GIZARTEA/ HEZKUNTZA -

Lakuako Hezkuntza Sailak Hernaniko eta Beasaingo hainbat ikastetxe batzea erabaki du. Eta agindu moduan egin du jakinarazpena; fusioa bai ala bai. Ondorioz, 2010-2011 ikasturtean DBHko lehen maila egin behar duten 12 urteko neska-mutikoak oraindik existitzen ez diren zentroetan matrikulatu behar dituzte gurasoek. Hori da, behintzat, agindua.

Ilusioarekin eta proiektu propioan sinetsiz egin du bidea Langile ikastolak

Amagoia Mujika

2010ko Otsailaren 05a

Hernanin eta Beasainen 12 urteko seme-alabak dituztenek oraindik existitzen ez diren zentro banatan aurrematrikulatu beharko dituzte. Horrela erabaki du Gasteizko Gobernuko Hezkuntza Sailak eta 2010-2011 ikasturtean DBHko lehen maila egin behar dutenei proiektu horixe eskaintzen die: eskola mamu bat.

Herri batean zein bestean, gaur egun dauden DBHko zentro guztiak fusionatzea erabaki du Lakuak eta erabaki hori inposaketa moduan iritsi zaie ikastetxeei. Hartara, zalantza eta haserrea sumatzen dira bi herrietan. Aurrematrikulazio epea zabalik da dagoeneko, eta bai Hernanin bai Beasainen gurasoen artean galdera bat nagusi da: «Nola matrikulatu seme-alabak existitzen ez den zentro batean eta zehaztu gabe dagoen proiektu pedagogiko batean?».

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza 1996. urtean ezarri zen eta orduan finkatu zen egun indarrean dagoen eskola mapa. «Orduan ez genuen espero Hernanin hiru DBH izatea eta garai hartan harremanetan jarri ginen herriko beste ikastolekin eta proiektu bat egin genuen. Aurreikusten genuen fusioa gertatu egingo zela eta ondo egin nahi genuen», gogoratu du Pello Erdoziak, azken 30 urteotan Langile ikastolan irakasle denak.

Eskola mapa egin zutenean ezustea izan zen, azkenean Hernanin DBHko hiru zentro ezarri baitziren. Ordutik urte dezente joan badira ere, Hezkuntza Sailetik behin eta berriz gogorarazi diete fusioaren kontua hor zegoela, «baina beti arazoa gurea balitz bezala, gure artean konpondu beharko bagenu bezala», zehaztu du Ixiar Egigurenek. Ixiarrek ere 30 urtetik gora eman ditu Langilen irakasle.

2005 eta 2007 artean Hezkuntza Sailak norabide horretatik egin zien proposamena Hernaniko ikastetxeei; herri mailan lan egin eta elkarren artean adostasunak topatzen saiatzeko agindu zien. «Ikastetxe guztiak elkartu eta lan bat egin genuen. Baina une hartan ikusi genuen puntu batzuetan adostasuna lortzea ezinezkoa zela. Eta 2007 amaieran txosten bat egin zen bilera haietako ondorioak jasoaz. Hezkuntza Sailak, bere aldetik, jarrera ofizial bat aurkezteko eskatu zuen. Herriko beste ikastetxeak fusioaren alde agertu ziren eta Langile, kontra. Baldintza haietan fusiorik ezin zela eman esan zuen Langilek, horrelako proiektu garrantzitsu batek lanketa sakonagoa eta serioagoa behar zuela. Erantzun hori lan asko egin ondoren eman zen, bilera eta hausnarketa askoren emaitza izan zen. Eta elkarrekin lanean segitzeko proposatu genuen», laburbildu du Kistiñe Lujanbio gurasoak.

Ordutik, ez zuten ez erantzunik ez proposamenik jaso Hezkuntza Sailetik, harik eta jakinarazpena 2009. urteko amaieran agindu moduan etorri zaien arte. «Hezkuntza Sailak mahai gainean hauxe jartze digu: fusioa bai ala bai. Dagoeneko hasi da zentro berri horretarako matrikulazioa, DBHko lehen mailakoak hara nahi dituzte bidali. Eta ez dakigu zein proiektu pedagogiko izango duen, nola funtzionatuko duen, zein izango den zuzendaria, irakasleria, ez dauka izenik eta legalki ez da existitu ere egiten. Eta gure seme-alabak existitzen ez den zentro batean matrikulatu behar ditugu», agertu du Urtzi Errazkinek, Langile ikastolako guraso eta ikasle ohia denak.

