SRI LANKA -

Kiratsa darie Sri Lankako agintariei. Tamilen aurkako gerra irabazitzat eman ondoren, euren artean hasi dira hozkaka. Hauteskundeak irabazi zituenak atxilotu egin du aurkaria, garai batean tamilen aurkako jardueran aliaturik minena zuena. Kazetariak ere giltzapera bidaltzen dituzte. Eta beren burua entregatu omen zuten 11.000 tamilen inguruan, kezka nagusi.

Jose Angel Oria

2010ko Otsailaren 12a

Sri Lankako Gobernuak gezurtatu egin du giza eskubideen aldeko elkarteek egotzi diotena: iaz gatazka amaitutzat eman zenean beren burua entregatu omen zuten 11.000 inguru tamilak (gobernuz kanpoko erakundeen arabera, atxilotu egin zituzten segurtasun indarrek beraien eskualdeetan jarritako kontroletan, LTTE Tamil Eelam-eko Askatasun Tigreak taldeko kideak izan zitezkeelakoan) inkomunikatuta eta torturatuak izateko arriskuan daudela (550 ume barne).

«Salaketa horiek gezur hutsak dira. Beren burua entregatu zutenek familiarekin egoteko aukera izaten dute eta guk Unicef Nazio Batuen agentziarekin eta IOM Migrazioetarako Nazioarteko Erakundearekin egiten dugun lan pertsona horiek birgizarteratzeko eta birgaitzeko», adierazi zuen Daya Ratnayake jeneralak, ustezko birgaitze prozesuko arduradunak.

Sri Lankako agintarien sinesgarritasuna oso ahulduta dago, ordea. HRW Human Rights Watch New Yorken egoitza duen giza eskubideen aldeko elkarteak 11.000 pertsona horiek berehala askatzeko eskatu dio Sri Lankako Gobernuari, gutxienez epaitu behar ez dituztenak. Horien atxiloketa bidegabea, «arbitrarioa» izan dela uste du elkarteak.

Hogeita hamar orrialdeko txostena egin du HRWk Sri Lankako egoera zertan den azaltzeko. "Linbo legala: LTTE gerrillako kide izateaz susmagarri diren atxilotuen etorkizun zalantzagarria" izenburuko lana egiteko segurtasun indarren atzaparretan daudenen etxekoekin hitz egin dute. Baita lan humanitarioa egiten dutenekin eta giza eskubideen aldeko ekintzaileekin ere. HRWk oso garbi esaten du Gobernuak sistematikoki urratu dituela atxilotuen oinarrizko eskubideak.

Linbo legala

«Gobernuak linbo legal batean dauzka 11.000 pertsona, eta hilabete askoz gainera», esan zien kazetariei Brad Adams HRWko Asiarako zuzendariak. «Segurtasunari benetako mehatxu egiten diotenak nortzuk diren argitu eta gainerako guztiak askatzeko garaia da», erantsi zuen Adamsek.

Suresh Premachandran tamil etniako parlamentariak bat egin du giza eskubideen aldeko elkartearen salaketarekin. Diputatuak jakinarazi zuen Gurutze Gorriko Nazioarteko Batzordeak berak ere debekatuta daukala «birgaitze zentro» horietara sartzea. «Inork ez daki nor dagoen kanpamendu horietan. Mahinda Rajapakse presidentearekin joan den irailean elkartu ginenean, berak onartu zuen guk eskatutakoa, hau da, zentro horietan atxilotuta daudenen izenen berri ematea. Baina oraingoz ez du bere hitza bete», jakinarazi zion parlamentariak IPS agentziari. Bere alderdi politikoak tamil etniakoen eskubideak ordezkatzen ditu nolabait, Sri Lankan minoritarioa (populazioaren %12 inguru) den komunitatearenak.

Berri agentziak Sarasi Wijeratne Gurutze Gorriko eledunari galdetu zion ondoren, ea Premachandranek salatutakoa egia ote zen. «2009ko uztailean, atxilotutakoen erregistro bat egin genuen, baina geroztik bertara sartzerik ez dugu izan», erantzun zuen.

