Isidro Esnaola
2010ko Otsailaren 12a
Asko izan dira azken asteotan ekonomiari buruzko berriak, gehiegi agian, bakoitzaren garrantziaz jabetzeko. Etengabeko jario horrek nazkatu egiten gaitu. Interesgarria izan daiteke albiste horien inguruan egon diren erreakzioak aztertzea. Lehenengo golpea jubilazio adina bi urtez luzatzea izan zen. Horren haritik, Andaluziako CCOO sindikatuko Carbonerok une hartan horretaz hitz egitea «desegokia» zela esan zuen. Arazoa ez omen dago edukietan, formetan baizik. Zerbait bazekien seinale. Hori bai sindikalista!
Gero, burtsaren gainbehera etorri zen. Hurrengo egunean, egunkarietako ekonomia adituek bi ideia nagusi aipatzen zituzten euren zutabeetan. Lehenak arazoen jatorria aipatzen zuen: errudunak blogari anglosaxoiak ziren, euren blogetan Espainiaren gainean zaborra botatzen ari zirelako. Hau bai xelebrea, egur gehiena Alemaniaren esparrutik etorri da baina errudunak anglosaxoiak dira. Bigarren ideiak motibazioa aipatzen zuen: Estatu espainoleko enpresak beste estatuetako enpresak erosten ikusi zituztelako erretxinduta zeuden. Bekatu zaharrena bekaizkeria! Estatu espainoleko enpresa handienak banketxeak eta pribatizatutako estatu monopolioak dira. Google izango balitz! Beraz, harrokeriaz ibiltzeko motibo handirik ez.
Egun horretan arratsalderako bideratu zuen gaia berriz ere Zapaterok sindikatu eta enpresariekin bilera eginda. Batzuek zein besteek proposatutako lan erreforma goraipatu zuten, eta Zapaterok arazoak zeudela onartuz jomugan jarri zuen Espainia marka defendatu beharra zegoela aipatu zuten. Arazoak daudenean patriotismoa da botereak erabiltzen duen argudio nagusia langileek beren interes legitimoen defentsa albo batera utz dezaten eta guztion onuraren aitzakiapean handik eta hemendik murrizketak gauzatu ahal izateko. Eta Estatuko sindikatu nagusiak joko horretan berehala sartu dira. Aste honetan negoziazio kolektiboaren inguruko akordioa sinatu dute hiru urterako. Langileen borroka frontea luzerako desaktibatu dute.
Orduz geroztik, komunikabide gehienek bide horri heldu diote. Estatu espainoleko ekonomiak dituen arazoek erakusten dituzten grafikoak nonahi sartu dituzte eta murrizketak eta erreformak egitea ezinbestekotzat jo dute. Aste honetan burtsek ez dute, momentuz, susto gehiagorik eman; gainera, adierazle positibo bat topatu dute, estatu espainoleko zor publikoa ez da hain altua, eta horrekin euforia bueltatu da. Politikoki ez da zuzena gaixotasun mentalez hitz egitea baina tristuratik euforiara hain azkar pasatzeari desoreka bipolarra deitzen zaio. Bere inguruan integratzeko arazoak dituenak izaten du gaixotasun hori. Adierazgarria.
Bitartean, Europar Batasunak zer edo zer egiteko beharra ikusi du eta aste honetan gailur informala egin du Bruselan. Solvay liburutegian bildu dira estatu buruak eta lehen ministroak aholkulari bakar batekin. Horrela antolatu da lagunen arteko giroa izatea sustatzeko. Eguraldiak baimentzen badu, bileran giro beroa izango dute. Hortik aurrera, ez dago batere argi zer adostu dezaketen. Euroaren barruan dauden estatuei ezin zaie lagundu. Zapaterok esan du Europar Batasunak eta Eurotaldeak Grezia lagunduko dutela. Alemaniako gobernutik esan dute bilera etor daitezkeen eszenatokiak aztertzeko izango dela. Estatu frantseseko gobernutik Greziako gobernuari laguntzeko tresna ezberdinak aztertzen ari direla diote.
Adierazpenak adierazpen, susmatu dezakegu zer adostuko duten. Europar Batasunaren laguntza bi norabidetan joango da. Batetik, nazioarteko inbertitzaileei ez dutela Grezia erortzen utziko esango diete, argi gera bedi. Eta bestetik, Greziako gobernuari zer eta nola egin behar duen esango diote eta, noski, baita horren jarraipen estua egingo dutela ere. Zer motako laguntza izango den Greziako langileek azaldu dezakete inork baino hobeto: soldata murrizketak, pentsio murrizketak, zerga igoerak eta abar. Asteazkenean huelga egin zuten.




