Jose Angel Oria
2010ko Otsailaren 12a
Urratsak egiten jarraitzen du AEBetako Justizia Administrazioak eta aurki heriotza zigorra ezarri diezaiokete Pakistanen «bahitutako doktorea» esaten diotenari. AEBetako MIT Massachusetts-eko Teknologia Institutuan eta Bostongo Brandeis Unibertsitatean ikasketak egindako biologoa da Aafia Siddiqui, Neurologia Zientziatan doktorea. Pakistango Parlamentuak bere askatasuna eskatu zuen, eta kalean makina bat mobilizazio egin da emakume horren askatasunaren alde, baina ez dirudi protesta horien hotsak AEBetako muga zeharkatu duenik. Ezta Mendebaldeko gainerako herrialdeetakoa ere. France Presse agentziak, esaterako, AEBetako epaileen erabakiaren berri eman zuen, bertsio ofizialak aipatzen dituen datuak eskainita. Testuak ez du zalantzan jartzen epaileek diotena, baina gutxienez jasotzen ditu Siddiquiren etxekoen eta abokatuen hitzak: «Aurreiritziz josita egon da prozesu osoa. Erabaki injustu ugari egon da». BBC telebista katearen webguneak ere bertsio bera eskaini zuen, datu bat erantsita: «Aafia Siddiquik esan du epaia ez dela justua izango, epaimahaian juduren bat baldin badago». Mendebaldeko makina bat hedabidetan gauza bera kontatu digute, Pakistanen bertan Siddiquiren alde egin diren mobilizazioak eta abian jarri diren ekimenak aipatu gabe.
Tamalez, joera berean sartu behar dira ideologikoki horietatik urruti dauden hedabide bolivartarrak, abn.info.ve webgunea esaterako. Baina Pakistanen bertan kazetariak dituztenen hedabideek kontatutakoa oso bestelakoa da. Al Jazeera telebista kateak protesten berri eman du eta english.aljazeera.net webgunean irakur daitezke Siddiqui errugabetzat dutenen adierazpenak.
«FBIk tiroen inguruan eskaini duen bertsioak telebistako pelikula txarrenen tankera dauka -idatzi genuen GAUR8n 2008ko irailean-. Horren arabera, estatubatuar agenteak Siddiquiri galdeketa egiten ari zirela, emakumeak bere arma kendu zion ofizial bati eta tiroka hasi zen. Tiro guztiek, kale. Kasualitatea! Beste ofizial batek tiro egin zion orduan. FBIkoen bertsioak zulo gehiegi dauzka ontzat eman ahal izateko. Hala ere, Mendebaldeko hedabide askok horrela egin dute».
Gauzak ez dira aldatu. New Yorken «terrorista» dena, Karachin «heroia» da. «Fauzia Siddiqui doktorearen ahizpak esan du epaiak familia indarberritu egin duela. `Bere etxekoak izateaz harro gaude', esan du Karachin. Ismat amak, berriz, zera adierazi du: `AEBetako epaitegi batetik ez genuen beste gauzarik espero'. Pakistango Gobernuak ere jakinarazi du `lur jota' dagoela eta Siddiquiren familiarekin eta abokatuekin aztertuko duela doktorea askatzeko zer egin», irakur daiteke arabierazko telebistak ingelesez eskaintzen duen webgunean. Kamal Hyder korrespontsalak erantsi du Islamabad hiriburuan, estatubatuarren erabakia salatzeaz gain, Pakistango Gobernuaren jarrera ere salatu dela, «Aafia Siddiqui errugabetzat jotzen baitute, eta beraien iritziz Exekutiboak aurkitu behar zuen zirrikituren bat Aafia etxera itzuli dadin». Estatubatuarren aurkako gorrotoak gora egin du Pakistanen.




