-

Ana Galarraga

2010ko Otsailaren 05a

Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela ez da mito bat. Aspalditik da jakina, eta hori frogatu zuen lehen ikerketa 1953. urtekoa da. Londresen egin zuten, autobus-gidariak eta autobus beretan lan egiten zuten txartel-saltzaileak alderatuta.

Bi taldeek oso antzeko ezaugarriak zituzten, jardueran izan ezik: gidariek lanaldi osoa eserita ematen zuten bitartean, txartel-saltzaileak gelditu gabe ibiltzen ziren, bi pisuko autobusetan gora eta behera, atzera eta aurrera. Infartu-kasuak aztertuta, konturatu ziren gidarien taldean bestean baino bi aldiz kasu gehiago zeudela. Hortik ondorioztatu zuten ariketa fisikoak bihotzekoak izatetik babesten duela.

Geroztik ikertzen jarraitu dute, eta baieztatu dute zirkulazio-aparatuko beste gaitz batzuk eta depresioa, obesitatea, diabetea, osteoporosia nahiz beste hainbat gaixotasun izateko arriskua txikitzen duela ariketa fisikoa egiteak. Bai, jendeak garbi du sasoian egoteko gorputza mugitu behar dela.

Hala ere, uste ustel eta mito dezente daude zabalduta. Horietako batek sexua eta kirola parekatzen ditu; zehazki, leku askotan irakurri eta entzun daiteke sexu-harreman bero batean kirol-saio batean adina kilokaloria (edo gehiago) erretzen direla. Osasunean antzeko eragina izango lukete, beraz.

«New Scientist» zientzia-dibulgazioko aldizkariak berriki argitaratu duen eskala batek, ordea, eraitsi egin du mitoa. Eskalan, jarduera bakoitzak metabolismoa zenbateraino areagotzen duen adierazten da, oinarrizko metabolismo-tasarekiko. Bada, sexu-saioa eskalaren behealdean dago; hain juxtu, «xurgagailua pasatzea» eta «ibiltzea» jardueren azpian. Hortaz, bai sexu-jardunean, bai kirola egitean arnasa estutu eta bihotza azkartzen bada ere, osasunean dituzten ondorioak ez dira berdinak. Biak dira onuragarriak, baina ez dira ordezkagarriak, osagarriak baizik.

Beste mito batzuk aspaldi gainditu ziren; esaterako, izerdi-jarioa eta metabolismoa areagotzea zuzenean lotzen zituen hura. Asko izerditzea dagoeneko ez da onuragarritzat jotzen, eta ia denek dakite deshidratatzeko arriskua dakarrela. Alderantzizkoa ere ez da ona, baina. Hau da, ariketa fisikoa egitean etengabe ura edateak ere kalte egiten du. Izan ere, izerditzean, uraz gain, gatza galtzen da. Eta urak ez du gatzik. Horregatik, ur gehiegi edanez gero gerta daiteke zelulen eta inguruaren arteko oreka galtzea. Horren ondorioz, heriotza-kasu bakan batzuk ere izan dira. Guztian bezala, neurrian dago gakoa.

Hain zuzen ere, neurrien inguruan izaten dira zalantza gehien: zenbat iraun beharko luke kirol-saio batek onuragarri izateko? Zer maiztasunekin egin beharko litzateke? Bada, aditu gehienak bat datoz esatean astean bi ordu eta erdiz aritzea dela aproposena. Denbora horren banaketari buruzko iritzia, baina, aldatu egin da. Lehen uste zuten gutxienez ordu erdiz jarraian egin behar zela ariketa, bestela alferrik zela. Alabaina, egin dituzten azken ikerketetan ikusi dute hamar minutu ere nahikoak direla onurei antzematen hasteko.

Eraitsi duten azken mitoa, berriz, kirol-zapatilena da. Askok sekulako garrantzia ematen diete kirol-zapatilei, baina, «Nature» aldizkarian jakinarazi dutenez, zapatila onenekin baino hobeto egiten da korrika oinutsik, oinek lurraren aurka egiten duten talka hobeto arintzen baita horrela.

Hortaz: astean bi ordu eta erdiz, korrika egitekotan hobeto oinutsik eta... zer intentsitatetan? Gehienek aipatzen dutenez, bihotz-taupadak azkartu arren hitz egiteko gaitasuna galtzen ez denean dugu intentsitate aproposena, oro har. Zenbakiak gustuko dituztenentzat, berriz, honakoa gomendatzen dute «American Journal of Preventive Medicine» aldizkarian: ibiltzean, ehun pauso ematea minutuko. Zaila izan behar du, bada, pausoak zenbatu eta aldi berean hitz egitea!