HEZKUNTZA -

Amagoia Mujika

2010ko Otsailaren 05a

Hernaniko Langile ikastolako lehen gela 1970. urtean sortu zen. Hasierako urte haietan hasi zen irakasle lanetan Ixiar Egiguren eta duela bizpahiru urte erretiratu da. Lehen lerrotik ikusi du ikastola hazten eta ondo gogoan ditu proiektuaren lehen pausoak. «Orduan ikastola bat zegoen herrian eta guraso talde batek faltan sumatzen zuen parte hartzeko aukera. Garaiak ere horrelakoak ziren, gauza askotan hartzen genuen parte: batzarrak, asanbladak, bilerak... eta eskolan, zergatik ez? Zergatik ez erabaki denon artean zer-nolako eskola nahi dugun? Ideia hori oso presente zegoen hasiera hartan. Horrez gain, pedagogia askatzaile baten ideia ere bazegoen. Ordura arteko eskolak ez zuela balio, ordura arteko harreman moduak irauli egin behar zirela eta bide berriak aztertu behar zirela ikusi zen eta hausnarketa haietatik etorri ziren modu berriak. Baina guk ez genituen asmatu, bai Estatu mailan eta bai Estatutik kanpo ere bazeuden foroak eta gurearen antzeko hausnarketak. Guk urte asko eman genituen ikasten eta oraindik ere horrela jarraitzen dugu, etengabeko prestakuntzan».

Pello Erdoziak ere 30 urte inguru daramatza irakasle lanetan Langilen. «Zaila da gure proiektu pedagogikoaren berezitasunak labur antzera eta paperean jasotzea. Nire ustez funtsa parte hartzea da, hiru estamentuetan gainera: ikasleak, irakasleak eta gurasoak. Denak norabide berdinean eta helburu berdinarekin. Parte hartzeak partaide izatea dakar. Eta partaide sentitzen zara zure ekarpenak egiten dituzulako eta ekarpen horiek kontuan hartzen direlako. Eta hori gauzatzeko antolaketa bat behar da, egitura batzuk sortu behar dira. Antolaketa horrek garrantzi handia dauka eskola honetan eta hiru mailatan ematen da: ikasleen mailan, irakasleen mailan eta gurasoen mailan», agertu du Erdoziak.

Parte hartzeak ez du garairik onena bizi egungo gizarte gero eta indibidualistagoan. Baina, Langile ikastolan asmatu dute eskolaren nortasunaren parte garrantzitsua dena bizirik mantentzen. «Ni duela bost urtetik gelaburua naiz eta ez dut sumatu parte hartzea jaitsi denik edo krisian dagoenik. Eta nire ustez horretan parte handia dauka 40 urtean egin den lanak. Ni ez naiz ikasle ohia, baina nire bikotekidea bai, eta ikastolaren parte eta partaide izatearen sentimendu hori oso nabarmena da hemen eta oso bizirik dago», agertu du Kistiñe Lujanbio gurasoak. Izan ere, Langileko gela bakoitzak gelaburu bat dauka, guraso bat, borondatez parte hartzen duena batzorde desberdinetan. «Apenas dagoen gelarik gelabururik ez duena. Batzordeetan lan egiten du jendeak eta fusioaren kontu honekin ere gurasoen parte hartzea handia izaten ari da. Pozik gaude horrekin», jarraitu du Urtzi Errazkinek, gurasoa eta ikasle ohia denak.

Izan ere, ikaslea eta seme-alaba pertsona bera da, eta horregatik da garrantzitsua ikastolaren eta etxearen arteko soka hori, lotura hori. «Hasiera hartatik bertatik esaten genuen irakasleek eta gurasoek gu hezten ez baginen alferrik egingo genuela eskola berri bat. Bere gorabeherekin, baina horretatik asko bizirik mantentzen dela uste dut», gogoratu du Ixiar Egigurenek.

