Iker Barandiaran
2010ko Otsailaren 05a
Oi! mugimendua oso gaztetxotatik ezagutu dut, berorren hiriburuan, Arrasaten, jaio eta bizi izan naizelako. Hedabideek ez bezala, gure herrian badakigu zer den kaskamotzekin bizitzea. Taldean ibiltzea gustatzen zaie, ozen abesten dute, asko futbolzaleak dira eta edaten dutenean batzuk astun samarrak dira, baina besterik ez. Eta batzutan paranoia antzeko kezka bat izaten dute: kaskamotzak direla, baina ez naziak. Hala, Arrasaten aspaldi SHARP sortu zuten, batzuek zabaldutako irudi faltsua argitzeko. Ordurako, Puñetazo, Zakarrak eta Iskanbilak bide luzea zuten, eta Des-Kontrol hastear zeuden. Hauek ere SHARP izaera, futbola, edana eta astunkeria gaztetasunarekin batu zuten. Betidanik ezagutu ditut eta haien aurrekariek entzuten zituzten taldeak entzun eta kamiseta berak jantzi izan dituzte.
Orain dela lau bat urte, baina, Des-Kontrolek Oi!-tik haratago izena hartu zuenean, ezezagun batzuk Internet bidez haien kontrako difamazioak egiten hasi ziren. Bidean arrasatearrei hainbat zankadilla jarri dizkiete, gero eta larriagoak, baina kontua da Des-Kontrolek jarraitzaile ugari dituela, haien aurrekariek izan zituztenak baino gehiago. Erasoek jarraitu dute; azkena Barakaldokoa, non taldekideren bat hil litekeen. Nik ere badut Oi! diskorik etxean eta batzuen hitzak irakurrita zalantzak ditut ezkertiarrak izango diren, baina gauza bera gertatzen zait beste hainbat musika estilorekin. Crust musika bakarrik entzun beharko dugu?
Inozokeria da pertsonak duten marka, arropa edo izenagatik epaitzea. OCB papera erabiltzen duzu? Marlboro erretzen duzu? Eta barruko arropa? Repsolen gasa daukazu etxean? Zenbat indigena hiltzen ditu Repsolek? Dirua zer bankutan? Eta Lonsdale zer da, boxeolari ezkertiarren marka? Ezagutu eta neurtu pertsona egiten duenagatik; ez inbidiaren arabera.




