INAUTERIAK -

«Egingo al diagu hik lan eta nik jai» proposatzen zuten kantuz Tapiak eta Leturiak. Badira abestiari buelta eman eta besteek jai egin dezaten lana jo eta su egiten dutenak. Azken aste hauetan eta inauteriak direla-eta, inoiz baino lan gehiago izan duten batzuengana jo du GAUR8k. Mozorro dendak, oihal dendak, jostunak... denak erlojuaren kontra aritu dira jaiari bere neurriko mozorroa egiten. Izan ere, denetarik dago: aspaldi mozorroa prestatzen hasi zirenak, herenegun akordatu zirenak, atzo martxan jarri zirenak eta biharko utzi dutenak. Denen artean egingo dituzte inauteriak inauteri, mozorro batek ez baitu ezertarako balio inork bizirik ematen ez badio.

Amagoia Mujika / Maider Eizmendi

2010ko Otsailaren 12a

Festival Mozorro denda, Bilbo: «Krisiagatik edo, jende askok, mozorroa osorik erosi beharrean, osagarriak bakarrik erosten ditu»

Lanez lepo dabilela, tartetxo bat hartu du Carlos Aretxagak GAUR8ri kasu egiteko. Aditua da mozorro kontuetan, ez alferrik familiako negozioak, Festival mozorro dendak, 50 urteko ibilbidea egin du. Egun, bi denda dituzte Bilbon, Labairu eta Maria Diaz de Haro kaleetan bana. Mozorro denda da nagusiki, baina jaietako denda dela esan daiteke. Izan ere, sasoiaren arabera dendak berak mozorro bat edo bestea janzten du: Gabonak, herrietako jaiak, urtebetetzeak edota ezkon aurreko agurrak. Aldiro, egokitzen dena. Orain, noski, inauteri usainean dabiltza.

«Azken aste honetan pilatzen da lan gehien. Aurretik jendea ibiltzen da ikusten, saltseatzen, pentsatzen, galdetzen. Baina erostera azken unean gerturatzen da eta orduan dagoenarekin konformatu behar. Gainera, gehienetan ez dute mozorro bakarra eskatzen, adibidez hamabi mozorro berdin nahi dituzte koadrilako guztientzat. Eta hori lortzea zaila izaten da azken orduan. Baina, hala ere, jendeak ez du eskarmenturik hartzen eta urtero akats berdina errepikatzen du: azken orduan etortzea», kontatu du. Egon da mozorroa erostera joan eta dendatik bertatik mozorrotuta atera denik ere.

Sorginen, azerien, hegazkineko laguntzaileen... jantziak dezente saldu omen dira aurten. «Neskato gazteei oihal gutxiko mozorroak gustatzen zaizkie; hegazkinetako laguntzaileak, animatzaileak... gona motz-motzak, behar dutena baino taila bat gutxiago eta ahalik eta jantzirik estuenak. Adin batean horrelako mozorroak aukeratzen dituzte beti», kontatu du Aretxagak; «eta horiek ez diete hotzari beldurrik», gehitu du.

Aurten ez da ezusteko handirik izan Festival dendan, gutxi edo gehiago betiko mozorroak saldu dituzte. «Betiko mozorroak saldu ditugu. Baditugu oilar mozorro batzuk oso dibertigarriak direnak. Goitik behera ilez eginak daude, beroak dira eta oso barregarriak. Horiek ondo saldu dira aurten. Baina, gainontzean, urteroko mozorroak erosi ditu jendeak».

Aurten ere gizonezko asko emakumez mozorrotuko da. «Gizonei emakumez janztea gustatzen zaie gehien. Hori ez da aldatzen, urtetik urtera berdin jarraitzen du. Gure dendan taila oso handiak ditugu emakume mozorroetan, hain juxtu gizonek erabiltzen dituztelako». Hala ere, ez omen da batere erraza izaten ondo salduko den mozorroa zein izango den asmatzea. «Iaz, adibidez, mexikarren mozorroa izugarri saldu zen, agortu arte. Aurten, berriz, askoz ere gutxiago. Zaila izaten da joera zein izango den asmatzea», jarraitu du.

