Hemen «giri"a da eta Irlandan, turista. Musika tradizionalaren inguruan ari da lanean mila proiektutan, instrumentuekin eta melodiekin jostetan, ikertzen eta ahantzitako kantuak argitara ateratzen. Astigarragako bere etxera gonbidatu gaitu eta han egon gara ganbarako liburutegian tea hartzen.
Maider Iantzi
2010ko Otsailaren 05a
Liburuz beteta dago ganbara, hori berrehun bota dituela. Mahaiaren ondoan, alboka bat, bere musika tresna kuttuna. Ez dakit elkarrizketan Alan Griffin ezagutu dugun, baina bere pasioa zein den argi dugu behintzat: musika tradizionala.
«Oso eroso nago hemen, oso gustura sentitzen naiz, baina irlandarra naiz -aitortu digu-. Uste dut garrantzitsua dela nongoa zaren eta zer zaren jakitea, zauden lekuan ondo egon ahal izateko». Irlandarekin harreman handia du, urtean gutxienez bi aldiz joaten da eta hilabete eta erdi ematen du bertan. «Hango bizimoduan integra naiteke, baina ez erabat, ez dudalako han lan egiten. Adibidez, zergez hitz egiten hasten direnean, kanpoan sentitzen naiz, ez zaidalako axola», kontatu du.
Diskoa kaleratu berri du Aintzina taldearekin eta hari buruz solasean hasi gara. Duela pare bat urte sortu zuten, orain arte kaleratu gabeko euskal kantu narratibo zaharrak zuzenean jotzeko asmoz. Lau kide dira: Zigor Sagarna tolosarra (ahotsa, baxua eta panderoa), Juanjo Otxandorena hernaniarra (bouzoukia), Errenteriako Arkaitz Miner (biolina, mandolina, zapateatua eta ahotsa) eta Alan Griffin irlandarra (haizezko makina bat instrumentu).
Landu duten abesti zaharrenak bostehun urte izanen ditu eta berrienak ehun baino gehiago. Zaila da zehaztea, anitz XIX. mendean jasoak direlako, nahiz eta anitzez zaharragoak izan.
Abesti hauek beti kontatzen dute istorioren bat, batzuetan xarmangarria eta polita eta gehienetan nahiko krudela. Istorio izugarrienetako bat Frantziatik itzultzen den mutil batena da. Ama sukaldean dago, bakarrik, eta semeari galdetzen dio: «Zer albiste dakartzatzu? Ezkondu al zara? Entzun dut neska frantsesa dela...». «Bai, bai -erantzuten dio-. Hain polita da!». «Aiiii, ez dut frantsesik nahi. Hil ezazu», agintzen dio amak, ordea. Mutila zer erran ez dakiela geratzen da. «Ezin dut...». «Zuk ezin baduzu, zure anaiak egin dezala». Ez dago argi zeinek hiltzen duen, baina hil egiten dute. «Tremendismoa beti hor dago, lehen eta orain ere bai», azaldu du Griffinek. «Gai unibertsalak dira. Euskal Herriko eta Irlandako kantuetan antzeko gaiak lantzen dituztela konturatzen zara eta kultura hauek ez dute apenas harremanik izan. Baina biek beste kultura batzuekin harremana izan dutenez, hala zabaldu dira».
«Suitian», sukaldean
«Doinu eta letra zaharren bilketa egina dago. Oraindik agian geratuko dira euskal tradizioan jaso gabeko kantuak, baina printzipioz lana egina dago. Ez dugu guk egin, folklorezale handiek baizik: Azkue, Aita Donostia, Patri Urkizu, Antonio Zavala... Zerrenda luzea da». Haiek osatutako errepertorioetatik hornitu dira Aintzinakoak. Kantu horietako batzuk musikarik gabe jasota daudenez, laukoteak letra horientzako doinu egokiak bilatu ditu kantutegietan.
Sukaldean egiten dituzte entsegu guztiak, Alanenean edo bertze kide batenean. Diskoaren izenburuak, «Suitian», sukaldeari egiten dio erreferentzia. Grabaketa, aldiz, Azkarateko Katarain estudioan egin dute, Jonan Ordorika teknikariarekin. «Esperientzia polita izan zen guretzat, ondo prestatuta joan ginelako eta klaketarik gabe grabatu genuelako, denok elkarrekin, aldi berean. Diskoan toma osoak aditzen dira, goiz hartan jotako kantak. Ez dut esango ezer zuzendu ez genuenik, baina musika erreala da. Eta horrek beste ondorio bat du estetikan: abesti bakoitzean musikari bakoitzak instrumentu bana jotzen du. Lanak zuzeneko emanaldi baten ahalik eta antzik gehien izatea, ahalik eta naturalen egitea zen asmoa».
Hala eginen lukete antzinako musikariek ere, ez baitzuten pistaz pista grabatzeko aukerarik. Griffinek oroitarazi duenez, lehen a capella kantatzen zuten edo bertzela laguntza xume batekin. Aintzinakoak ez dira musikari ugari; badira lau, ordea, eta konponketak konplikatu egiten zaizkie batzuetan. Beraz, estetika tradizional garbi horretatik kanpo daude pixka bat eta musika hau ezagutzen ez duen publikoarentzat jo nahi dute.
Emanaldiak
«Gustatuko litzaigukeena emanaldiak egitea da, antzoki txikietan, kultur etxeetan eta antzeko aretoetan festetan baino gehiago. Kantu hauek entzun egin behar direlako eta entzuleak askoz gehiago jasoko duelako letran arreta jartzen badu». Martxoaren 27an Andoaingo Basteron joko dute eta apirilaren 2an Katalunian, Lleidan.
