Iratxe Esnaola
2010ko Otsailaren 05a
Sabine Leutheusser-Schnarrenberger ministro alemaniarraren hitzetan, «Google, Microsoft bezalako monopolio erraldoi bat bilakatzen ari da eta gardenagoa izaten saiatzen ez bada, agian, ekintza legalei aurre egin beharko die». Horixe adierazi zuen urte honen hasieran «Der Spiegel» astekarian egindako elkarrizketa batean.
Era horretan, Leutheusser-Schnarrenberger anderea, «Google botere eta herritarren gaineko informazio gehiegi metatzen edo pilatzen» ari dela-eta, kezkatua agertu zen, bere ustetan, Google Earth eta Google Books direlarik zerbitzurik kezkagarrienak. Eta informazioa boterea den garaiotan, informazioa pilatzen duenak boterea metatzen duenez, orain arteko monopolio informatiko bakarrari, Microsofti, beste bat gehitu dio zerrendan: Google.
Leutheusser-Schnarrenberger andereak, ordea, ez du Google debekatzea proposatuko, baina defendatzen du erabiltzaileek informazio gehiago izan beharko luketela beren datuen erabileran hark aintzat hartzen dituen irizpide eta protokoloen gainean, alegia, gardentasun gehiago. Zer egiten du Googlek guk bilatzailean bilatzen dugun hitz bakoitzarekin? Gure profil pertsonalari gehitzen al dio? Eta zer egiten du Gmail posta-elektronikoko gure mezuekin? Makina batzuk erabiltzen al ditu gure mezuak irakurri eta, posible bada, iragarkiak erakusteko? Eta kontu bat ixtea erabakitzen badugu, zenbat denboran gordetzen ditu gure datuak? Zein dira bere pribatutasun politikak? Argiak al dira? Ondo erakusten al dizkigu?
Ministro alemaniarraren hitzek, informatikaren munduan gero eta presenteago dauden bi kontzepturen gaineko kezka pizten du: monopolioa eta pribatutasuna.
Monopolioa, Harluxet hiztegi entziklopedikoaren arabera, baita Wikipediaren arabera ere, produktu baten eskaintza subjektu bakar baten eskuetan egotea ezaugarri duen merkatua da, egoera horretan hark bere baldintzak ezartzeko aukera izanik. Horiek horrela, sektore ekonomiko monopolizatuenetariko bat, inongo zalantzarik gabe, Informatikaren sektorea da. Hasiera batean Microsoft izan zen [eta da], munduko erabiltzaileen %90ek bere Windows sistema eragilea erabiltzen baitu. Isun itzelak ordaindu behar izan ditu Microsoftek, baina, urteak joan eta urteak etorri, Microsoftek munduko ordenagailu pertsonalen monopolioari eusten dio. Zergatik ote?
Google, bere kalitatezko eta doako zerbitzuen bitartez, Interneteko monopolio eta erreferentzia bilakatzen ari da, Gmail posta-elektronikoa, bilatzailea, Google Earth eta gisako zerbitzuen bidez. Google erreferentzia bat da, bai, eta gauzak ondo eginez, boterea metatzen ari da. Informazioa eta boterea. Baina Googlek eskaintzen dituen zerbitzu guztientzat alternatibarik ba al dago? Alegia, Google itxiko bagenu, orain arte bere zerbitzuak erabiliz egin ditugun ekintzak egiteko aplikaziorik aurkituko ote genuke? Googlek bere egin al ditu interesgarriak zaizkion aplikazioak sortzen dituzten enpresak eta beraz, ia dena bereganatu al du?
Bestalde, pribatutasunaren auzia ere gero eta entzutetsuagoa da. Posta-elektronikoari, bilatzaileei eta sare-sozialei lotutako kezka da, batez ere, pribatutasunaren kontu hori. Posta-elektronikoa irakurri egiten digute. Bilatzaileekin gure profil pertsonala elikatzen dute. Baina, Facebook bezalako sare-sozialetan ematen den informazioa ondo antolatua eta kategoriatan ondo sailkatua agertzen denez, zalantzarik gabe, pribatutasun faltaren auziari eskutik zuzenean heltzen dieten tresnak sare-sozialak dira.
Monopolio izaerak eta pribatutasun ezak, arriskutsu bilakatzen ditu, bai Microsoft, bai Google. Eta hauek arriskutsuak badira, Facebook ez? Noiz hitz egingo dute Facebook-en monopolioaz? Noiz Facebook-en informazio pertsonalaren metatze eta pilaketaz? Noiz?.