Aldaketa gutxi beraz. Hori bai, mozorro kontuetan ere krisiaren itzala sumatzen da. «Krisiagatik edo, jende askok, mozorroa osorik erosi beharrean, osagarriak bakarrik erosten ditu eta etxean topatzen duenarekin moldatzen du mozorroa. Hori sumatu dugu aurten. Eta beti bezala jende asko gerturatzen da dendara mozorroak ikusi eta ideiak hartzera, gero etxean antzekoa prestatzeko», esan du Festival dendako jabeak.

Mozorro denda horretan 15 euroko mozorroak topa daitezke; eta hortik hasita, 50-60 eurora artekoak. «Normalean prezio buelta horretan egiten dugu lan. Baditugu mozorro garestiagoak ere, 100 euro ingurukoak, baina horiek apenas saltzen diren. Disneyko pertsonaien mozorroak dira garestienak. Eta Erdi Aroko mozorroak ere garestixeagoak izan ohi dira. Horrelakoak askoz gutxiago saltzen dira».

Hala ere, gutxieneko kalitatea eskatzen die Aretxagak mozorroei eta oso-oso merkeak eta oihal eskasekoak direnak ez dituzte saltzen. «Gu ez gara denda txinatar bat eta badira gutxieneko kalitatea ez dutelako saltzen ez ditugun mozorroak ere. Bada oihal mota bat euria eginez gero azalari ia erabat pegatuta geratzen dena. Pentsa neskato txiki bat printzesaz mozorrotu eta horrelako zerbait gertatzen bada. Hamar eurokoa beharrean hemezortzi eurokoa erosiz gero, aldea oso handia da. Eta noski, hemezortzi eurotik gorakoak ere badira, eta hobeak seguru».

Azken urteotan mozorroak merkatu egin direla nabarmendu du Aretxagak. «Lehen mozorroak garestiagoak ziren, eta kalitatez hobeak. Orduan alokatu ere egiten genituen. Baina, orain, mozorroak askoz merkeagoak dira eta dagoeneko ez ditugu alokatzen, ez baitu merezi. Kasik berdina kostatzen da alokatzea eta erostea».

Gainontzean, jendeak lehen bezala mozorrotzen jarraitzen duela uste du Aretxagak, horretan ez du beherakadarik sumatu. «Ondo pasatzeko eta parrandarako denean, jendeari ez zaio hainbeste kostatzen sosak gastatzea. Gabonetako gauzetan, esaterako, beherakada nabariagoa izan da. Apaindurak eta horrelakoak gutxiago saldu ditugu aurten. Iazko apaindura jarri eta kito. Baina inauteriak iristean, mozorroa erosi behar duenak erosi egiten du», bukatu du.

Maite Aizpuru, jostuna: «250 mozorrotik gora josi ditut azken asteotan, gehienak Tolosako Kazkabarra konpartsakoak»

Tolosarra da jaiotzez, baina Ibarran bizi da. Azken asteotan orduak eta orduak eman ditu josteko makinarekin lanean. Irratia lagun, orratzari begira-begira, goizetik iluntzera arte. Etxean lantoki duen gelan, indioen jantziek, mexikarrenek, txilabek eta oihal bobina koloretsuek egiten dute ongietorria. Tolosako Laskurain ikastolako Kazkabarra konpartsako mozorroak berak josi ditu, baita Ibarrako 50 laguneko koadrila batenak ere. Guztira 250 mozorrotik gora aurten ere.

«Gure amak interes handia zuen guk josten ikas genezan. Berak oso ondo ez zekien eta guk ikastea nahi zuen. Nik Tolosako Mitxelena jostundegian ikasi nuen. Han batez ere galtzak josten nituen. Baina amak ahizpa guztiek denetarik josten ikastea nahi zuen», hasi da kontatzen Maite Aizpuru. Badira hamabost bat urte Kazkabarra konpartsako mozorroak egiten dituela ahizpa baten laguntzarekin. Kazkabarra konpartsan 400 lagun inguru dira eta Maitek 200 mozorrotik gora egin ditu.