«Beharbada orain bi hamarkada jendea irekiagoa zegoen kantu hauetarako. Gaur egun, ez dira asko folk arloan lanean ari diren musikariak. Bertsolaritza eta trikitixa ere folkaren barnean sartzen dira eta eremu horiek oso zabalak dira eta jende asko mugitzen dute. Baina folk estiloko musika zentzu murritzagoan aztertzen badugu, ez dira garai onenak. Hori ez da arazoa guretzat, musika hau maite dugu eta horregatik egiten dugu. Askoz hobeto izango da gutxieneko arrakasta bat izaten badugu, baina hori gertatzen ez bada ere jarraitu egingo dugu», baieztatu du. Bigarren diskoa osatzeko lanean ari dira dagoeneko.
25 urte darama Alanek Euskal Herrian bizitzen. Literaturagatik etorri zen. «Pio Baroja, Unamuno eta 98ko Belaunaldiari buruzko doktoretza egin nahi nuen eta asko euskaldunak ziren. Barojari buruz tesi bat egina nuen eta donostiarra zenez eta nik hiria ezagutzen ez nuenez, etorri egin nintzen. Gaztelania praktikatzeko asmoa ere banuen. Ez nuen doktoretza bukatu, kutxaren batean egongo da, baina bertan gelditu nintzen bizitzen Dublingo lana utzita, Kontxi oraingo emaztea ezagutu nuelako».
Alboka eta Turlach
Irlandan, hango musika jotzen zuen ostatuetan. Ez zuen musikari profesionala izan nahi, hemen ere ez. «Pixkanaka-pixkanaka euskal musikan sartzen joan nintzen eta kantari garrantzitsu batzuekin jotzeko aukera izan nuen, Amaia Zubiriarekin eta Txomin Artolarekin. Hor hasi nintzen».
Geroago, 1994an, Alboka taldea sortu zuen Joxan Goikoetxea soinujolearekin eta bertze lagun batzuekin euskal musika tradizionala interpretatzeko. Ordutik martxan dago taldea, batzuetan bertzeetan baino ekintzaileago. Eguberrien aitzinetik Ipar Irlandan jo zuten eta heldu den udarako sei-zazpi emanaldi lotuta dituzte Italian.
Turlach Irlandako musika tradizionala jotzen duen taldean ere badabil Alan. Hiru taldekide dira, hirurak Aintzinakoak. Eta Aintzinako bi Albokako kideak dira. «Izugarrizko intzestua dago!», bota du txantxetan. Baina, Aintzinak ez bezala, Turlachek tabernetan eta jai giroan jotzen du. Eta Alboka Aintzina baino zabalagoa da, instrumentu anitzekin soinu handi bat egiteko aukera ikusten baitu eta era guztietako kantu eta musika tradizionalak onartzen baititu, baita estilo zaharrean egindako kanta berriak eta tradizionalak ez diren instrumentuekin egindako esperimentuak ere.
Proiektu hauekin guztiekin eta akademia batean ematen dituen ingeleseko klaseekin astirik gabe ibiliko dela eman dezake. Baina ez da hala izanen, buru-belarri ari baita kantu narratiboak ikertzen. «Lehen, oso argi nuen proiektu honen forma, orain ez hainbeste, handitzen ari delako. Baina, oinarrian, oso ezagunak ez diren kantuak edo bertsioak argitara atera nahi ditut, letrak eta musika. Iruzkin batean, kantu hauek Euskal Herriko eta Europako beste tradizio batzuekin dituzten loturak aztertuko ditut, edo letra zergatik den horrelakoa azalduko dut. Ez naiz ikerketa hau egiten ari den bakarra, ni baino jende prestatuagoa dago unibertsitateetan, baina uste dut ingelesez egiten ari den bakarra naizela».
Zehar-txirula, moko-txirula, musugitarra, klarinetea, alboka, gaita... Hamaika instrumentu jotzen du Alanek. «Koloreak, sentsazioak asko gustatzen zaizkidalako izango da. Beti izan dut jakin-mina eta beti jostatu naiz musika tresnekin. Bat aukeratu beharko banu, ez nuke jakingo zer esan, beharbada alboka hautatuko nuke, edo txirula. Oso neureak sentitzen ditut». Ez du planteatu ere egiten instrumentu guztiak primeran jotzerik, kantu baten barnean lan bat egiteko gutxieneko maila izatea da nahi duena.
Lehen, alboka leku gutxitan jotzen zela ekarri du gogora Alanek. «Arratian, Zegaman, Goierriko haran haietan jotzen zen, baina inoiz ez da zabalduta egon eta ia desagertu egin zen, gelditzen ziren musikariak hiltzen ari zirelako. Hiruzpalau pertsonaren afanez berpiztu zen, Juan Mari Beltran horien artean. Ez da kasualitatea bere herrian, Hernanin, ikasle anitzek alboka ikastea. Bizkaian, Ibon Koteronek lan handia egin du eta Gasteizen Karlos Subijanak. Orain, Iruñean, Haritz Ezeiza ari da. Nahiko salbatua dago instrumentua. Baina hori guztia hogeita bost urteotan gertatu da».
Instrumentuaren tesitura mugatua ere aipatu du musikariak: bost zulo ditu eta, beraz, printzipioz sei nota soilik jotzen ditu. «Iritsi zaigun errepertorio tradizionala ere eskasa da, asko jota hogei melodia dira. Orain 150 albokari egongo dira beharbada eta ez dira konformatzen melodia horiekin. Hori dela-eta, askok konposatu ditu albokarekin jotzeko melodiak edo beste instrumentu batzuentzat egindakoak egokitu ditu. Alboka ere egokitu dute, bereziki Ossesek».
Alani gehien interesatzen zaiona instrumentu tradizionalaren mugen barruan zer egin daitekeen aztertzea da: zer egin daiteke sei notarekin?




