TEKNOLOGIA -

Arkaitz Zubiaga

2010ko Otsailaren 05a

Azken urteotan Interneten arrakasta gehien izan duen fenomenoetako bat sare sozialak dira. Baina zer dira sare sozialak? Sare sozialak lagunen artean taldetxoak osatuz horien arteko elkarrizketa eta elkartrukeak ahalbidetzen dituzten webguneak dira. Webgune hauek aukera ezberdin ugari eskaintzen dizkiete erabiltzaileei, besteak beste mezuak, argazkiak, musika, albisteak eta bideoak elkartrukatzea. Sistema ezagunenen artean aipa genitzake, esate baterako, oso ezagunak eta erabiliak diren Facebook, MySpace, Twitter eta Youtube.

Tresna hauen gakoa bertara iristen den erabiltzaile batek profil pertsonal bat sortzea da, bere izena eta oinarrizko informazioa emanez. Profila sortu ondoren, lagunekin edo antzeko zaletasunak dituztenekin bat egin dezakete erabiltzaileek, beraien arteko lotura ezarriz. Era berean, erabiltzaileek beren lagunek dituzten beste lagun batzuekin topo egin dezakete eta, horrenbestez, lagun sarea etengabe zabaltzen joan daiteke. Azken finean, webgune hauek erabiltzaileen arteko loturak sortzea errazten dute eta, azken emaitza gisa, erabiltzaileak elkarrekin lotzen dituzten sare erraldoiak dira. Ohiko lagun sareek ez bezala, herriko edo auzoko lagunez gain munduko edozein puntutan interes komunak dituzten lagunak topatzea ahalbidetzen dute.

Facebook-en eztanda

Sare sozial guztien artean bada bat azkenaldian beste guztiei gailentzen ari zaiena: Facebook. Webgune honek berrehun milioi erabiltzaile inguru ditu gaur egun mundu guztian zehar banatuta. Facebooken kontu bat irekitzen duen edonork bere lagunak bilatu eta haiekin lotura sor dezake, etengabe haien berri izan ahal izateko. Lotura horri esker, lagunekin harremanetan jartzeko aukera du, baita horiei azken argazki eta bideoak erakustekoa ere. Horrez gain, aspaldi berririk izan ez edota urruti bizi diren lagunekin topo egin eta harremana berrezartzeko aukera eskaini dio asko eta askori.

Lagunak aurkitu eta kontaktatzeko ematen duen erraztasunagatik zein eskaintzen dituen aplikazioei esker izan du arrakasta Facebookek. Aplikazio horien bitartez, posible da musika taldeen albisteak, webgune ezberdinen loturak, ekimenak, kontzertuak eta beste gertaera asko lagunei gomendatzea.

Gaur egun erabiltzaile erregistratu gehien dituen sarea, ordea, MySpace da. Webgune hau musika taldeei beraien informazio guztia zabaltzeko ematen dien erraztasunagatik egin zen ezagun batik bat. Gaur egun ia edozein musika taldek MySpacen erabiltzaile kontu bat duela esan daiteke. Kontuaren bitartez edozein bisitariri taldearen abestiak entzunarazteko aukera du taldeak, baita argazkiak, bideoak, kontzertuen datak eta albisteak ezagutzera ematekoa ere.

Duela urte batzuk arte talde batek bere musika jendeari zabaltzea oso zaila bazen ere, MySpace bezalako sistemek egiten duten musika zaleengana eramateko bidea erraztu diete egun taldeei. Horren erakusle, badira webgune honi esker ezagun egin eta beraien musika lau haizetara zabaldu duten taldeak. Musika taldeei aukera horiek eskaintzeaz gain, entzule bezala iristen diren erabiltzaileei ere abantaila ugari ematen dizkie MySpace sareak.

2006an sortu zenetik zeresan handia eman duen beste sare sozial bat Twitter izan da. Microblogging deritzon sistema honen bitartez, gehienez 140 karaktere dituzten mezuak truka daitezke lagunekin, sakelako telefonoa baliatuz idatzitako mezuak bailiran. Zer ari dira egiten zure lagunak uneotan? Non daude? Zer ari dira irakurtzen? Zein asmo dute asteburu honetarako? Hori guztia eta askoz gehiago jakiteko bide erraza da Twitter, betiere mezu laburretan oinarritutako sistema baten bitartez. Tresna honen gakoa, gainera, mezu labur horiek norbere sakelakoan jaso ahal izatea da; horrenbestez, edozein lekutan izanda ere, lagunek elkarren artean kontaktuan izateko aukera dute.

Argazkiak elkarbanatuz

Eta argazkiak konpartitu ahal izateko? Horretarako ere badago, bai, hedapen handia lortu duen tresna bat. Flickr du izena Yahoo!-ren zerbitzu honek. Erabiltzaileek beraien argazkiak igo ditzakete zerbitzu honetara eta, era berean, lagunek igo dituzten argazkiak ikusi eta horien gaineko iruzkinak egin ditzakete. Lagunen berri izan eta zertan ari diren jakin ahal izateko beste aukera paregabe bat, zalantzarik gabe, argazkiak elkarbanatzearena. Euskal Herriko guneren bateko argazkia topatu nahi? Ziur Flickr-en badagoela balioko dizunik.

