-

Josu Imanol Unanue

2010ko Otsailaren 12a

Herritarrok, aspalditik uko egin diogu gure parte-hartze eskubideari. Gure-gureak izan beharko liratekeen ardurak agintarien esku utzi ditugu, hobeto beteko dituztela pentsatzen dugulako. Hala ere, eta sarri, agintariek hartutako erabakien aurrean kritiko azaltzen gara; baina erantzuterakoan berandu ibiltzen garenez, gehienetan ez daukagu zer eginik. Horren adibide dira norbanakook bizitzen ditugun egoerak ere; auzoetan sortzen diren arazoak eta hauteskunde kanpaina amaitu ondoren bete barik geratzen diren promesak, elkarbizitzak auzokideen artean sortzen dituen arazoak, bizi-kalitatea bermatzen ez duten ezarritako arauak... Konpontzeko errazak diren gaiak, baina borondate ezak usteltzen dituenak.

Ez zaigu bururatu ere egiten okerki demokrazia deitutako sistema honetan garrantzi larregi ematen diogula lau urterik behin, eta ia beti betikoei, ematen diogun botoari. Aldiz, errespetu txikiegia adierazten diogu gainontzeko herritarren iritziari; ez dugu aintzat hartzen. Kontua da, gutxik aldarrikatzen dutela demokrazia honetan sinesteko beharrezkoa dela herritarron gutxiengo antolaketa bermatzea eta parte-hartzea ziurtatzea. Sistema honen defendatzaileek ez dute nahi, inolaz ere, antolaketa eta parte-hartzea bultzatzea. Ohar gaitezen gauza batekin: ideologia ezberdineko zenbat politikok bultzatu dituzte elkarrekin hiritar mugimenduen aurkako ekintzak edo iritziak?

Egungo klase politikoa tematuta dago bere kontroletik kanpo dauden hiritarren kontrako ekintzak lantzen, diru publikoari esker eskura dituzten medio guztiak erabiliz gainera. Hau da, komunikabide gehienak. Horren adibide argia da komunikabide askoren jokaera bera, benetan lotsagarria. Helburua argi dago: herritarren artean iritzi kontrajarriak sortzea gezurrak erabiliz. Nahiago izaten dute politiko batzuen erabakiei errespetua adieraztea herritar gehienen nahiak kontuan izatea baino, gehienetan sosen truke. Zenbat aldiz erakutsi dute herritar askok agintari gutxi batzuk bultzatutako proiektu baten aurkako iritzia? Eta zein izan da jaso duten erantzun bakarra? Mespretxua, inposizioa eta herri-kontsultak bultzatu dituztenak atxilotzea. Zer ari da gertatzen uneotan bertan Aramaioko alkatearekin? Zertan geratu da herritarren borondatea Ondarroan, Lizartzan, Mendexan..., beno, Hego Euskal Herriko herri gehienetan? Noiz egingo da galdeketa bat herritarrok bankuei emandako diru publikoari buruz zein iritzi daukagun jakiteko? Eta bankuen irabaziei buruz? Edota erretretari buruz? Herritarrok ez al daukagu ezer esateko?

Arazoak arazo, beharrezkoa da beti herritarrak antolatuta egotea, aldarrikapenak edo nahiak unean-unean agertu ahal izateko. Baina, gehienbat, gertaera guztien kontziente izateko eta behar diren erantzunak emateko. Azken finean, gure helburuak lortzeko. Daukagun sistemak ez dauka zerikusirik herritar gehienok gura dugunarekin; are gehiago, gero eta zakarrago jartzen da martxan gutxi batzuen interesak defendatzen dituen jokaera bortxatzailea. Bakan batzuek beraien ideia baztertzaileak inposatzen dituzte. Baina hain bortitza eta nabarmena da sasi-demokrazia honetan etekina ateratzen dutenen ibilbidea, non, hemendik ez askora, sistema bera kolokan izango den. Gehiengoak ez duelako onartuko gutxiengoaren negozio-gaiztoa. Artean sufrimendua areagotzen ari da. Gaur normaltzat hartzen da, sistema bera, guztion lanarekin, osasunarekin edo biziarekin mantentzea. Eskubide oro ez dago bermatuta guztiontzat. Gizakion adierazpen eskubidea eta antolatzeko askatasuna bera ere ez daude onartuta.

Asko dira gosez bizi direnak, gaixotasun sendagarriak jasaten dituztenak edo bakardadean bizi direnak. Beste batzuk, aldiz, gure etorkizunaren jabe agertzen dira. Horrexegatik, duintasun apur batekin bizirik irauteko, ezinbestekotzat jotzen dut egungo demokrazia kontzeptua bera kolokan jartzea. Parte-hartzea bultzatzen ez duen demokrazia ez dugulako onartu behar. Gezurra delako guztiok bizi aukera berak ditugula, gezurra delako guztiok zerbait aldarrikatzeko eskubide bera dugula. Eta lau urtetik behin bozkatuta, agintariek argi utzi dutelako ez dutela inolaz ere herritarren gehiengoaren borondatea onartzen. Pertsona guztiak berdinak bagara, zergatik dira ia beti betikoak lotsagabe agintzen dutenak?