Hemezortzi pertsona, gaztetxoak gehienak, hil zituzten joan den igandean Mexikoko Ciudad Juarez hirian, munduko marka guztiak hausten ari den lekuan. Felipe Calderon presidentearen Gobernuak abian jarritako estrategia berria era horretan agurtu zuten narkotrafikatzaileek, begiraleek egin duten irakurketaren arabera.
2010ko Otsailaren 05a
Mexikoko Ciudad Juarez hiriak marka guztiak hausten ditu. Ezagun egin zen bertan hiltzen zituzten emakumeen kopuru ikaragarriagatik eta azken bi urteotan berea da beste marka negargarri bat: munduko hiririk biolentoena izatea, 100.000 biztanleko 165 pertsona hiltzen baitituzte bertan, oso arriskutsutzat ditugun New Orleansen, Bogotan edo Bagdaden baino gehiago.
Mexikoren eta AEBen arteko mugan kokatutako hiria da, Chihuahua estatuan. Erabat militarizatuta dago Ciudad Juarez, izan ere, Mexikoko legez kontrako ekonomian indartu diren kartelen aurkako gerra odoltsuaren epizentro bihurtu zen. Eta kartel horien arteko gerraren epizentro ere bai.
Joan den asteburuan, esaterako, etxe batean elkartutako gaztetxo batzuk hil zituzten tiroka. Hamahiru gazte eta bost heldu hilda, nahiz eta hiria uniformedunez josita dagoen. Asteazkenean atxilotu zuten ustezko hiltzailea, eta berak esan zuen gaztetxo horiek beste kartel baterako lanean ari zirela uste zuela narkotrafikatzaile batek, eta horregatik agindu ziola sarraskia egiteko.
Hildakoen gurasoek berehala esan dute gaztetxoek ez zutela loturarik legez kontrako droga saltzen duten kartelekin, eta Felipe Calderon presidenteari egotzi diote ardura. Agintariaren etxe aurrean egin zuten protestaldia joan den asteartean.
Gero eta soldadu gehiago
2008ko martxoan, Felipe Calderon presidentearen Gobernuak 2.000 soldadu eta eliteko 500 poliziakide bidali zituen bertara ordena ezarri eta segurtasuna leheneratzeko aginduarekin. Baina indarkeriak ez zuen etenik izan. Are gehiago, eraso kopuruak gora egin zuen.
Erabaki horrekin ezer ez zela konpondu ikusita, segurtasun nazionalaren arduradunak elkartu zituen presidenteak iazko otsailean, orain urtebete alegia. Soldadu gehiago (beste 8.500 inguru) bidaltzea erabaki zuten. Gainera, dagoeneko Chihuahuako hirian zeuden 1.600 poliziakideei laguntzeko, beste 2.300 agente federal bidali zituzten Ciudad Juarezera. Azkenik, iazko abenduaren 28an, GAFE Indar Berezien Talde Mugikorreko 350 lagun iritsi ziren hirira. Azken horiek «ezkutuko misioak» egiten dituztela esan dute hedabideek.
Hobi komunak
Hala ere, Ciudad Juarezek marka gehiago hautsi zituen 2009an. Urte horretan 2.658 pertsona hil zituzten. Hildakoen artean 4 militar, 60 poliziakide, 125 adin txikiko, 164 emakume eta 32 estatubatuar zeuden. Horietako 23 laguni lepoa moztu zioten. 168 hildako hobi komunean lurperatu zituzten.
Ciudad Juarezera bakea eramateko egitasmoak porrot egin zuen. Felipe Calderonen drogen aurkako estrategia militarra hilzorian geratu zen eta batek baino gehiagok eskatu zion Mexikoko presidenteari estrategia hori aldatzeko. Urtarrilaren 12an iritsiko zen «estrategia berria». Gobernuak jakinarazi zuen Chihuahua estatuan egiten dutena aldatu egingo dutela. Bi hitzetan esanda, militar gutxiago eta poliziakide gehiago. Egitasmoaren izena ere aldatu da: «Chihuahua Operazio Koordinatua» deituko diote, «Chihuahua Batera Egindako Operatiboa» zenari.
Orain arte militarrek hartzen zituzten erabakiak, eta aurrerantzean, aldiz, Genaro Garcia Lunak zuzentzen duen SSP Segurtasun Publikorako Idazkaritza Federalak hartuko ditu. Orain arte Ciudad Juarezeko kaleetan ikusten genituen militarren ordez, Polizia Federaleko agenteak ikusiko ditugu hemendik aurrera.
Soldaduak auzoetara bidaliko dituzte, arrisku handiko lekuetara, hautsa nagusi izaten den kolonia pobreetara, errepideetara eta herrixketara. SSPk jakinarazi duenez, Ciudad Juarezeko krimenaren aurkako borrokaren fase berrian puntako teknologia erabiliko dute: piloturik gabeko hegazkinak, globo aerostatikoak eta satelite bidezko zaintza.
Gainera, indar operatibo berriak 100 ikertzaile izango ditu, bahiketa eta estortsioen inguruko salaketak iker ditzaten. Beste aditu talde batek krisi eta negoziazioetarako aholkuak emango ditu, eta taktikak aztertuko ditu.
Calderon presidenteak aste honetan bertan hitz egin du Ciudad Juarezeko estrategia berriaren inguruan. «Estrategia integrala» behar dela esan zuen, eta drogomenpekotasunak tratatzeko baliabideez gain, gazteei hezkuntza eta lana eman behar zaiela, eta astialdirako alternatibak.
Baloreak eta errespetua
Baloreak ere aipatu zituen Calderonek, gazteek bizitza estimatzen ikasi behar dutela, zertarako den bizitza, besteenganako errespetuz jokatu behar dela, «eta hori, arrazoiren batengatik, galtzen ari da hemen eta herrialdeko beste leku batzuetan».
Oraindik ez dago benetako estrategia aldaketa baten aurrean gaudela esaterik. Ez ote da izango Armadak galdu duen sinesgarritasuna kontuan hartuta hartutako taktika aldaketa bat, besterik gabe? Luis Garfias jeneral erretiratuak uste du militarrak hiritik ateratzeak Armadaren irudia kaltetuko duela.
Manuel Camacho Solis oposizioko buruak nabarmendu du Gobernuak ezarritako politikak porrot egin duela eta Ciudad Juarezek gauza gehiago behar dituela, «Poliziari babes teknologiko eta inteligentzia gehiago ematea» ez dela nahikoa. Andres Manuel Lopez Obrador PRDko hautagaiari babesa eman zion DIA taldeko koordinatzaileak uste du politikak legearen magalera itzultzea behar duela Ciudad Juarezek; Agintea bera berreraiki egin behar dela, eta lehen egindako gehiegikeria guztiei amaiera eman; eta eremu urbanoak berreskuratu behar direla. Edonola ere, Camachok uste du Mexiko osoan Armada Poliziaren indarrek ordezkatzen badute, narkotrafikoaren arazoa segurtasun publikoko kontu baten gisara ikusten hasiko ginatekeela, eta ez segurtasun nazionalaren aurkako mehatxu moduan.