Askotan atxilotuen senideekin lan egiten duen giza eskubideen aldeko elkarte batek jakinarazi du egoera zertxobait aldatu egin dela abenduan eta urtarrilean, Lehendakaritzarako hauteskundeen eraginez. Esanguratsua da elkarte horretako eledunak ez duela jakitera eman nahi ez bere izena, ez elkartearena. «Guk aditu dugunaren arabera, gurasoek eta beste senide batzuek kanpamenduetara sartzeko aukera izan dute azken asteotan, baina hori lortu aurretik gestio burokratiko ugari egin behar izan dute. Nire ustez hori gertatu da hauteskundeen eraginez, Gobernuak orduan tamilen botoak eskuratu nahi zituelako», esan du eledunak.

Pertsona anonimo horrek egin duen irakurketa hobeto ulertzen da hauteskundeei eta ondorengo mugimenduei zertxobait erreparatuz gero. Iazko maiatzean, LTTEren aurkako gerra amaitzen ari zela, milaka tamilek gerratik ihes egin zuten. «Ongizatearen kanpamenduetan» sartu zituzten 300.000 tamil. Errepideetan eta kanpamenduetan ipinitako kontrole- tan horietako 11.000 atxilotu egin zituzten, gerrillariak zirela esanez. Independentziaren aldekoak izatea zen Kolonbok onartu ezin zuen ezaugarria. Edonola ere, tamilek «beren buruak entregatu» zituztela esan zuen Kolonbok, Sri Lankako agintarien esku jarri. 11.000 pertsona dira, gutxi gorabehera Gobernuak «birgaitze zentroetan» dituenak.

Aliatuak, etsai

Lehendakaritzarako hauteskundeak egin zituzten urtarrilaren 26an. Bi hautagaik botoen ia %95 bildu zuten, oso tamil gutxik esku hartutako bozketan. Mahinda Rajapaksa presidenteak lortu zuen garaipena, bertsio ofizialaren arabera, botoen %57rekin. LTTEren kontrako gerran Rajapaksaren aliaturik minena zen Sarath Fonseka jeneralak botoen %40 besterik ez zuen bildu. Baina Fonsekak esan du iruzur egin dela hauteskunde prozesu horretan eta ez dituela emaitzak onartzen. Aste honetan bertan atxilotu dute Sri Lankako Armadako Estatu Nagusiko buru ohia, egun batzuk lehenago bere inguruko dozenaka lagunekin gauza bera egin ondoren. Hori bai, ez diete leporatzen hauteskundeen emaitza onartu ez izana, presidentea hiltzeko operazioa prestatzea, baizik.

Fonsekak salatutako iruzurrarekin badu zerikusirik atxilotu tamilekiko presidentearen jarrera aldaketak. Urtarrilaren 9an, 712 atxilotu askatu zituztela jakinarazi zuten agintariek. Bi aste falta ziren hauteskundeetarako eta operazio horri sekulako arreta eskaini zioten hedabide ofizialek. Oposizioak berehala ikusi zuen tamilen botoa erakartzeko ahalegina.

Baina gerora jakin da 712 pertsona horietako 200en bat beste leku batera eraman zituztela, hegoaldean dagoen Gallera. Hori esan du Sri Lankan preso politikoei babes juridikoa hogei urtez emandako elkarte bateko eledun anonimoak. «Aurreko astean hegoaldeko zentro horretatik irtendako 60 urteko gizon tamil bat etorri zitzaigun. Berak esan zigun urtarrilaren 9an 'askatu' zituzten haietako 200 lagun Galleko zentrora eraman zituztela. Berak eskatu zigun lehenbailehen laguntzeko pertsona horiei. Informazio guztia aztertzen ari gara, abokaturen batzuk bertara bidali aurretik», erantsi du giza eskubideen aldeko ekintzaileak. Martxoan Legebiltzarra osatzeko hauteskundeak egingo direla-eta, begiraleek uste dute aurki tankerako beste operazioren bat ikusi ahal izango dugula, Rajapaksa oraindik tamilen botoen beharrean baita.