«Azaroa inguruan edo hasten gara. Ikastolara joaten naiz eta banan-banan denei hartzen diet neurria. Neurriak hartzeko bakarrik hiru bat egun behar izaten ditut. Beraiek erabakitzen dute zein mozorro egin eta oihalak ere beraiek aukeratzen dituzte. Aurten, familia desberdinen mozorroak eskatu dizkidate; indioak, mexikarrak, arabiarrak, bantuak, txinatarrak, eskimalak eta tiroldarrak. Bakoitzean bi modelo, neskena eta mutilena».

Konpartsakoek Maiteri beren ideia azaldu eta gero, Maitek mozorro bakoitzaren eredu bat prestatzen du. Eredu horiek gurasoen aurrean aurkezten dituzte eta haiek oniritzia ematen badute, aurrera. Hala ere, nahiz eta azkar samar hasi dena prestatzen, beti izaten da azken orduan eskean joaten den baten bat: «Aste honetan bertan eskatu du batek mozorroa, neurriak hartu nituen egunean ez zegoela-eta». Eta, noski, behin lana amaituta ere beti izaten da egin beharreko konponketarik. Urteroko kontua da hori.

Oihaletan ez du baldintzarik jartzen, ekartzen diotenarekin egiten du lan. Badira, hala ere, buruko min gehiago edo gutxiago sortzen duten oihalak. «Batzuekin besteekin baino hobe egiten da lan. Gogoan dut urte batean arrainez mozorrotu zirela. Ez zen zaila, baina josteko benetan txarra zen. Goma-apar moduko bat zen eta ez nuen asmatzen nola josi. Orain asko hobetu dute material mota hori. Azkenean, josteko makinen denda batean orratza aldatzeko gomendatu zidaten eta moldatu nintzen», gogoratu du.

Josteko makinarik ez da falta bere etxean. Normalean erabiltzen duena industriala da. Baina txoko batean badauka makina pedaldun bat, argia joaten bada ere lanerako modua izan dezan. «Beti izaten da argia joaten den egunen bat eta badaezpada hor daukat hankarekin eragiten zaion josteko makina. Egun hauetan ezin dut makinarik gabe geratu», jarraitu du.

Egun eroak dira inauteri bezperako hauek. «Lan handia da. Mozorro bakoitzak lana dauka, nahiz eta hasiera batean erraz samarra dela pentsatu, beti korapilatzen da kontua. Eta lana da batez ere kopuruagatik, mozorro asko direlako. Berrehundik gora dira Kazkabarra konpartsakoak eta gero bestelako enkargu txikiagoak ere beti izaten ditut. Eta Ibarrako koadrila handi samarra ere badut, 50 lagun ingurukoa».

Egunero goizeko zortzi eta erdietarako martxan izaten da Maiteren josteko makina. Eta egun osoan apenas hartzen duen atsedenik. «Afal ostean ere segitzen dut, ez makinarekin, baina bai hurrengo egunean josi behar ditudan patroiak mozten eta prestatzen. Gauetan askotan esnatzen naiz mozorro guztiak bukatuko ote ditudan kezkatuta. Baina azkenean beti iristen gara. Badakigu urte sasoi hau horrelakoa dela», esan du. Egunean bost bat mozorro josten ditu, betiere mozorroaren zailtasunaren arabera.

Ulertzekoa denez, Maiteri ez zaio mozorrotzeko gogo handirik geratzen. Hori bai, astelehenean, txilaba soinean, konpartsen desfilea ikustera gerturatzen da beti, berak egindako mozorroek bizia nola hartzen duten ikustera. «Izugarri gustatzen zait desfilea ikustera joatea. Mozorroak nola geratu diren ikustea gustatzen zait eta poz handia ematen dit. Benetan pozgarria izaten da niretzat».

