dituzten marketin kontratuek ordaintzen dituzte benetan soldatak. Talde handiak dirutza ateratzen dute marketinetik eta talde txikiak, beste maila batean bada ere, horretan saiatzen ari dira.
Futbolaz asko ikasi behar izan duzu?
Egia esan, ez. Niri beti gustatu izan zait futbola, baina beste askori bezala. Ez dit inoiz futbolak gehiegizko pasiorik eragin.
Urteko sasoi batzuetan buru-belarri ari beharko duzu lanean fitxaketak direla eta.
Lan karga handieneko urteko sasoiak uda, uztaila eta abuztua, eta urtarrila izaten dira guretzat. Izan ere, epe bat dago finkatuta fitxaketak egiteko eta oso denbora gutxian lan asko batzen zaigu.
Baldintzak zehazten-eta lan handiak izaten dira?
Noiz eta nola kobratu behar den zehaztea izaten da arazorik handiena. Badaude kontratu batzuk konplexuagoak, enpresak eta sartzen direlako tartean, baina gainerakoan estruktura nahiko sinplea izaten dute.
Kluben arteko tirabirak ere albiste izaten dira fitxaketak egiterakoan. Arazo asko izaten al dira?
Normalean, liga berean aritzen diren klubek nahiko errespetu izaten diote elkarri. Izan ere, ondo dakite talde bati txakurkeria bat eginez gero, etorkizunean besteak itzuli egin diezaiokeela.
Prentsan ordea, ia udaro ikusten ditugu taldeen arteko liskarrak eta jokalari jakin batzuen inguruko kulebroiak.
Prentsari asko gustatzen zaio horrelako kontuekin jolastea. Egia da ere taldeek prentsa erabili egiten dutela hainbatetan. Harreman berezia izaten dute klubek eta prentsak. Askotan prentsak negoziazioak konplikatu egiten ditu klubak beharrezkoak ez diren azalpenak eman beharrean jartzeagatik. Informazioa baino, iritzia ematen da sarri: `Hau ez duzue ondo egin', `ez duzue behar adina diru eskuratu'... Horrek nolabait klubak mugatu egiten ditu, negoziazioak zailduz. Izan ere, fitxaketa bat egitea ez da berez hain zaila: bi aldeak ados badaude eta akordio ekonomiko batera heltzeko gai badira...
Canalesekin, akaso, zure lanaren alderik xamurrena bizi izan duzu. Alavesen, aldiz, une latzak bizi izan zenituen, ezta?
Esperientzia onekin baina gehiago ikasten da ia txarrekin. Jendea zurekin gaizki portatzen denean bizkortu egiten zara. Alavesekin baino okerrago pasa nuen, ordea, Las Palmas taldearekin. Alavesen egotea ez zen esperientzia txarra izan niretzat, gerora nirekin oso gaizki portatu ziren arren. Ohituta egon behar dugu egoera horietara, egun batean `erregina' zara eta hurrengoan `munduko pertsonarik txarrena'. Mundu hau horrelakoa da eta nik oso argi dut presidente batek niregan konfiantza badu, presidentea kentzen dutenean bere konfiantzazko pertsonak ere kanpoan gaudela. Hala ere, pertsonak kanporatzeko moduak eta moduak daude. Baina, seguruenik, soldatarekin batera dator hori ere. Hala ere, aitortu beharra dut ez nuela horrelakorik espero; denborarekin ikasten joaten zara.
Zaila da, hala ere, zure burua egoera horretan ikustea.
Nire lana publikoa izan daiteke, baina ni ez. Ez nago horretara ohituta.
Zein da gaur egun futbolak bizi duen gaitz larriena?
Agian futbola gehien kaltetzen duena kirol honen inguruan dagoen desfasea da. Hori bai, nik ezin dut gaitza dela esan, niri egoki baitatorkit. Klub bateko idazkariak jasotzen duen soldata eta edozein enpresatan lan egiten duen idazkariak jasotzen duena ezin dira alderatu ere egin. Futbolean langile guztiek kobratzen dute asko, baita utilleroek ere. Izatez, baloi baten atzetik galtza motzetan korrika egiten duten hamaika gizon besterik ez dira, baina familia askori ematen diete jaten.
Aspaldian, hala ere, askotxo hitz egiten da klub askok dituzten zorren inguruan.
Egia da, baina gauzak asko aldatu dira. Laino batean bizi ziren eta orain errealitateaz ohartzen hasi dira: jokalariak epaitegietara jotzen hasi dira, ogasun publikoa tartean sartu da... Uste zuten adina diru ez zutela ikusi dute.
Beraz, fantasia amaitu dela esan daiteke?
Bai, neurri batean bai. Azken bost urteotan aldaketa handiak izan dira eta lege estatalak futbolean sartzen hasi dira, onartzerik ez zegoen egoera bizi baitzen. Urtero izaten dira Cristiano Ronaldorena bezalako fitxaketak. Akaso ez dira horrenbesteko dirutzak ordainduko, baina fitxaketa askotan ordaintzen dira dirutza handiak.
Dirutza handirik ez dago emakumeen kirolean. Diru gutxiago eta arazo gutxiago. Emakumerik baduzu bezeroen artean?
Ez, ongi etorriak lirateke, baina oraingoz emakumezko futbolari jokalari profesionalik ez dago.
Erabat maskulinizatutako arloa da futbola. Nola egin zenuen zuk tartea?
Zorte handia izan dut egia esan. Bartzelonan egon nintzen garaian mundu honetan lan egiten duen jende asko ezagutu nuen. Jende heldua izaten da batik bat eta ez da erraza izaten beraien zirkuluetan sartzen uztea; aldiz, nik sartzeko aukera izan nuen garai hartan eta, egian esan, zorte handia izan nuela aitortu behar dut. Egia da baita orduan ez nintzela bakarrik aritzen, nire nagusiaren laguntza ere banuen.
Emakume izateagatik bezeroen konfiantza lortzea kostatu al zaizu?
Bai, baina esperientziarekin hori ere gainditzen joan naiz. Orain ezagutzen nautelako deitzen naute. Nire mundu profesionalean, hasieran denek nire nagusiaren idazkaria nintzela pentsatzen zuten; askotan galdetu ere egiten zidaten.
Zer erantzuten zenien?
Amorrua ematen zidan, eta ez idazkaria izatea txarra dela uste dudalako. Izan ere, zergatik izango naiz ni idazkaria eta bera ez, mutila delako?
Aldatzen ari al da hori pixkanaka?
Oso gutxi aritzen gara emakumeak arlo honetan eta ez dakit zergatik. Zuzenbidean ez zegoen ikasketa espezifikorik arlo honetan aritzeko ni neu hasi nintzenean, baina egun badaude. Agian pixkanaka gehiago izango gara, baina oraindik oso gutxi gara.