«Egia da irakasle askok gurasoa beti erasoan datorrena bezala ikusten duela. Eta hori ez da horrela, nik seguru dakit gurasoak beti saiatzen direla ahalik eta ondoen egiten. Eta gurasoen parte hartzea ekarpen modura ikusi behar da, ez eraso modura», gaineratu du Pello Erdoziak.

«Orduko guraso haiek intuizioaren bidetik eskatzen zuten parte hartze hori. Guraso bezala beste modu batera bizi nahi zuten seme-alaben hezkuntza, eskolan zer egiten zen jakin nahi zuten, ez fiskalizatzeko, baizik eta laguntzeko, kolaboratzeko eta guraso bezala ere ikasteko. Gaur egun asko ematen da hori, baina orduan berria zen», jarraitu du Ixiarrek. Eskolan denak protagonista izateko bidean egin dute lan Langilen, eta emaitzarekin gustura daude.

«Parte hartzearen kontua toki askotan entzuten da gaur egun, baina hemen praktikan jartzen den gauza bat da, benetan betetzen dena, ez da hitz polit bat soilik. Eta guraso bezala oso interesgarria da hori», jarraitu du Kistiñek.

Ikasle bakoitzaren gaineko laguntza da Langileko beste zutabe bat. Ez diote modu orokorrean begiratzen ikasle taldeari, ikasle bakoitzaren gainean begiak jarri eta bakoitzak dituen gaitasunak bultzatzen eta hutsuneak samurtzen saiatzen dira. Eta horretarako egitura propioak ditu ikastolak. «Oso garrantzitsua da ikasleak, nahiz eta ikasketen bidea ez jarraitu, bizitzan aurrera jarraitzen duela eta horretan asko laguntzen du ikastola honek. Pertsonak egiten ditu eta mundu honetan aurrera jarraitzen laguntzen die pertsona horiei», nabarmendu du Urtzik. «Izan ere, pertsonak gara, eta pertsona guztiak daukagu irtenbide bat, seguru», gaineratu du Pellok. «Gu hasieratik asko emozionatu ginen ideia batekin: eskola denontzat da. Hemen den-denak dira protagonista eta den-denek daukate bere lekua. Eta bereziki laguntza gehiago behar dutenak. Izan ere, gure metodologiarekin batzuk bakarrik ikasten dute, ez dute batere laguntzarik behar», esan du Ixiarrek.

Ebaluazio modua ere berezia da. Langilen ez dute noten buletinik banatzen, ebaluazio bilerak egiten dituzte gurasoekin. «Azterketak egiten ditugu, ez beti hala ere. Baina azterketa ez da ebaluatzeko elementu bakarra. Eta etxeko lanak ere izaten dira, baina ez zentzu zurrunean ulertuta. Ikasleekin kontratu moduko bat egiten da eta horren arabera ikasleak betebehar batzuk ditu. Batzuk eskolan bukatzen dituzte lan horiek eta beste batzuk etxean bukatu behar izaten dituzte», jarraitu du Pellok.

Bestetik, ikasleak ez du material propiorik. Ikastetxea arduratzen da beharrezkoa den materiala erosi eta eskuratzeaz eta ikasgeletan denen eskura izaten da. Hartara, denen ardura da material hori behar bezala zaintzea.

«Gure ikastolaren inguruan badira hainbat mito eta horietako bat maila akademikoaren ingurukoa da. Azken urteotan bi ikerketa egin ditugu ikasle ohiekin eta emaitzak garbiak izan dira: gure ikasleen emaitzak kasu guztietan EAEko batez bestekotik gora daude. Tarteka berpizten den mitoa da emaitzena eta errealitateak kontrakoa esaten du. Hor daude datuak», nabarmendu nahi izan du Pellok.

Ilusioz eta beren proiektuan erabat sinetsiz urratu dute bidea Langile ikastolako irakasle, ikasle eta gurasoek. Eta norabide berdinean jarraitu nahiko lukete. Hori da erronka.