Inauteriak joango dira eta erritmoa jaitsi ahal izango du. Baina, gelditu, ez da geldituko, urte osoan izaten baitu zer josia. «Gero herrietako festak-eta hasten dira eta blusak josten nahiko lan izaten da. Koadrila handiak izaten dira gainera. Eta gero urte guztian izaten da enkargurik: elkartetako mahai-oihalak direla, bestelako lantxoak direla... Baina jostetik ezin da bizi, ez delako dirurik ateratzen. Sartzen diren orduak kontuan hartuz gero, oso diru gutxi kobratzen dugu gure lanagatik», bukatu du. Eta josten jarraitu du, azken txanpan sartuta.

«El Kilo» oihal denda, Tolosa: «Saldu izan dugu oihala mozorrotu bezperan ere eta grapekin josteko prestatu»

Metroa eta guraizeak eskuartean hartuta pasa ditu azken egunak, hemendik metro eta erdi, handik bi...

Inauterien bueltan bizi dute Jauregitarrek urteko sasoirik lanpetuena. «El Kilo» bezala ezagutzen da euren oihal denda eta bertan, mozorrotu nahi duenak, nahi adina lehengai topa dezake. Edorta Jauregik azaldu duen moduan, Katalunia aldetik ekartzen dituzte oihalak, «baina asko inportaziokoak dira eta Txinatik, Koreatik, Alemaniatik... etortzen dira». Badira urtero-urtero eskatzen diren oihalak, baina jendearen eskaeraren arabera ere bilatzen dituzte batekoak edota bestekoak. «Animaliaz jantzi nahi duen koadrila handi bat izanez gero, euren behar eta eskaerara egokitzen den tela bilatzen dugu, adibidez».

Horiexek, talde handiek, aurreikuspen handiarekin jokatzen dutela dio eta azaro aldean jada jasotzen dituztela lehen eskaerak. Baina asko dira azken orduan eta presaka etortzen zaizkienak ere. «Saldu izan dugu inauterietako larunbatean oihala grapekin josia ateratzeko», azaldu du umoretsu. Imajinazioa libre izaten da jai hauetan eta mozorro aldetik ugaritasuna izan ohi da. Joeren inguruan galdetuta, ordea, honakoa esan du Jauregik: «Aurten eskimal asko ibiliko da Tolosako kaleetan, baita txinatar asko ere».

Mozorroak aukeratzeko orduan, batez ere gazteenen kasuan, telebistak asko inspiratzen duela uste du Jauregik,: «Aurten `Pocoyo' saileko pertsonaiez jantzitako talde pare bat ere izango dira» ohartarazi du.

«Salbuespenak beti izaten dira», baina Jauregik dioenez, oro har, dendara bertaratzen direnek jada erabakia izaten dute mozorroa eta behar duten oihal mota ere buruan izaten dute gehienek. Zentzu horretan, mozorrotu eta kalera ateratzeko orduan jendea gero eta ausartagoa dela uste du Jauregik: «Lehen tabu moduko batzuk baziren».

Bada, bere esanetan, aldatu den beste kontu bat ere: «Lehen asko etxean ziren trapuekin ateratzen zen kalera, orain profesionalizatu egin da kontua». Tolosarren kasuan, gainera, eginda erosten diren jantzien aldean, nahiago izaten dituzte apropos jositakoak.

Tolosan tradizio handia izan duena eta jada apenas ikusten dena txilaba da: «Txilaba janzteko ohitura galtzen ari da eta horiek egiteko erabiltzen ziren tela koloretsuak etxeetako leihoak janzteko erabiltzen dira orain».

Krisiaren eraginaz galdetuta, denetarik ikusten dela dio: «Koadrila handietan inoiz baino jende gehiagok jantzi behar du aurten». Jende gehiago bai, baina mozorroak aukeratzeko orduan poltsikoari gehiago begiratzen diotela ohartarazi du, «batez ere, osagarrietan». Dirudienez, beraz, apaingarri gutxiago izango da aurten.