Zingalesen chauvinismoa

Bestalde, presidenteari egotzi diote hedabide publikoak bere aldeko kanpaina egiteko erabili izana, oposizioa isilaraziz. Gainera, Sri Lankako kazetari elkarteek eskatu diote Gobernuari beren aurkako mehatxu giroa moteltzeko, eta uste dute presidenteak berak zerbait egin beharko lukeela lanean jarraitzerik izan dezaten. Ezin dute ahaztu Prageeth Eknaligoda kazetari kritikoari gertatutakoa: norbaitek desagerrarazi egin zuen orain aste batzuk eta inork ez daki ez non dagoen, ezta bizirik ote dagoen ere.

Sri Lankako demokrazia ez da munduko garbiena, agerian geratu denez. Baina Fonsekak irabazi balu ere, ez genukeen askoz ere egoera hobea izango. Txente Rekondok GARAn hauteskunde egunean idatzi zuenez, «biak txanpon beraren bi aurpegiak dira, zingalesen chauvinismoaren bi aurpegiak». Egileak orduan aipatu zuen esaldi batek oso ondo margotzen digu Fonsekaren tamilekiko jarrera: «Sri Lanka zingalesena da. Komunitate minoritarioek, tamilek esaterako, herrialde honetan bizitzeko aukera izango dute, baina gauza jakin batzuk lortzerik ez dute inoiz izango, gutxiengoa izatearen aitzakian». Rekondok gogorarazi zigun bi hautagai nagusiei leporatu dietela tamilen aurkako borrokan gerra krimenak egin izana.

Sri Lankan Rajapaksa nagusitu da azkenean. Fonseka eta bere jarraitzaileak indargabetu ondoren, beste edozein estatuburuk egiten duena egiten du orain. Hazkunde ekonomikoa lortzea omen da bere helburua orain. Tamilen aurkako gerraren eraginez atzera egindakoa orain berreskuratu egin behar dela dio, eta Sri Lankako etnia guztiek bat egin behar dutela horretarako. «Etnia guztietako bihotzak batzeko ardura daukat, zatituta zegoen lurra batu ondoren», esan zuen otsailaren 4an, Independentzia Egunean, Europa Press agentziaren arabera. Eta Sri Lankako aberatsei gustatu egin zaie haren hitzaldia: bertako Burtsak munduko beste edozeinek baino gehiago egin du gora da azken boladan. Gainera, Txinatik eta Indiatik milioika euro iritsi da herrialdera, laguntza moduan. Baina atzerriko inbertsiogile pribatuek ez dute dirua Sri Lankara eraman nahi, bertako inflazioa oso larria baita, Estatuak duen gehiegizko egituraren eraginez.

Rajapaksaren jarrera

Presidentearen hitzaldiak ezin ditu tamilak poztu, beraiek bai baitakite nolakoa den. Tamilen askatasunaren aldekoak nagusi diren eskualdeetan oso pertsona gutxi joan zen botoa ematera, Rajapaksaren jarraitzaileek biztanle guztiak beldurtu baitzituzten, botoa ematekotan, presidentearen aurkakoa izango zela jakinda. Gainera, gerraren amaieraren ondoren egin ziren «ospakizunetan» esku hartzera behartu zituztenek badakite presidentearen helburu bakarra tamilak garaitzea dela, beraien nortasuna betiko txikitzea. Eta etxekoren bat falta dutenek, nola onartu beren zoritxarra eragin duen politikariaren hitzak? Milaka lagunek ezin dute orain etxera itzuli, etxerik gabe geratu zirelako. Hala ere herrira itzultzen direnek, egoera negargarria topatzen dute: ez daukate ezer, lan egiteko aukerarik ere ez, etxeko norbait falta da eta inork ez daki non ote dagoen...

HRW Human Rights Watch elkarteak esan du atxilotuei ez zaiela esan zergatik dauden egoera horretan. Guantanamokoei bezala. Beraz, Gobernuak ukatu egin die atxiloketaren zilegitasunaren aurkako errekurtsoa aurkezteko aukera eta, bide batez, atxilotuek ezin izan dute abokatuen laguntzarik jaso. Oraindik inork ez daki norbaiti krimen zehatzen bat egotzi dioten ala ez. «Gobernuari dagokio segurtasun publikoa babesteko eskubidea eta ardura, baina oinarrizko eskubideak errespetatuz egin behar du hori», idatzi dute HRWkoek.