-

Maider Iantzi

2010ko Otsailaren 05a

Hego Koreako Gobernua funtzionarioak etxera goizago bidaltzen hasi da, haur gehiago izan ditzaten. Hala jakinarazi zuen orain dela egun batzuk BBCk. Osasun Sailaren aginduz, arratsaldeko zazpietan itzaltzen dituzte argiak, langileak lehenago atera daitezen eta denbora gehiago eman dezaten maite duten jendearekin. «Ahaztu zaitez oraindik bukatu ez duzun txostenaz edo mahai gainean pilatutako lanaz. Egun hotz eta euritsu honetan ez dago aitzakiarik bulegoan berandu arte gelditzeko», azaldu zuen BBCk Seulen duen berriemaileak, John Sudworthek, Gobernuaren ekimenari erreferentzia eginez. Izan ere, herrialde honetako jaiotze tasa mundu osoko baxuenetakoa da; Japoniak ere gainditzen du.

Sudworthen arabera, Gobernuaren lehentasuna neska-mutiko gehiago jaiotzea da, herrialdea azkar zahartzen ari baita. Ondorioz, lan-esku gutxi dute eta izugarri igo dira osasun zerbitzuetako gastuak. Horren aurrean zerbait egin behar dela-eta, hilero errepikatuko dute bulegoetako argiak lehenago itzaltzeko esperimentua.

Berriemaileak gaineratu zuenez, Osasun Saila -batzuek «Kasamentero Saila» deitzen hasi dira- da neurri hau zabaltzeko ardura hartu duena eta bertako langileek izan behar dute lehenengoak aplikatzen, gizartearentzat eredu izateko. Horretan laguntzeko, ume bat baino gehiago duten funtzionarioei opari politak eskaintzen dizkiete eta Sail Publikoak bilera sozialak antolatzen ditu bere burokraten artean maitasuna sustatzeko asmoz. Baina gauzak ez dira itxura batean eman dezaketen bezain errazak. Esperimentu honen kontra mintzatu denik ere bada, eta hauek ziurtatu dutenez, egiatan behar dena erreforma orokor bat da, haurrak zaintzeak eta hezteak eskatzen duen kostu ikaragarriari aurre egiteko, hori baita bikote gazte anitzek seme-alabak izateko erabakia hartzea eragozten duena.

Albistea zabaldu bezain laster hasi zen jendea Interneten iritzia ematen. Adibidez, www.carceldeamor.net webgunean honako galdera luzatu dute: sexu praktika aldatu egiten al da gizartea gidatzen duen sistema politiko eta ekonomikoaren arabera? Gauza bera al da sexu harremanak Ipar Korean eta Hego Korean izatea? Politikaren gainetik dago sexua? «Sexuak, materialismo dialektikoaren bidez, muga nazional, komunista eta kapitalista guztiak gainditzen ditu», idatzi dute. Dialektika bikoitza da, ez soilik berdintasun sexualaren eta sistema politikoaren artean ezarritakoa, emakumeek sistema komunistan eta kapitalistan duten tokiaren artekoa ere bai. Webgunean ohartarazten dutenez, nazio bat ez da sexuari dagokionez aurrerakoia izanen kapitalismoaren aurreiritzi burgesetatik askatu ezean eta sexu berdintasunaren benetako arrazoiei heldu ezean.

Bertze webgune batzuk aipatzearren, Txileko www.publimetro.cl-k eta Mexikoko www.exonline.com.mx-ek ere zabaldu dute BBCren berria. Azken honetan jakinarazi dutenez, badira bulegoak langileei atseden hartzeko, ariketak egiteko edo, bertzerik gabe, elkarrekin egoteko tarteak ematen dizkietenak, baina Hego Koreakoak harago joan direla ematen du. Esperimentua hasi bertzerik ez dute egin eta oraindik ikusteko dago zer emaitza emanen dituen. Adi egonen gara, badaezpada ere!