La Mascara mozorro denda, Iruñea: «Jendeak gero eta gehiago erosten du Internet bidez. Mozorroa etxeko atean nahi dugu»

Iruñeko Abejeras kalean dago La Mascara mozorro denda. Hogei urte darama mozorroak saltzen eta duela lau urte Internetera salto egin eta on line salmentarekin hasi zen. Aste honetan lanez lepo ibili dira. Bezero eta bezero artean egin digu tartea Koldo Navak, dendako jabeak.

«Jendeak asko erosten du Internetez, erantzuna izugarria izan da. Gero eta erosoagoak gara eta mozorroa ere etxeko ateraino eramatea nahi dugu. Egia esan, oso ondo saltzen dugu Internet bidez», kontatu du Koldo Navak, dendako jabeak. Hala ere, gehiengoak nahiago du oraindik ere dendara gerturatu eta mozorroak bertatik bertara ikustea. Hori bai, ohitura denez, azken astean, azken egunetan, azken orduan; izan ere, «gauza batzuk ez dira aldatzen».

Mozorro klasikoak urtez urte errepikatzen dira. Aurten, mozorro bat nabarmentzekotan, Michael Jacksonena izan daiteke. «Zaila izaten da urteko mozorroa zein den esatea. Bakoitzak berea egiten du eta ezin da asmatu zeinek izango duen arrakasta eta zeinek ez. Aurten, agian Michael Jacksonen mozorroa nabarmenduko da», jarraitu du.

La Mascara dendako webgunean (www.lamascara.es) aukera zabala dago: animalien mozorroak, oinetakoak, luxuzko mozorroak, bitxikeriak, neskato, mutiko, emakumezko, gizonezko edo txakurrentzako jantziak... Bai, bai, txakurrentzako mozorroak ere eskaintzen dituzte. «Ez dira asko saltzen. Gutxi batzuk bakarrik animatzen dira mozorro horiek erostera. Baina, tira, norbaitek bere txakurra mozorrotu nahi badu, hortxe dauka aukera», kontatu du Navak.

Prezioan ere aukera anitza da. Badira 10 euroko mozorroak eta baita 500 eurokoak ere, benetako torero jantziak adibidez. Izan ere, La Mascaran antzerki taldeekin eta telebistako saioekin ere egiten dute lan eta horiei begira aukera zabala dute «luxuzko mozorro» deitzen dituztenetan. «Antzerki talde askorekin lan egiten dugu eta haientzat aukera handia daukagu: Erdi Aroko mozorroak, italiarrak, belgikarrak... Osagarriak ere denetarikoak ditugu», esan du Navak. Benetakoak diruditen burdin jantziak, ezkutuak, metalezko kaskoak, eskuz egindako larruzko karatulak eta Brasilgo inauterietan ikusten diren boten modukoak topa daitezke La Mascarako luxuzko artikuluen artean. Hori bai, sorta horretakoak garestiak izaten dira.

Baina, inauterietan, orokorrean, jendeak mozorro merkeagoetara jotzen du. Egun baterako izaten dira gehienetan eta ez da hainbeste begiratzen kalitatea. «Jendeak gero eta gehiago erosten ditu egindako mozorroak. Merkeagoak dira. Hori bai, garbi izan behar da 10 euroko mozorro bati ezin zaiola sekulako kalitatea eskatu. Saiatzen gara denetarik eskaintzen, 10 eurokoak eta 40 eurokoak. Baina garbi izan behar da bata eta bestea ez direla berdinak. Merkea merkea da, eta garestia, kalitatekoa».

Jaiak mozorro denda, Zaldibia: «Mozorroak eta osagarriek adina janzten du norberak horiekin hartzen duen jarrerak»

Agustin Mujikak orain zazpi urte zabaldu zuen Jaiak mozorro eta osagarri denda. Hasiera batean Ordizian zegoen denda eta egun Zaldibiako industrialdean dago; aurten egindako berrikuntzen ostean, gainera, «Europako dendarik handiena» dute eurek diotenez.