Argazkiekin gertatzen den bezalaxe, bideoekin beste horrenbeste egin daiteke Googlek kudeatutako Youtube zerbitzuaren bitartez. Koadrilan grabatutako bideoak, atzo telebistan eman zuten saio horren tarteren bat, musika talde gogokoenaren bideoklipak, Realaren azken futbol partidako golak, eta imajina dezakezun beste edozein bideo aurkitu ahal izango duzu Youtuberen sorta amaiezinean. Beste edozein sare sozialetan bezalaxe, zure bideoak gehitzeaz gain zure lagunenak ere jarraitu ahal izango dituzu.

Beste erabiltzaile batzuek, ordea, beraien artean albisteak partekatzea nahiago dute. Horretarako daude, hain zuzen ere, Digg.com edo Zabaldu.com bezalako albistegi kolektiboak. Horrelako webguneak baliatuz, erabiltzaileak beraiek dira gainontzekoei berriak gomendatzen dizkietenak.

Halaber, bertara bidalitako albiste guztiak beste erabiltzaileek ikusi ahal izango dituzte, eta bozketa sistema bati esker, komunitateak interesgarrien irizten dituen albisteak webgunearen azalean agertzen dira. Hauexek elkarlan sozialaren bidez egindako albistegiak direla esan liteke.

Beste adibide interesgarri bat markatzaile sozialena da. Hortxe ditugu, esate baterako, Delicious edo Bildu.net bezalako webguneak. Hauen helburua erabiltzaileei laster-markak gordetzeko aukera ematea da. Horrez gain, gordetako laster-marka horiek lagunekin elkarbanatzeko aukera izatea ere bilatzen da. Emaitza gisa, zure lagunentzako interesgarriak diren webguneen berri izan dezakezu besteak beste.

Goian azaldutakoak gaur egungo sare sozialen artean ezagunenetakoak diren arren, ehunka tresna aurki daitezke Interneten. Euskaraz ere hainbat sare sozial existitzen dira, aurrekoen funtzionamendu bertsua dutenak. Gure hizkuntzan badugu, esate baterako, albisteak elkarbanatzeko Zabaldu.com, loturak trukatzeko Bildu.net edo argazkiak konpartitzeko Argazkiak.org. Aukera zabala da nahi dugun lagunekin topo egin eta baliabideak elkartrukatzeko.

Hezkuntzan erabilgarri

Sare sozialek hasiera batean zaletasun gisa erabiltzeko tresna soilak diruditen arren, beste esparru askotan erabiltzea posible dela ere nabarmendu beharra dago. Esate baterako, oso interesgarria da hezkuntzan ematen den sare sozialen erabilera. Lan bat egiten ari dela edo ikasten ari dela zalantzak izan ditzake ikasle batek, edo apunteren batzuk falta zaizkiola antzeman dezake. Zer egingo luke ikasle horrek sare sozialik gabe? Zorte pixka batekin, klasekideren baten telefonoa badu, hari deitu eta kontsulta egin; baina ez da oso eraginkorra... Zer eskain diezaieke ikasle hauei sare sozial batek? Klase bateko ikasleak lagun bezala defini daitezke sare sozial batean, eta ikastaroan zehar beraien baliabideak eta apunteak bertan igotzen joan daitezke. Horrenbestez, bertan eskuragarri egongo da informazio hori guztia uneoro. Egunen baten dokumentu baten falta sumatu duzula? Sare sozialera jo, eta seguru norbaitek bertan ipini duela. Erraza.

Sare sozial pribatuak

Orain artean aipatutako adibide guztiak Interneten eskuragarri dauden sare sozialetakoak dira. Baina noski, posible da sare sozial bat ikastola edo beste sare pribatu batean abian jartzea ere, bertako kideei bakarrik sartzen utziz. Horrela, aplikaziora sarbidea utzi nahi zaion erabiltzaile taldea kontrolatu egin daiteke, sarea mundu osoari zabaldu beharrean ingurukoei bakarrik irekiz.

Horiek eta beste asko dira gaur egun arte sare sozialek ireki dituzten bideak eta Interneteko erabiltzaileoi eskaini dizkiguten aukera berriak, betiere, gainera, erabiltzaileon partaidetza sustatuz. Izan ere, webguneko bisitariak irakurle hutsak baino gehiago izatea dute helburu sare sozialek eta, horretarako, parte hartzea bultzatzen dute, erabiltzaileak motibatuz eta beraien interesa piztuz. Halaber, hurrengo urteetan aurrera egin eta etengabe hobetzen joango direnaren joera erakusten dute sare sozialek, erabiltzaileon parte hartzea are gehiago erraztuz.

Nolanahi ere, aipatu beharra dago sare sozialak eguneroko bizitzan beraien berri izan, beraiekin hitz egin edota gure berri emateko aukerarik ez dugun lagun horiekin harremana estutzeko baliabide aparta baino gehiago direla. Izan ere, zaletasun antzekoak dituzten lagun berriak ezagutzeko bidea irekitzen digute eta, horrenbestez, orain arte imajinatu ere ezin genituen lorpenetara eraman gaitzakete.