-

Nagore Amondarain

2010ko Otsailaren 12a

Aurreko domekan, gehigarri honetako kolaboratzailea den Egoitz letra artetik taula gainerako saltoan ikusi ahal izan genuen. Durangoko San Agustin aretoan «Xabineitor» antzezlana eskaini zuten Gorringo taldekoek.

Egia esan aste osoa irrikan pasa genuen eguraldiaren aurreikuspenei begira; txakur egun bat litzateke aproposena antzerkian aterpe hartzeko. Hala ere, domeka eguzkitsuak ez zigun trabarik jarri antzerkira hurbiltzeko. Euskal heroiak merezitako harrera ona izan zuen Durangon: sarrerak agortuta, jendea kalean azken esperantzaren zain, euskal heroia hegan agertuko zelakoan edo... Hori omen zen igandearen azken geltokia etxera erretiratu baino lehenago. Baina Gasteizera iristean, dena egin guran, Hala Bedi irratiko tabernatik pasatu beharra zegoen, besterik ez bazen Sorkunen kontzertu akustikoaren azkenak entzuteko.

Ohikoak izaten dira Hala Bedi tabernako igande musikalak. Ikasleek, asteburua gurasoen altzoan pasa ostean, asteko aurreneko hitzordu soziala izan dezaten ez ezik, bertakoentzat ere topaleku egokia izaten da. Igandearen amaiera depresiboa eta astearen hasiera urduria orekatzeko hitzordua.

Tabernara sartuaz batera jabetu ginen kontzertua amaitu berri zegoela, azken akordearen dardara suma zitekeen giroan, edalontzien oihartzunean zein aire egokituko hodien metalean. Kontzertuan egon barik sumatzen zen kontzertuaren arrakasta eta maila, ez soilik jendea pozik zegoelako; zerbait zuen giroak sartzean, energia berezia esatera ausartuko nintzateke. Hori bai, energia hitzari kontu mistikoa kenduta, ez bainaiz kontu mistikoez ari; aldiz, bestelako berba deskriptiborik gabe aurkitzean, energia hitzak dena biltzen duelakoan nago.

Igandeko eskaintza, beraz, asteburua ondo amaitzeko zein ondo hasteko egokia izan zela esan daiteke. Baina asteak emango ditu gehiago oraindik. Hala Bedi tabernatik asko urrundu barik. Gora tabernan Dut taldearen bertsioak egiten dituen TuD proiektuaren kontzertua izango da ostegunean. Ordu berean, metro batzuk jaitsita, Hala Bedi irratiko «La Tangueria» saiokoek hitzordua jarri digute Artium museoan; «Cafe de los maestros» pelikula emango dute eta ostean tango kontzertu bat izango da. Egitasmo bitxia, irratsaioaren gidaria den 70 urte bueltako argentinarrak antolaturikoa.

Astea gazteagoak sentituz bukatuko dugu, beraz; Hondarribi Hillsera asteburuan txango bat egiteko gogoz, «Haize eza» ahoz-goran, ozen abesten, «The big lie of love» ez dakit zenbatgarrenez entzunez, behingoz sinetsi dezagun edo...