Itsasoak ezin dio erantzun jada kontsumitzaileen arrain eskaerari. Hortik akuikulturaren indarra eta garrantzia. Arrantzarentzat «mehatxu" izan zitekeena, sektorea indartu dezakeen jarduera osagarri gisa ikusi dute Azaro Fundazioan. Euskal Herrian oraindik ondo errotu gabeko jarduera da itsas akuikultura, baina bere lekua izango duela aurreikusten da.
Maider Eizmendi
2010ko Otsailaren 05a
Aspaldian asko hitz egin da arrantzaz eta sektore honen etorkizunaz. Lea-Artibai eskualdean negozio bide berriak bilatzen diharduen Azaro Fundazioaren Behatokiak, besteak beste, akuikulturan jarria du jomuga. Idoia Mendizabal ikertzailea da Arrantza eta Akuikultura Saileko arduraduna.
Itsas-akuikultura eta akuikultura kontinentala bereizi ditu azalpenak ematen hasi aurretik. Lehen arlo hori da hain zuzen ere, bere esanetan, gehien garatu dena. «Akuikultura kontinentala ur gezan egiten dena da eta, hemen, batez ere amuarrainaren hazkuntzan jardun gara orain arte», azaldu du. Izatez, Nafarroak indar handia izan du sektore horretan.
Itsas akuikultura da, ordea, Mendizabalek batik bat aztertu duena. Itxaropentsu ageri da sektoreak Euskal Herrian har dezakeen pisuarekin eta uste du, gainera, arrantza jarduera tradizionalean ari diren enpresa eta norbanakoak lehiakorrago izatea lor dezakeela.
Etorkizuna izan dezakeen sektorea bada ere, oraindik orain Euskal Herriko kostaldean ez dago akuikultura oso errotuta, Mendizabalek aitortu duenez.
Beste herrialde batzuetan, ordea, sektorearen jarduera oso oparoa da. Txina da munduko ekoizlerik handiena. Akuikulturak Txinan du jatorria eta egun munduan jarduera honen bidez lortzen den arrainaren %67 bertan ekoizten da. Europan Norvegia da akuikultura sektore oparoena duena eta, bertan, izokin hazkuntzan aritzen dira nagusiki. Moluskuen arloan, berriz, Galizia da Europako ekoizlerik handiena.
Arrantzaleen mesfidantza
Mendizabalen esanetan, hainbat faktorek izan dute eragina akuikulturak euskal kostaldean errorik ez izateko. Horretan, esaterako, zeresan handia izan du arrantza tradizionalean aritu direnek jarduera honekiko azaldutako mesfidantzak.
Arrantzarekin historikoki lotura zuzena duten herri askotan akuikultura mehatxu gisa ere ikusi izan dela onartu du Idoia Mendizabal ikertzaileak, baina hori pixkanaka aldatzen ari dela nabarmendu nahi izan du: «Aurreiritziak izan dira, baina gutxika-gutxika egoera aldatu egin da. Guk Ondarroako arrantzaleekin izan dugu harremana eta mehatxu gisa ikusten zutena aukera izan daitekeela konturatzen ari dira».
Batez ere arrantza sektorearen osagarri gisa izan dezakeen balioan erreparatu du Mendizabalek, «zenbaitentzat ehunean ehuneko jarduera» izan daitekeela ere uste duen arren.
Katalunian izandako esperientzia jartzen du adibide gisara sektorearen baliagarritasunaz mintzo denean Azaro Fundazioko Behatokiko ikertzaileak. «Gironako Roses herriko kofradiak, arrantza sektoreak behera egin duela ikusita, uretako poligono bat jarri zuen itsasoan lupia hazkuntzarako. Arrantza jarduera makaltzen denean, arrantzaleak, lehorrean geratu beharrean, `kaiola' hauetara joaten dira euren barkuekin lupiak arrantzatzera», azaldu du. Beraz, ikertzaile honek nabarmendu duen moduan, Kataluniako arrantzale hauentzat akuikultura, lehiakorrago egiten dituen jarduera osagarria izateaz gain, lanpostuak mantendu ahal izateko bidea da.
Sektore osagarriak
Akuikultura arrantzaleen lanpostuak ez ezik, arrantzaren inguruan jarduten duten sektore osagarrietan aritzen diren langileenak mantentzeko ere baliagarria izango dela uste du Mendizabalek, besteak beste, saregintzan eta kontserbagintzan aritzen direnenak.
