Kumi Naidoo Greenpeaceko zuzendari exekutibo berriaren iritziz, zerbait ona gertatu zen Kopenhagen: gizarte zibilaren batasuna, Gerra Hotza bukatu zenetik ikusi gabea. Batasuna eta adorea aldarrikatzen ditu hondamendia saihesteko
Kumi Naidoo (Tierramerica)
2010ko Otsailaren 12a
Greenpeaceko zuzendari exekutibo berria naizenez, sarri galdetzen didate elkartean zein aldaketa egitea pentsatzen dudan, eta gizarte zibil osoan aplika daitekeela uste dudan gauza bat erantzuten dut: Greenpeacek barrenean gauza gehiago hartzea eta indar gehiagorekin bat egin ahal izatea gustatuko litzaidake, elkarrekin lan egiteko.
Boterearekiko jarrera erabakigarriagoa izatea eta planeta guztian ekintzaileagoak izatea ere nahiko nuke.
Nazioarteko azpiegitura garrantzitsuenetako batzuk txikituta daude, eta horrek, bertze arrazoi batzuekin batera, gaur egun sufritzen ari garen krisi saila ekarri du: elikagaiena, petrolioarena, pobreziarena eta, jakina, klima aldaketarena.
Bi bide
Oker dabiltzan azpiegiturei adabakiak jartzen ahal dizkiegu akordio ahulekin, finantza erreskate desorekatuak egin ditzakegu eta pobreen beharrei ez begiratu. Baina bide horrek, dirudienez AEBetako presidente Barack Obamak eta munduko bertze buruzagi batzuek bultzatzen duten bideak, ez du balio hondamendira eraman gaituzten kausei heltzeko.
Bertze aukera bat gure etorkizuna berregituratzea da, azpiegitura berriak sortuz eta gizartea eta planeta jasangarriak eta orekatuak izan daitezen bilatuz. Hori ez da batere bide erraza, baina uste dut zuzena dela.
Aldaketa klimatikoari dagokionez, adibidez, naturak gure bizimodua oinarritik aldatzea eskatzen du. Ekonomia eraldatu behar dugu, eta erregai fosiletan eta kontsumismoan oinarritutako sistema honetatik energia garbiak eta eragingarriak erabiltzen dituen eta neurriz jokatzen duen bertze batera pasatu.
Kofi Annanen Munduko Giza Foroak kalkulatzen duenez, urtean 300.000 pertsonak galtzen dute bizia klima aldaketaren ondorioz. Ironia ikaragarria da: hildako gehienak «garapen bidean» dauden herrialdeetako pobreak dira, klima aldaketa mundu industrializatuko aberatsek sortutako arazoa izan arren.
Mugarik gabe
Munduan ordena berria ezartzeko gure interes lokal eta nazionaletatik harago begiratu behar dugu, klima aldaketak, gaur egungo bertze arazo handi anitzek bezala, ez baitu mugarik. Zoritxarrez, Kopenhagen klimari buruz mintzatzeko bildu ziren Nazio Batuen Erakundeko politikariek ez zuten adorerik izan egia hori onartzeko.
Hala eta guztiz ere, zerbait ona sortu zen Kopenhagen: gizarte zibilak bat egin zuen, Gerra Hotza amaitu zenetik egin ez duen bezala.
Elkartuta
Danimarkako hiriburuan hainbat eta hainbat jende ikusi genuen klimari dagozkion eskaeren inguruan elkartuta: Elizen Munduko Kontseilua eta bertze talde erlijioso batzuk, sindikatuak eta garapenaz arduratzen diren elkarteak, normalean ingurugiroaren gaineko kontuetan inplikatzen ez direnak. Hori izan zen Tck Tck Tck kanpainaren helburua (gizarte zibileko antolakunde ugarik osatutako koalizioa da, eta, bertze talde batzuen artean, Greenpeace, Amnesty International eta Nazioarteko Sindikatuen Konfederazioa daude bertan).
Hitzak soilik
Gobernuek klimaren krisia konpontzeko beharra eta presa hitzez soilik aitortzen duten bitartean, funtsezko konpromisorik hartu gabe, arazoa gero eta larriagoa izanen da, pobrezia hazi eginen da, garapena eta osasun arazoen konponbidea trabatu egingo dira, eta komunitateek gero eta gaitasun txikiagoa izanen dute klima aldaketara egokitzeko.
Kopenhagen elkartu eta kolektibo bezala Barack Obamari, Angela Merkeli, Nicolas Sarkozyri eta mundu industrializatuko bertze buru batzuei konpromiso bat har zezaten exijitu genien: urtero 140.000 milioi dolar eman zitzaten eskatu genien, herrialde behartsu eta ahulenek klima aldaketaren eraginetara egokitzeko eta eragin horiek gainditzeko ahalmena izan zezaten. Kopuru horretako zati bat soilik adostu zuten, eta, gainera, akordioa ez da loteslea legalki.
Desobedientzia zibil baketsua handitu behar dugu, Nelson Mandela, Desmond Tutu, Rosa Parks, Martin Luther King eta Mahatma Gandhi adibidetzat hartuta.
Joan den urtarrilaren 27an hil zen Howard Zinn historialari eta aktibistak azaldu zuenez, garrantzitsua da protesta baketsuetan denek parte hartzea, munduko buruzagiek behingoz klima aldaketari aurre egiteko neurriak har ditzaten.
Aurrean ditugun borrokak gogorrak izanen dira eta adorea beharko dugu. Adoreak forma anitz izan ditzake, adibidez, Greenpeaceko nire lau kiderena. Horiek desobedientzia zibileko ekintza baketsu bat egin zuten Kopenhagen eta horren ondorioz 21 egun eman behar izan zituzten espetxean, oraindik justizia epaitegian hitz egiteko aukerarik eman ez badiete ere.
Guri dagokigu
Beren bizimodua aldatzen duten familiak ere adoretsuak dira, eta protestak egiten dituzten gizon-emakumeak, elkarretaratzeetara joaten direnak eta bitarteko baketsu guztiak erabiltzen dituztenak gobernuek eta industriek beharreko aldaketak egin ditzaten eta gure ondorengoei planeta osasungarri bat utz diezaiegun.
Mundu hobea lor dezakegu eta guri, jendeari, dagokigu sortzea.