Informazio eza salatu dute

«Langilen ohituta gaude erabakiak denon artean hartzen eta informazio osoa izaten. `Orain beste zentroekin elkartuko gara' esan eta guraso gehienek zentro berri hori nolakoa izango den, proiektua nola egingo den, beraiek egiteko edo esateko zerbait ba ote duten jakin nahiko dute. Gu horrela gaude ohituta eta badirudi hori askotan ez dela ondo ulertzen. Eta informazio garbia eta osoa ez baldin badago, guraso askok seme-alabak hartu eta Donostiako zentro batera eramango dituzte, askotan egin den bezala. Eta guk hori ez dugu nahi. Fusioa egiten bada Hernanirentzat onura izatea nahi dugu, ez galera. Eta guk garbi ikusten dugu hau gaizki egiten bada -inposatuta eta inorekin kontatu gabe-, jendea ez dela gustura geratuko», jarraitu du Ixiarrek.

Hezkuntza Sailaren aurreikuspenen arabera, 2010-2011 ikasturtean hasiko da fusioa eta hasiera batean 12 urtekoekin bakarrik hasiko da, DBHko lehen mailarekin. Hartara, herriko 12 urteko neska-mutilak Institutuan matrikulatu behar dituzte. «12 urteko ikasleak 18 urtekoekin zentro berean nahastuko dituzte eta hori ere ez dugu oso egokitzat jotzen. Astakeria astakeriaren gainetik egiten dute. Forma aldetik ez da zentzuzkoa tamaina horretako proiektua arinkeria horrekin egitea. Eta eduki aldetik, ikastetxe mamu bat da, proiekturik, ildorik eta norabiderik gabea», salatu du Kistiñek.

«Beraiek ere onartzen dute ez dakitela nora doazen. Hezkuntza Sailetik bertatik onartzen dute hiruzpalau urte beharko direla zentroak nolabaiteko normaltasunez funtziona dezan. Orduan, zertarako jarri martxan dagoeneko? Zergatik ez luzatu epeak proiektua txukun lantzeko? Eta hiruzpalau urte horietan zer gertatzen da ikasleekin? Ez da txantxa, hezkuntzari buruz ari gara, gure seme-alabez ari gara», jarraitu du Urtzik.

Langile ikastolan erabakiak beti denen artean hartu izan dituzte. «Erabaki gogorrak hartu behar izan ditugunean ere, beti denen artean eztabaidatu izan dugu. Eta gehiengoaren hitza bete izan da. Eta administrazioak ez du hori ulertu, oso trakets ari dira jokatzen. Hernani ez da plaza erraza, baina azken urte hauetan aukera desberdinak lantzeko modua izan da eta ez dute ezer egin. Eta hartu duten bidea okerrena da, beste aukera batzuk egon badira ere», iritzi dio Pellok.

Ezjakintasuna, ziurgabetasuna eta egonezina nagusi dira irakasleen eta gurasoen artean eta beldur dira Hezkuntza Sailaren erabakiaren ondorioz ikasle askok beste herri batzuetara alde egingo dutela beren ikasketekin jarraitzeko. «Lakuak esaten du fusioaren helburu nagusietako bat ikasleak Hernanin gera daitezen dela eta juxtu kontrakoa lor dezake inposaketa honekin», jarraitu du Urtzik.

Azken hilabeteotan ekimen desberdinak deitu dituzte Langile ikastolako gurasoek eta bide beretik jarraituko dute. «Guk eztabaidatu eta akordio batera iritsi nahi dugu eta ez dugu etsiko. Matrikulazio epea amaitzen denean berriz ere Hezkuntza Sailekoekin elkartzeko eta denon artean irtenbide on bat topatzeko itxaropena daukagu», jarraitu du Kistiñek.

Langilekoek badute proposamen zehatza buruan; Hernanin DBHko bi zentro izatea. «Gure proiektuak funtzionatzen du, matrikulazio datuak hor daude. Jendea gustura dago ikastola honetan eta bertan jarraitu nahi du. Ba, manten dezatela. Eta beste ikastetxeak dituzten arazoak aztertu eta zentro batean konpon ditzatela hutsuneak. Azpiegitura aldetik-eta egin daitekeen zerbait da eta bi DBH horiek elkarlanean arituko lirateke, lanean batera. Eta herriak ere aukera zabalagoa izango luke», agertu du Urtzik.