Itsas akuikulturan orain arte Euskal Herrian nagusiki ekoitzi den espeziea erreboiloa izan da. «Lehen espezie oso errentagarria zen erreboiloa, baina Galizian arrain hau ekoizten duten multinazional pare bat kokatu ziren eta horrek eta Greziaren ekoizpen handiak erreboiloaren prezioa jaitsarazi du. Horrenbestez, espezie hau ekoiztea jada ez da hain jarduera lehiakorra».
Oso argi du Mendizabalek errentagarriak diren espezieak identifikatu eta horien aldeko apustua egin behar dela. Mihi-arraina da, bere esanetan, horietako bat: «Egun balio komertzial handia du». Beste aditu batzuek, berriz, bisiguaren alde ere egiten dute merkatuan duen balioagatik.
Aurrerapenak sektorean
Uretako ekoizpena ahalbidetzeko teknologietan izandako aurrerapenak ere aipatu ditu Mendizabalek eta horiek akuikultura sektorea garatzen lagundu dutela nabarmendu du. Hiru dira, bere esanetan, azken urteotan izandako aurrerapen nagusiak: espezien ugalketa kontrolean izandakoak, biologiaren ezagutza handiagoa eta berariazko janarien garapena, hain zuzen ere.
Akuikulturako teknologien arloan ere aurrerapen asko izan dira eta, ondorioz, «Euskal Herriak bezala akuikulturan aritzeko aukera gutxi duten lurraldeen beharretara egokitzen dira gaur egun». Hala, Azaro Fundazioko Behatokiko ikertzaileak dioenez, «gaur egun badira merkatuan hainbat teknologia itsasertzetik urrun ere kokatu daitezkeenak, eremu askoz ere txikiagoak erabilita ekoizpen tasa bera eskaintzen dutenak».
Izan ere, akuikulturaren garapena oztopa dezakeen faktoreetako bat euskal kostaldea baliatzen duten jardueren arteko lehia handia da. «Hemen turismoak eta eraikuntzak indar handia dute eta akuikulturak nolabait bi horiekin egin behar izan du lehia», azaldu du.
Zailtasunak zailtasun, administrazioek ere akuikulturan gero eta arreta handiagoa jartzen dutela onartu du Mendizabalek. Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldearen kasuan, 2008az geroztik Lakuako Gobertua EAE-ko Akuikulturaren Plan Zuzentzailea prestatzen ari da eta bertan akuikultura garatzeko jarraibide zehatzak jasotzen dira. «Plan horretan aztertu eta jaso dira zeintzuk diren espezie lehiakor nagusiak, erabiliko diren teknikak, jarraitu beharreko ikerketa lerroak, beharrezko azpiegiturak...».
Hain zuzen ere, administrazioen laguntza ere aipatu arren, sektoreko enpresen eta agente estrategikoen elkarlana jotzen du ezinbestekotzat Mendizabalek akuikultura sare industrial sendoa osatzeko: «Guztiek, eta era bateratuan gainera, ekarpena egin behar dute».
Heziketa ere oinarrizkoa da akuikultura sustatzeko, eta sektorea hartzen ari den indarraren seinale dira arlo honetan espezializatzeko ikasketak. Izan ere, 2004-2005 ikasturtean jarri zen martxan Akuikultura zikloa Mutrikun. Ez da bakarra, Senperen ere badago antzeko beste ziklo bat; Lapurdikoa, aldiz, batik bat akuikultura kontinentalari buruzkoa da.
Heziketa eta trebakuntza
Euskal kostaldean ez bada, beste kostalderen batean egokitu beharko dute akuikultura enpresek. Izan ere, jakina da itsasoak ezin diola jada arrain eskaerari erantzun eta etorkizunean ere kostaldean hazten diren arrainek garrantzi handia izaten jarraituko dutela.
Euskal Herriari dagokion datu zehatzik ez dago, baina Estatu espainolean jandako lupia eta urraburuen %78 haztegietatikoak ziren 2000. urtean. Azken urteotan sektoreak ezagutu duen garapena kontuan hartzen bada, pentsatzekoa da itsaso zabalean arrantzatutako lupia eta urraburuak ia salbuespen direla jada.




