Josu Juaristi
2010ko Otsailaren 12a
Rubalcabak eta bere estrategiarekin era batera edo bestera, neurri batean edo bestean, bat egiten duten alderdiek, eragileek eta komunikabideek izotzaldian sartu nahi dute Euskal Herria eta Euskal Herria aintzat hartzen duen proiektu politiko, ekonomiko eta soziala. Horren aurrean, ezker abertzaleak eta beste eragile batzuek etorkizuna ekarri nahi diote herri honi. Ostegun honetan bertan, Espainiako Audientzia Nazionalean berriro, Arnaldo Otegik, Rafa Diezek, Sonia Jacintok, Arkaitz Rodriguezek, Miren Zabaletak, Amaia Esnalek, Txelui Morenok eta Mañel Serrak lanean tinko jarraitzeko deia egin zioten gizarteari. Txelui Moreno hunkitu eta guzti egin zen ia, bere kideek esandakoa gogoratzean: «Aurrera egiteko diote, jarraitu egin behar dela, hau dela bidea eta atzerapausorik egin gabe jarraitzeko». Gehiago ere esan zuen Morenok: bere iritziz, eztabaida baldintzatu edo apurtu ordez, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroaren estrategia eroak, zerbait lortu baldin badu, eztabaidari indar handiagoa ematea izan da.
Ezker abertzaleak, iragarria dagoen moduan, aurki emango du bere barne eztabaida prozesuaren behin betiko ondorioen berri. Aurre ondorioak GARAk eta «Berria» egunkariek eman zituzten orain dela egun batzuk eta laster jakitera emango denak horretan sakondu eta aurrera egingo duela espero da. Gaur8-k jakin ahal izan duenez, eztabaida prozesuak sekulako jakin-mina eta interesa piztu du Europako -eta Europatik kanpoko- aditu, begirale, boteregune eta komunikabideen artean. Ezker abertzaleak esango duenaren zain daude asko, eta dagoeneko esan duenarekin ere lanean ari dira. Eta ez norabide bakarrean, alegia, ez ezker abertzaleari begira edo ezker abertzalearen zain bakarrik; Zapateroren Gobernuari ere zuzendu zatzaizkie. Atzerritik egin daitezkeen ekarpenak edota presioa (presio konstruktiboa, mugitu behar duenak mugimenduak egin ditzan, beti aurrekoaren zain egon gabe) eraginkorrak izateko, norabide guztietan egin behar dira, eta horrela gertatzen ari dela ematen du. Horren isla edo ondorio izan al daitezke azken egunotako kaleratze apur horiek? Pernando Barrena, Karmelo Landa, Joseba Zinkunegi, Eusebio Lasa, Mikel Etxaburu, Nuria Alzugarai, Aitor Aranzabal, Txema Jurado eta Mikel Garaiondo libre utzi dituzte azken egunotan. Bi urte egin dituzte preso eta orain fidantzapean aske utzi dituzte politika egin ez dezaten mehatxuarekin.
Hain justu, baldintza edo mehatxu honek adierazten du, beste ezerk baino hobeto eta garbiago, zergatik espetxeratu zituzten: politika egiteagatik. Bi urte egin dituztela esan dugu, eta hori asko da, herri honetan egoerarik xelebreenetara eta zailenetara egokitzeko eta aurrera egiteko ahalmena dugula jakinda ere. Urteak eta urteak preso daramatzaten preso politikoek eta beren senideek ederki dakite hori. Egun bat ere asko litzateke, eta horrela adierazten dute kanpoko hainbat eta hainbat begiralek eta kazetarik ere, politika egiteagatik eta horrekin gatazka konponbide demokratiko batera eramateko lanean aritzeagatik preso sartzen dituztela ikusteak asaldatuta.
Bistan da Gobernu espainola oro har, eta Rubalcaba bereziki, deseroso daudela sumatzen dituzten (eta, zalantzarik gabe, ezagutuko dituzten) erabaki eta mugimenduekin. Eta bistan da eztabaidaren ondorioen inguruan eta herri honetan eman daitezkeen mugimenduen inguruan atzerritik etor daitezkeen hitzekin eta bultzadekin ere ez dela batere gustura izango. Bilatzen duten lehenengo gauza, ordea, ezker abertzalearen hitza isilaraztea da. Horrekin mehatxu egin diete Barrenari eta besteei, baina etxean ere, aspalditik ari dira batzuk gauza bera egiten. Noiz arte betoa, esate baterako, EITBn?




