Josu Juaristi
2010ko Otsailaren 05a
Fase berri bat, estrategia berriak, konpromiso berriak» adierazi, idatzi eta landu dituzte ezker abertzaleko buruzagiek azkenaldi honetan. Horrela idatzi zuten, esate baterako, Arnaldo Otegik, Rafa Diezek, Sonia Jacintok, Miren Zabaletak eta Arkaitz Rodriguezek joan zen azaroaren 8an espetxetik bidalitako gutunean; horrela adierazi zuen Rufi Etxeberriak ere GARAri emandako elkarrizketan; horrelaxe dator idatzita bai Altsasuko Adierazpenean bai Batasunak eztabaidara eramaniko txostenean, ezker abertzaleko oinarri sozialak eta militanteek berretsi eta bultzatu duten txostenean alegia, azken egunotan jakin izan den moduan; eta beste hainbatek eta hainbatek. Ezker abertzale osoari dagokio horren aplikazioa, baina, gauzatzeko barneratu egin behar da. Indar metaketak, gizartearen aktibazioak eta horiek sostengatu eta burura eraman beharko dituen prozesu demokratikoak hori guztia eta gehiago eskatuko du. Elkarlana eta gauzak beste era batera egiteko modu bat, modu hedatu bat, konpartitua, adostua eta anbizioz betea. Elkarlanaren kontua ETAk ere nabarmendu zuen bere azkeneko agirian («Hau da lanerako borondatea izan dezaketen guztiei eskaintzeko duguna, bakoitza bere izate eta nortasunari eutsiz ideia eta proiektu baten inguruan elkarlanean aritzeko gaitasuna»). Elkarlanak, jakina, zerbait konpartitua esan nahi du, arazoei, egoera berriei edo egoera zahar berriei aurre egiteko modu berri edo desberdin bat, gauzak azalduz, hitz eginez, bideak konpartituz. Anitzen arteko elkarlana da indar metaketa, helburu batzuekin, konpromiso batzuekin.
Bilatzen den fase politiko berrian sartzeko eragile politiko zein sozial guztien parte hartzea ezinbestekoa da zutoin berriak altxatuko badira profil estrategikoko erabakiekin. Elkarlanerako esparruak -ahalik eta eremu gehienetan- zabaltzea ezinbestekoa da, beraz. Eta hori hain justu horrelaxe islatu da «Fase politikoa eta estrategiaren argipena» dokumentuan eta herriz herri eta auzoz auzo urritik hona ezker abertzaleak eginiko eztabaida prozesuan; dokumentu horretan finkatutako helburuak, estrategiak eta anbizioak babestu eta berretsi dituen eztabaida prozesuan alegia.
Egun eremu soberanistan kokatuta dauden edo kokatuta izatea espero diren hainbat eragile horrelako eskaintza sendo baten zain daude. Bide hori, esparru eta eremu batzuetan, gaurtik egin daiteke, beste batzuetan dagoeneko egiten ariko diren moduan.
Finean, orriotan lehenago ere nabarmendu dugun moduan, elkarlanak azterketa eta agenda bateratuak ere eskatzen ditu eta eskatuko ditu, gero eta gehiago. Eta agenda bateratuek ekinbide eta ekimen bateratuak sortuko eta bultzatuko dituzte. Adibide bat jartzearren, joan zen larunbatean Euskalduna Jauregian Euskal Herria Adierazi ekimenak emaniko irudia nabarmen daiteke. Irudi indartsua bertan egon zen edonorentzat, zalantzarik gabe, oinarrizko eskubide zibil eta politikoen alde egin beharreko bidean. Anitza ere izan zen. Baina, dagoeneko egoera zehatz batzuen aurrean eman den elkarlanaren ispilu edo etorkizuneko eredu izan nahi badu, elkarlan hori prestatze lan konpartituetara ere eman beharko da, abiapuntutik, besteekin helburuak konpartitzetik ekimenak diseinatzeraino eta lantzeraino. Ezinbestekoa da, elkarlan estrategikoa benetan gauzatuko bada. Nork tiratzen duen ikusiko da gero, baina ahal bada lehenengo unetik jarri behar dira sokan egon nahi duten guztiak tiraka, inork ez dezan pentsa irudirako bakarrik deituko zaionik, aniztasunaren izenean. Aniztasuna elkarlan bilakatzeko eta elkarlana zabaltzeko agenda bateratuak edo konpartituak landu behar dira, profil estrategikoa duten eta izango duten erabakiak etorriko badira.




