Jon Benito
2010ko Otsailaren 05a
Quim Monzoren azken liburua sartu behar dizut beste hainbatekin batera paketean. «Mil Cretinos» izena du eta ama ebakuntza gelara zeramatela etorri zitzaidan liburua gogora. Honen aurkezpenean Monzok esan zuenez, gurasoak zahartu artean, hamabi izarreko Europa honetako jendearen bi-
zitzetako drama handienak maitasun
harremanen etetea eta ar-emeen arteko jelosiak zirena uste zuen.
Literaturak eta zinemak azken lau hamarkadetan epika etxeko eremura eraman dute, gatazka eta ezin konpondu txikietara, munduan gerrarik edota hondamendi natural izugarririk ez balitz bezala. Quim Monzo bere gurasoen zaintzaren kargu egin zenez geroztik, ordea, aipaturikoak haurtzaindegiko kontuak iruditzen zaizkio jendearen gainbehera fisiko eta psikologikoaren aldean.
Ez zaitez amarengatik kezkatu; ez du ezer larririk. Hiltzen ez, baina berari bezala ingurukoei ongizatea ebasten ziguna osatu nahi zuen. Gerritik behera lokartu, zangoa hirutan ireki eta zainak aldatuta, hirugarren egunerako zutik, bizi, ia ondoriorik gabe dabil.
Ama ohatilan etzanda ikusi nuenetik, gu zaintzeko zeudenak guk zaindu beharko ditugulako ohore eta izua tumore antzera hedatu zait, ordea. Ergelarena litzateke beti haur eta beti gurasoen anparoan biziko garena pentsatzea, baina nahiago dugu galtzen ez garen koordenadatan mugitu eta maite dugun jendea euren ahalmen guztiekin eta osasuntsu ikusi betiko, eri eta itzaltzen baino. Horren aurrean, une zoriontsuetan geratu nahiko genuke denbora, eta mihia pasa irribarre egiten duen ahotik. Galduko duen ilea ukitu, bigunduko zaizkion haragiak laztandu eta erlojuari begiratu gabe egon, edozeren azken aldia izan daitekeen sentipenik gabe. Ez nuke, etengabe, ez daudenerako memorian gordetzeko argazki bat ateratzen ibili nahi. Hemen eta orain bezala nahi ditut, bihar eta etxean.
Harrigarria da nola eusten diogun galtzera goazenari. Ez dugu heltzen gaituen eskurik nahi askatzen gaituen artean. Handik atera arteko onik izan ez eta aspaldi zapaldu ez ditugun hiri horietan nahiko genuke egon, haserretu ginelako ikusi ez ditugun lagunak bisitatu, erratu zitzaizkigun ondasunak aurkitu, betiko galtzearen izuari kontra egiteko bakarrik. Azkar kontsumitu eta galtzen diren garaiak bizi ditugu, eta ukatua zaigunaren desirak mugitzen gaitu. Oraina iragan da eta etorkizuna orain, eta galtzearen artea ez da zaila ikasten.
Begira gu ere, derrota tradizio egin duen herri batekoak gara. Joxe Azurmendiren poema hartan bezala, gure historiaren efemeride guztiak galdutako lur eta jende, erresuma eta askatasunenak dira. Zer esango dizut zuri. Galtzen duenak besterik ez du bere askatasuna maite. Eta horregatik lotzen gatzaizkio fermuki.
Alabaina, erlojuei alderantziz eman nahiko nieke soka, geratzen zaigun denbora baliagarri egin, egunen tantaz tantakoa gure aldera itzulikatu, egiteko ditugun planak zerrendatu, jendearentzat dugun onena eman. Atzera begira aurrera egin. Galtzeko beldurrez baino asmo duguna helburu hartuz.
Monzoren liburua irakurtzean, adinaren dekadentziak sortzen dituen dramak umorez hartzen dituelako harrituko zara. Ekidinezinari irri egiten diola. Halako zerbait egin nahiko nuke nik ere, hemen eta gaudenekin, niretzat eta etorkizunerako.
Besterik gabe gabiltza bestela. Dena eta denak ondo. Eskumuinak horkoei.
Zure berrien zain,