Beasaingo Alkartasuna

Beasaingo Alkartasuna Lizeoan ere antzeko egoera bizi dute. Bertako Guraso Elkarteko ordezkari batek agertu dizkigu Lakuaren proposamenaren nondik norakoak. «Guk fusioaren berri 2006an izan genuen. Hasiera batean proposatu zuten herriko hezkuntza publikoko zentro guztiak elkartzea eta espazioak eta egiturak horren arabera banatzea». Lakuaren kontaketaren arabera, hezkuntza publikoko bost zentro daude Beasainen: Alkartasuna Lizeoaren bi zentroak (Lehen Hezkuntza-Haur Hezkuntzako bat eta DBHko bat); Muruamendi ikastetxearen Lehen Hezkuntza-Haur Hezkuntzako zentroa; Loinazko DBHko zentroa eta azkenik, Batxilergoko Institutua.

«Hasiera batean fusioa maila guztietan ematea proposatu zuten eta gurasoen kontrakotasun erabatekoa topatu zuten aurrez aurre. Gaur egun proposamena aldatu dute: Orain DBH eta Batxilergoko fusioa egitea proposatu dute eta esaten dute ondoren hitz egingo dugula beste guztiaz. Eta guk garbi ikusten dugu ondoren zer etorriko den; Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako fusioa».

Alkartasuna Lizeoko Guraso Elkarteak ez du begi onez ikusten proposamen hori. «Beasainen hezkuntza mailan arazoak baldin badaude, arazo horiek mahai gainean jarri eta banan-banan aztertzeko proposatzen diegu guk. Eta denon artean erabaki dezagun zein den irtenbiderik egokiena, aurrez uste izan gabe fusioa dela bide bakarra. Guk benetako arazoak zeintzuk diren identifikatu eta horiei aurre egin nahi diegu», jarraitu dute Guraso Elkartetik.

Lehenik eta behin fusioa beharrezkoa den edo ez ikusi behar dela nabarmendu dute. «Gure ustez badaude beste aukera batzuk herri mailan arazo txikiagoak sortuko lituzketenak», jarraitu dute. Bide horretan, prozesua urtebete atzeratzeko proposatu diote Hezkuntza Sailari. «Orain korrika eta presaka ari dira, inprobisazio hutsean. Erabateko prekarietatea eta inprobisazioa ikusten dugu. Horregatik eskatzen diogu administrazioari prozesua urtebetez atzeratzeko. Eser gaitezen, erabil ditzagun bizikidetzarako dauden bide normalak, har ditzagun argudioak eta arrazoiak eta azter dezagun benetan mahai gainean zein arazo dauden. Eta ea iristen garen denon artean adostasun batera», jarraitu dute. Izan ere, «beharrezkoa» ikusten dute horrelako erabaki bat hartu aurretik gutxieneko adostasun batzuk lortzea.

Hernanin bezala, Beasainen ere DBHko lehen mailarekin hasiko litzateke zentro berri hori. Hori da, behinik behin, Lakuaren proposamena. Baina Beasainen garbi samar ikusten dute aurrera begira DBHko zentroak ez ezik, Haur Hezkuntzakoak eta Lehen Hezkuntzakoak ere batu nahi dituela Gasteizko Gobernuak. «Etorkizunean ez dakigu zer izango den, baina benetan kezkatzen gaitu une honetan tartean harrapatuko dituen ikasleak nola egongo diren. Eta guretzat ez dira ikasleak, guretzat seme-alabak dira», jarraitu dute.

Alkartasunako Guraso Elkarteak elkarrizketaren bidea hautatu du. Arartekoaren bulegoan kexu formal bat aurkeztu dute eta erantzun baten zain daude. Beste ikastetxeekin eta Beasaingo Udalarekin ere harremanetan jarri dira: «Aukera gehiago badaudela esan nahi diegu denei, fusioa ez dela beharrezkoa, ez dituelako konponduko beraiek ikusten dituzten arazoak. Eta, batez ere, ez dela dagoen aukera bakarra».

Gasteizko Gobernuko Hezkuntza Sailaren iritzia ere bildu nahi izan du GAUR8k, baina Hezkuntza Sailetik ez du erantzunik jaso.