KIROLA -

Izotzezko hodi batetik jaisten dira, bala itxurako lera batean, abiadura izugarriak burua alde batera eta bertzera mugiarazten diela. Hemen bideoan soilik ikusi dugu bobsleigha, baina antz handia du gure ohitura batekin, goitibeherekin. Asfaltotik izotzera, herri kiroletik lehiaketa handira jauzi egitea du helburu Goitikbehera taldeak.

Maider Iantzi

2010ko Otsailaren 12a

Goitikbehera kirol taldeak lehenbiziko urratsak eman ditu dagoeneko bere ametsa lortzeko. «Batzuentzat erokeria da, baina bobsleigh talde bat osatu eta ahalik eta mailarik gorenera ailegatu nahi dugu», jakinarazi dute beren blogean (http://navarbobsleigh.blogspot.com). Larunbat honetan hasiko diren Vancouverreko Olinpiar Jokoetan ateratzeko denborarik ez-eta, hemendik lau urtera Errusiako Sochira joateko gogor prestatuko dira. Bobsleighaz gain, skeleton, luge, snow bike eta izotzean egiten diren kirol guztiak hartu nahiko lituzkete.

Fermin Paularena, Mintxo, da ekimen hau bultzatu duen buru eta bihotz nagusia, eta berarekin eta Oskar Goñi pilotuarekin elkartu gara Iruñean, taldearen sorlekuan. Hainbat txosten eta maketarekin etorri dira kirolariak, dokumentuak prestatzen ari baitira kluba ezagutarazi eta babesleak bilatzeko. Ordenagailua ere ekarri dute bideoak erakusteko. 1.200 metro inguruko izotz pistak ageri dira horietan eta bikoteak edo laukoteak bala formako leretan sartu eta maldan behera abiatzen dira egundoko ziztuan, kaskoak jantzita eta gorputza lurretik ahalik eta hurbilen edukitzen ahaleginduz, istripurik gertatzen bada min gutxiago hartzeko. Hogei metro egiten dituzte segundoko! eta kirolariek leher eginda bukatzen dute, lasterketak minutu bakarra irauten duen arren.

Egunotan mediku azterketak eta esfortzu probak egiten ari dira bobsleigh edo skeleton pilotu izan nahi duten kirolariei (skeleton bobsleigharen antzeko modalitatea da, baina hemen lasterkaria beheiti begira jartzen da leran). Aurki hasiko den goitibehera denboraldian parte hartu nahi dutenei ere ematen diete sasoian dauden jakiteko probak egiteko aukera.

Austriara ere ziztu bizian

Goitikbehera Izotzeko Kirolen Federazio Espainiarrean (FEDH) izena eman duen bigarren bobsleigh taldea da, Valentziako klubaren ondotik. Iruñean du egoitza eta hogei bazkide baino gehiago ditu, 20 eta 36 urte artekoak, hagitz gazteak munduko batez bestekoarekin konparatuta. 1880 aldera Suitzan sortutako kirol hau praktikatzen duten pertsona batzuen fitxak erakutsi dizkigute eta arreta eman digute beren adinak (40 urte inguru) eta pisuak (100 kiloren bueltan anitz). Lasterketa laburrak izateak eta indar handia behar izateak azal dezakete hori.

Goitibeheretan hainbat denboralditan lehiatu eta gero, Paularena eta Goñi Austriako Innsbruckeko bobsleigh-pilotu eskolara joan ziren azaroan bi kirolen antzekotasunak agerian uzteko eta euren profileko kirolariak bi diziplinetan aritu daitezkeela frogatzeko. Azken unean prestatu zuten bidaia. Ikastaroa hasi baino egun pare bat lehenago jakin zuen Mintxok bi leku libre zeudela eta laguna animatu zuen berarekin abenturan parte hartzera. Paperak presaka eta korrika bete eta ingelesez batere jakin gabe, han abiatu ziren bi nafarrak, nazioarteko pilotu titulua ateratzera, beharrezkoa baita Olinpiar Jokoetarako prestatzeko.

Hagitz animatuta itzuli ziren, tituluarekin eta goitibeheretako esperientziak bobsleigherako zenbat balio duen baieztatuta. Eurekin batera bi bikote valentziar ibili ziren bob-ak (ibilgailuak) hartu eta bota eta bota eta bota. Snowboard-etik zetozen eta zazpi istripu izan zituzten; euskaldunek, aldiz, bat ere ez.

Hemen goitibeheretan ibiltzeko ohitura izatea eta prestatzeko lehiaketa nahiko egotea abantaila bada; zailtasuna dirua da. Ehun mila euro behar dituzte soilik entrenatzen hasteko. Eta gero, lasterketak hastean, dirutza gastatuko dute bidaietan, hamalau pista baino ez daudelako mundu osoan. Hurbilena, Estatu frantseseko La Plagne, 1.100 kilometrora. Entrenatzeko pista bat alokatzeak ia 100 euro balio du jaitsierako edo minutuko. Oskarrek eta Ferminek badakite hagitz kirol garestia dela, baina izotzean hain abiadura handian ibiltzeak sortzen dien emozioa maite dute.

«Ez da errusiar mendia, zuk gidatu behar duzu. Horregatik gertatzen dira hainbeste istripu -agertu dute-. Zirkuituan ez dugu frenatzen, helmugara ailegatzerakoan, ordea, azkena doanak galga ematen du, bestela herriraino jaitsiko ginateke. Ez duzu bihurguneen irteera ikusten, tunel batean zaudenez ez duzu erreferentziarik, eta maniobra non egin jakitea zaila da».

Talde kirola

Bikotea osatzen dute Goñik eta Paularenak bobsleighean. Errezukoa pilotua da eta Iruñekoa bere atzean joaten da. Nabarmendu dutenez, talde kirola da eta taldekide bakoitzak ardura bera du gutxi gorabehera. Jakina, gidaria da taldeko edo bikoteko burua eta berak hartzen du ardurarik handiena, etengabe pasatu behar dituen bihurguneei adi egoteaz gain, kideei zein jarreratan egon agindu behar baitie ahalik eta hitz gutxienekin. Bihurgune guztiak dira desberdinak eta bakoitzari era batera egin behar zaio aurre. Akats txiki batengatik segundo baliotsuak galtzen dira. Pista bakoitzak bere sekretua gordetzen du eta zein den azkar asmatzea da gakoa. Aipatu dugun bezala, gidaria da buruzagia, eta berak egiten dituen mugimenduei adi begiratu eta haren jarrera berean egon behar dute lagunek. Hagitz ongi egin behar dute bat eta hori zirkuituan gogor entrenatuz soilik lortzen da.

Austriara ailegatu zirenean harrituta gelditu ziren kirolariak nola entrenatzen ziren ikusita. Pistara sartzen ziren oinez eta ibilbidea buruz ikasten zuten. Ondoren, atera eta mugimendu arraroak egiten zituzten ibilgailuan zirkuitutik jaisten arituko balira bezala. Laster hasi ziren nafarrak ere gauza bera egiten. «Oraintxe Oskarri eskatzen badiozu ez dakit zein zirkuitu egiteko, begiak itxita eginen ditu mugimendu guztiak», baieztatu du Mintxok.

Bob bat lortzea dute hurrengo helburua eta enpresaren bati eskatuko diote egiteko. Teknologiaren erronkaz gain, euren izena nazioartean ezagutarazteko aukera eskaintzen diote.

info+:Taldearen bloga: http://navarbobsleigh.blogspot.com Helbidea : navarbobsleigh@hotmail.com