Bertaratzen denak bostehun mozorro baino gehiago ditu aukeran. Horrenbesteko sorta izanda, koadrilek mozorroa adosteko denbora mordoxka pasatzen dutela dio: «Batzuk bat eta besteek bestea nahi izaten dute. Tartean badira oso ausartak eta baita mozorro apalxeago edo diskretuagoarekin joan nahi dutenak ere».

Mutil gazteek nolabait «akzioarekin» eta mugimenduarekin erlazioa duten mozorroak aukeratzen dituzte; «hori adibidez», azaldu du futbol amerikarreko jokalarien mozorroa hartuta dagoen mutil koadrila seinalatuz.

Mozorroak aukeratzeko unean, oro har, gazteek hotzari helduek baino beldur gutxiago diotela nabarmendu du, «batez ere, neskek».

Etxeko txikienek, berriz, telebistako marrazki bizidunetan topatzen dute inspirazioa. «Gainerakoan, modaz pasatzen ez diren indiar, bakero edota sorginak aukeratzen dituzte».

Berritasunen artean, aurten, platano mozorroa; pasa den asterako agortuta zegoen jada. Animalien artean, berriz, pinguino jantzia izan da salduena eta artista edota pertsonaia ezagunen mozorroen artean, Amy Winehouse kantari ezagunarena izango da, seguruenik, arrakasta gehien izango duena.

Osagarrien aukera zabala

Mozorroak ez ezik, horiek osatzeko beharrezkoak diren osagarriak ere saltzen dituzte Jaiak dendan: ileordekoak, kapelak, belarritakoak, erratzak, margoak, biboteak... Jantzia edonolakoa izanda ere, badira tartean burua ileorde ikusgarri batekin jantzi gabe inauterietara bertaratzen ez direnak. «Asko janzten du horrek; buruan behar da zerbait, ileordea ez bada txanoa edota betaurrekoak, nolabait asko estali eta janzten baitu», azaldu du.

Mozorroak mozorro eta osagarriak osagarri, horiek adina garrantzia du Mujikaren esanetan norberak hartzen duen jarrerak: «Mozorroari etekina ateratzea garrantzitsua da ondo pasatzeko».

Inauterien sasoian lana ugaritzen bazaie ere, mozorrotzeko ohitura orokortzen ari dela dio: «Herriko jai gehienetan izaten da jada mozorro gaua».

Aitzakia gutxi behar dugu, beraz, egunerokotik atera eta nork bere burua beste baten tokian jartzeko. Horregatik dio, krisia nabari den arren, jendeak mozorroa erosteko handik edo hemendik ateratzen duela dirua. Hala ere, Mujikak zehaztu duenez, inauteriak orduan eta beranduago izan, orduan eta gehiago animatzen da jendea mozorrotzera.

Etxeko ganbaran edota garajean gordetako trapuak janzteko joera inguruko hainbat herritan oraindik ere mantentzen dela nabarmendu du Jaiak dendako jabeak; ohitura hori ez dela galdu behar uste du, gainera. «Azken batean garrantzitsuena mozorrotu eta egunerokotasunetik irtetea da, batera edo bestera egin», jarraitu du.

Egindako mozorroak erostearen arazoa jaira irten eta zu bezala jantzitakoak han eta hemen topatzea izan daiteke. Hori badakite dendan eta horregatik neurri batean behintzat erremedioa jarri diote: «Hori gerta dadin saihesteko guk kopuru zehatz bat ekartzen dugu mozorro bakoitzetik. Horiek amaitzen direnean, kito».

Horregatik, mozorroa erosi behar duenari ahalik eta azkarren bertaratzea aholkatzen dio Mujikak. «Aukera handiagoa izango du lehenago etorrita. Baina, aurten, aurreko urteetan bezala, asko azken egunean etorriko dira», kontatu du.